Euskal Elkargoak aurrekontu eztabaidatsuak izan ditu aurten, eta Bil Gaiten eta Elkarrekin Herriarentzat talde politiko berriei baliabideak jari zaizkie. Elkargoak otsailaren 4an egin zuen urteko lehen batzar orokorra. Eztabaida piztu zen orduan, hilabete bat berantago, hots, martxoaren 4an bozkatuko zuten erakundearen aurrekontuen gaiarekin. Hautetsi batek baino gehiagok argitasun falta deitoratu zuten, eta lurraldekako ikuspegi bat galdegin berriz ere, jakiteko Elkargoak zenbat diru inbertitzen zuen eremuka. Jean-Rene Etxegarai Elkargoko lehendakaria «konfiantza faltaz» pleinitu zen, baina, Kotte Ezenarrok buxeta lehendakariordeak jada egin zuen bezala, hitzeman zuen lurraldekako kalkulu horiek ezagutaraziko zituztela. Ez da etorri. Urrian, BERRIAri eman elkarrizketan berretsi zuen zina Etxegaraik: «Ondoko asteetan, berantenik hilabeteetan, aurkeztuko dugu».
Martxoaren 4an bozkatu zuen, beraz, Elkargoak aurrekontua: 516 milioi eurokoa. 304 milioi, funtzionamendurako, eta 212 milioi, inbertsioetarako. 133 hautetsik alde bozkatu zuten, 22k kontra, eta 55 abstenitu ziren. Lehen aldia zen aurrekontuekin hein horretako oposizioa agertu zela. Kari horretara, joan den urte hondarrean sortu bi talde politikoek —Bil Gaiten eta Elkarrekin Herriarentzat— baliabideak eskatu zituzten araudiak onartzen dien gisan, baina ez zen halakorik agertu buxetaren lerroetan. Baliabide horiek berantago jinen ziren urtean.
Zehazki, maiatz erditsutan bozkatu zuen Elkargoko batzarrak baliabideen atala. Bil Gaiten eta Elkarrekin Herriarentzat taldeek 85.000 euroko diru saila izan dute kolaboratzaile bana enplegatzeko. Etxegarairen inguruko hautetsiengandik agertu ziren berriz ere kritikak talde politiko horiei buruz, bozka egin aitzin. Etxegaraik berak ez zituen begi onez ikusi talde horiek, eta BERRIAko elkarrizketan berretsi zuen ez zuela prezatzen Elkargoari egiten zitzaion zentralismo oharra. Beste gobernantza bat eskatzen duten hautetsien oharrei buruz, gehitu zuen «entzuten» dituela kritikak, baina «batzuetan» ezin dituela «jasan, bereziki batzuengandik heldu direnean».
Bagira prozesua
Bagira prozesua abiatu zuten urte hastapenean. XXI. mendeko «mugimendu abertzalearen» birdefinitzea hartu du xedetzat. Bilkura publikoak eta tailerrak antolatu dituzte bultzatzaileek, eta aurkezpenaren lehen fasea apirileko Aberri Egunean bururatu zuten, Itsasun.
Bagira prozesuko animatzaile Txomin Povedak 2024ko Aberri Eguna arteko epea eman zuen mugimendua birdefinitu eta egituratzeko. «Ukan nahiko genuke mugimendu bat, bere aniztasun guziekin, baina mugimendu gisa pentsatzen duena. Bide orri batekin atera nahi genuke, eta ondotik hori martxan eman».
Udaberrian inkesta bat eraman zuten birdefinitze hori helburu. Galdetegi bat zabaldu zuten eta «XXI. mendeko abertzaletasuna» definitzeko zortzi aukera proposatu zituen Bagira-k, 10en gain zenbaki bat jarriz: euskarak 9,4 emaitza atera zuen; burujabetza politikoak, 8,7; Euskal Herriarekiko atxikimendu sentimentalak, 8,6; burujabetza energetikoal, elikadurakoak, hedabideetakoak..., 8,5; euskal nazioa, zazpiak bat-ek, 8,3; ekologismoak, 8,2; feminismoak, 8; eta sozialismoak, 7,7. Deigarria da ikustea galderak erantzun dituztenen %10,5 Euskal Herriaren independentziaren kontra direla.