Baionako karriketan bilduko dira indarkeria matxista salatzeko

Azaroaren 25a Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da. Baionan bi elkarretaratze eginen dituzte: 18:30ean Sutan kolektiboak deitua eta 20:00etan Itaiarena. Haientzat, ez du egun bakarreko afera izan behar.

Iragan urteko azaroaren 25eko Baionako manifestazioa. PATXI BELTZAIZ
Iragan urteko azaroaren 25eko Baionako manifestazioa. PATXI BELTZAIZ
Joanes Etxebarria.
2024ko azaroaren 23a
05:00
Entzun

Nazio Batuen Erakundeak 1999ko abenduan hautatu zuen azaroaren 25a Indarkeria Matxistaren Kontrako Egun gisa. Efemerideak badu sinbolo azkarra: Patria, Minerva eta Maria Teresa Mirabal Dominikar Errepublikako militante politikoak hil zituzten 1960ko azaroaren 25ean, Rafael Trujillo buruzagiaren manuz, aitzinetik behin baino gehiagotan presondegiratuak, bortxatuak eta torturatuak izan ondotik. Nazioartean markatzen da egun hori, eta aurten bi deialdi izanen dira Baionan: 18:30ean, herriko etxe aitzinean elkartuko dira, besteak beste Ihurtzuri gazte taldeak osatzen duen Sutan kolektiboak deiturik, eta 20:00etan merkatu plazan, Itaia antolakundeak deiturik.

Egun horretan mobilizatzeko deia egiten dutenentzat, argi da ez duela egun bakarreko afera izan behar, baina balioa ematen diote egunari, halere. Itaia taldeko kide Elixabet Etxandiren ustez, begi bistakoa da «borroka» ez dela «egun horretara mugatzen», baina, haren ustez, indarkeria matxistaren kontrako egunak «mobilizatzeko aukera bat ekartzen dio jendeari, eta balio du normalizatzeko borrokatu behar den zerbait dela».

Azaroaren 25ari, «zorionez, geroz eta garrantzi handiagoa ematen zaio», Ihurtzuri taldeko Andrea Ibarraren erranetan: «Anitzetan, nazioarteko egun horiek sortuak dira desagertzeko helburuarekin, Euskararen Eguna izan daitekeen bezala, injustizia bat badelako eta horri aurre egin nahian aldarrikapen batean gorpuzteko». Ebidentzia gisa aipatzen dute bi eragileek egun oroz «borrokatzeko beharra», eta ez Azaroaren 25ean bakarrik.

Gizarte indarkeria

Indarkeria matxistak, hilketak eta bortxaketak «icebergaren punta» dira, Ibarrarentzat, ikusgarrienak eta bazter orotan aipatzen direnak. «Baina azpian badu egitura oso bat: hasten da etxetik, haurren heziketatik, gizartearen egituraketatik... eta instituzioetatik ere hasten da», Ihurtzuriko kidearen ustez. Pozgarria bazaio ere herriko etxeetan eta Euskal Hirigune Elkargoan diskurtso feminista berenganatzea, argi mintzo da: «Ez du deusetarako balio hitz hutsak baldin badira». Ber gisaz okaztagarri zaio Azaroaren 25ean «karrikara atera eta morez janztea baina urte guztian jarrera matxistak ez kondenatzea edo jarrera horiek ukaitea».

«Nahiz eta diskurtso feminista garatu den, parean normalizatu dira jarrera matxista anitz»

ELIXABET ETXANDIItaia antolakundeko kidea

Etxandik, berriz, oihartzun egin dio Itaiaren azterketa marxistari: «Uste dugu instituzioak ez direla tresna neutroak, estatua neutroa ez den heinean; beraz, argiki hor dira gaur egungo gizartearen ordena mantentzeko. Eta gaur egungo gizartea klase gizarte bat denez, haren interesetan da indarkeria matxista hori mantentzea forma guztietan, klase batek irabazi gehiago egiteko eta bortizkeria horien bidez langile klasea zatitzeko, emaztea eta emazte langileak gehienik pertsona zapalduenen gisan atxikiz».

14062222
Itaiaren babesgunearen berri ematen zuen banderola, uztailaren 10ean, Baionako bestetan. PATXI BELTZAIZ

Ipar Euskal Herriko besta anitzetan martxan ezartzen dituzte indarkeria sexisten kontrako geroz eta protokolo gehiago. Horietarik batzuk —Baionako bestetako babesgunea, besteak beste— Itaiak ezarri ditu plantan. Etxandik erran duenez, eremu zabalagoa irabazi du feminismoak, baina gehitu du badela «krisi testuinguru bat» mentalitateetan edo ideologikoki. «Nahiz eta diskurtso feminista garatu den, parean normalizatu dira jarrera matxista anitz», eta dudan du «balantzak zer aldetan pisatzen duen».

«Karrikara atera nahi dugu, eta erakutsi indarkeria matxista ez dela onargarria eta ez dugula onartuko»

ANDREA IBARRAIhurtzuri talde feministako kidea

Feminismoaren zabalkundearen onurak ikusi, eta jarrera aldaketak ñabarduraz aipatu ditu Ibarrak ere: «Oro har, azken urteetan egin den lanari esker, adostasun bat lortu da. Ez du erran nahi indibidualki edo lagun taldean ez dela jarrera matxistarik, baina, bederen, hori seinalatzen denean, jendeak onartzen du, ulertzen du eta errespetatzen du».

Azaroaren 25etik haratago

Ihurtzurik topaketa bat antolatu zuen joan den asteazkenean Baionako Akelarre kafean, mugimendua aurkezteko. «Eguneroko borrokan» aritzeko xedea du gazte mugimendu horrek, eta, hastapenetan, Martxoaren 8ko eta Azaroaren 25eko antolaketa kolektiboetan ezarri ditu indarrak, Sutan kolektiboaren barnean. Astelehenean Baionako herriko etxe aitzinean izanen den elkarretaratzera deitu dute, Ez bazara konponbidea, arazoa zara lemapean. Ibarrak argi du Azaroaren 25eko aldarrikapenek beste egunetan ere balio dutela: «Badira hilketa matxista pila bat eta tratu txarren kasu anitz: hori ikusi dugu aurten ere Ipar Euskal Herrian. Karrikara atera nahi dugu, eta erakutsi hori ez dela onargarria eta ez dugula onartuko». Gertakarien arabera, talde zabalean karrikara ateratzeko, Ihurtzurik Ipar Euskal Herriko Mugimendu Feministan parte hartzen du.

Etxandik dio Itaiak salaketa anitz egiten dituela urte osoan: «Alde batetik, eraso oro salatuz, desnormalizatuz, erasotzaileen inpunitatea seinalatuz, eta, ahal den heinean, elkarretaratzeak eginez. Azkenean, ikusgarri eginez, erasoa bera errutinan sartzen ez uzteko». Itaiako kideari ongi iduri zaio Azaroaren 25eko mobilizazioa «bakoitzak politikoki markatzea», baina beste kasuetan elkartzeko beharra ikusten du: «Kasu larrienetan, batu behar genuke: hilketak badirelarik, adibidez. Ikusten delarik zer-nolako desmobilizazioa eta normalizazioa baden, berriz batu behar dute, kasu larrienetan kontzientziak pizteko».

Diru bilketa abiatu dute Urruñako Emazteen Etxea garatzeko

Iragan ekainaren 18an ireki zuten, ofizialki, Ipar Euskal Herriko lehen Emazteen Etxea, Urruñako Pausu auzoan. Hainbat talde feminista biltzen dituen EBA Egiazko Berdintasunaren Alde koordinakunde feministak azken urteetan egin lanaren ondorio izan da gune fisiko batean plantatzea. Biktimak hartzea baino «askoz ere zabalagoa izanen da» Emazteen Etxearen jarduna, Veronique de la Deveze EBAko kideak uztailaren 5eko Hitza-n erran zuenez. Bada, jakinarazi dute bilketa bat abiatu dutela 2025eko ekintzen eta lanpostu baten diruztatzeko. 

Ipar Euskal Herrian gisa bereko etxe gehiago sortzeko, bilkurak egin ziren han-horka. Pilar Artaloitia EBAko kidearen arabera, xedeetan dute lurralde osoan Emazteen Etxeak izatea. «Baina bakoitza sortzea tokiko emazteen gogotik, ametsetatik, beharretatik. Galdetzen badiguzu zein den gure ametsetako Emazteen Etxea, erantzuna hau da: hura sortzen duten emazteen ametsak betetzen dituena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.