Baionako aisialdi egitura handienean, lan gatazka eta zailtasun ekonomikoa

Baiones Ttipien Patronatu Laikoak hiru aisialdi egitura kudeatzen ditu Baionan; zailtasun ekonomikoengatik bat hetsia dute, eta beste bat hestekotan dira. Lanpostu batzuk arriskuan dira, eta langileek salatu dute lan baldintzak okertu zaizkiela.

Ludoteka
Baionako ludotekaren aitzinaldea, hetsirik, apirilaren 7an. PATXI BELTZAIZ
Oihana Teyseyre Koskarat.
2025eko apirilaren 11
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Egoera minbera da Baionako aisialdi egitura handienean. Hiru egituratan zatitua da Baiones Ttipien Patronatu Laikoa elkartea: Arrousets auzoko aisialdi zentroa, Santa Katarina karrikako ludoteka eta Branako aisialdi gunea kudeatzen dituzte. Baionako Herriko Etxeak diruztatzen du nagusiki, eta, denera, hogei bat langile dira. Baiona iparraldeko zazpiehun bat familiari segurtatzen diete aisialdiko harrera zerbitzua. Azken hilabeteetan, ordea, lan gatazka bat hasia da elkartearen barnean: langileek hiru greba egun eginak dituzte urte hasieratik. Bost langile lan geldialdian dira, neke profesionalaren sindromeagatik, eta egiturako zuzendaritzari eta Administrazio Kontseiluari leporatzen diete beraien aldarriak «ez entzutea». Elkarteko lehendakari Jon Laplacek, ordea, uste du elkartea zailtasun ekonomikoetan izateak «esplikatzen» duela egoera. Ordainketen etenaldian ezarria izan da elkartea, eta Baionako Komertzio Auzitegiaren erabakiaren beha dira, baina legezko likidazioa arriskatzen dute.

Ihintza Erbina Ludotekako animatzaileetarikoa eta egituran Solidaires sindikatuko ordezkaria kasik bi hilabetean da lan geldialdian, neke profesionalaren sindromeagatik. 2019an hasi zen elkartean lanean, eta 2023an izenpetu zuen denbora osoko lan kontratu mugatua. Erbinak esplikatu du duela bi urte gobernantza aldaketa izan zenean are gehiago okertu zitzaizkiela lan baldintzak. «Hitzeman ziguten elkarlanean ariko ginela, baldintzak hobetuko zirela eta proiektu berriak eginen genituela. Esperantza piztu zitzaigun», erran du. Baina ez zen hala gertatu. «Uste dut elkartea berriz dinamizatzeko gogoak lan karga ikaragarri emendatzea ekarri duela». Lanera «tripako minez» joaten zen, eta geldialdia hartzera behartua izan zen.

(ID_17440130048025) Greba mugimendua Baionako aisialdi zentroan
Greba mugimenduko kide batzuk, Baionako Arrousetseko aisialdi zentroan, martxoaren 19an. HITZA

«Gobernantza aldaketa egin baino lehen ere ez ziren baldintza bikainak, gobernantza etengabe aldatzen zelako eta mugimendu anitz bazelako langileen artean. Baina zuzendaritza berria ezarri dutenetik, lan giroa eta harremanak anitz gaiztotu dira», salatu du Erbinak. Besteak beste, kontatu du elkarteak antolatutako jarduera batzuetan borondatez lan egin behar izan dutela eta proiektu «gehiegitan» parte hartu behar izan dutela.

Horrek langileen artean kezka sortu du, eta, pixkanaka, Solidaires sindikatuarengana jotzea erabaki zuten, ordezkaritza sindikala sortzeko eta egiturari «lan kodea eta konbentzio kolektiboa errespetarazteko». Erbinak esplikatu du behin eta berriz entseatu zirela zuzendaritzarekin mintzatzen, baina «tentsio giro handiegia» zela, eta, horren ondorioz, greba bat egitea deliberatu zutela. Lehena publikorik errezibitzekoak ez ziren egun batez egin zuten, eta beste biak publikoa hartuko zuten egun batez. Azken bi horietan —otsailaren 5ean eta martxoaren 19an—, hamabost bat langilek parte hartu dute greba mugimenduan.

«Animazioaren arloa eta arlo soziala zinez hunkiak dira, eta horrek kalte egiten dio gure engaiamenduari. Gure lana maite dugu, baina baldintza horietan ezin dugu egin. Animazioan hala gertatzen da, baina, oro har, sozial arloan ere bai» 

IHINTZA ERBINALudotekako animatzailea

Baina greba mugimenduak ez du langileen egoera aldatu. Alderantziz, Erbinak erran du lan gatazkan inplikatuak ziren langileek zuzendaritzaren «mespretxua eta zigorrak» jasan behar izan dituztela. «Larderiaz aritu dira gure mugimendua isilarazteko. Gurekiko jarrera mespretxagarria izan dute zuzendariak eta Administrazio Kontseiluko kideek», deitoratu du.

Elkarteko egungo lehendakari Laplacek agiri baten bidez eman du elkarteko bulegoaren ikuspegia. Erran du langileen salaketaren harira «ezin» dutela isilik egon. «Hainbat aldiz elkarrizketarako atea zabaldu dugun arren, beti ezezko batekin topo egin dugu». Erbinak dioenez, ordea, elkartzeko ordu proposamenak asteburuetan eta langileak geldialdian zirelarik egin dituzte, eta horrek ez die «ahalbidetu» langileei proposatutako orduetan joatea. Laplacek egoera ekonomiko zailaren ondoriotzat dauzka lan gatazka eta greba mugimendua: «Greba mugimendu batekin topo egin dugun bakoitzean, egoera ekonomiko zaila dela argudiatu dugu, eta horren ardura hartzen dugu». Elkarteko lehendakariak agirian erran du langileei elkartzeko hirugarren proposamena egin dietela, «aipatu beharreko gaiak aipatu ahal izateko».

Lanpostuen hestea

Baiones Ttipien Patronatu Laikoaren afera martxoaren 25ean pasatu zen Baionako Komertzio Auzitegitik, eta apirilaren 29an ukanen dute erantzuna; okerrenean, legezko likidazioan jarriak izan daitezke. Baina jadanik pairatu dituzte egoera ekonomiko larriaren ondorioak; hala baieztatu du Laplacek ere: «Elkartea egoera ekonomiko oso zail batean dago. Bi egitura ixteak eta elkarte berrantolaketa behartuak lanpostuen murrizketak ekarriko ditu». Izan ere, Ludoteka hetsia dute dagoeneko, eta Branako aisialdi zentroa hestear dute. Funtzionatzen segitzeko, uste dute aisialdia leku bakarrean bermatzeak bideragarriago eginen duela jarduera ekonomikoa.

«Elkartea egoera ekonomiko oso zail batean dago. Bi egitura ixteak eta elkarte berrantolaketa behartuak lanpostuen murrizketak ekarriko ditu» 

JON LAPLACEPatronatu Laikoko lehendakaria

Itxiera horiek eta berrantolaketa horrek ondorio zuzena dute langileengan: mugagabeko kontratuak ez dituzte berrituko. Gaur-gaurkoz, ez dute zehaztu beste lanposturik kenduko ote duten. Solidaires sindikatuko ordezkariaren arabera, langile bat baino gehiago «ezjakintasunean dira», ez baitakite beren lanpostua oraino atxikia izanen den. Erbinak berak, Ludoteka hetsi dutenez gero, ez daki bere postua zer bilakatuko den. «Lan geldialdian naizenez, ez dut batere berririk ene lanpostuari begira. Ez da normala», gaitzetsi du.

Erbinak argi du, dena den, elkarte anitzek egoera ekonomiko larriak dituztela; are gehiago Frantziako Gobernuak austeritate buxeta bozkatu duenetik. «Animazioaren arloa eta arlo soziala zinez hunkiak dira, eta horrek kalte egiten dio gure engaiamenduari. Gure lana maite dugu, baina baldintza horietan ezin dugu lan egin. Animazioan hala gertatzen da, baina, oro har, sozial arlo guzian ere bai». Horrek, langileei eragiteaz gain, familiengan eta haurrengan ere ondorioak badituela erran du Erbinak. «Haurrek biziki ongi ikusten dute hor gertatzen dena, animatzaileak beti aldatzen dira, ez da egonkortasunik... Familiek ez dute ulertzen». Langile mugimenduaren sostenguz eskaera bat abiatu dute, eta 60 bat izenpe bildu dituzte, momentuz.

Laplacek oroitarazi du beren misio nagusia haurrei harrera egitea dela, «baldintza ahalik eta hoberenetan». Elkartearen helburuak defendatzen segitu nahi du: «Laikotasuna, errespetua, elkarbizitza, aniztasuna, irekidura, konpromisoa, transmisioa, gozamena, autonomia, ardura, elkartasuna, demokrazia, bakea. Hori da defenditzen dugun ideala. Sekula ez gara nekatuko errepikatzen eta gure erakundearen bidez zabaltzen».

Oraingoz, Baionako Herriko Etxeak prentsan erran du egoera «hurbiletik» segitzen duela, eta jadanik diru laguntzaren parte bat isuri diola elkarteari, «egoera horretatik ateratzen laguntzeko». Izan ere, Baionako herri kontseiluko bi kidek parte hartzen dute elkarteko Administrazio Kontseiluan: Christine Martin Dolhagarai haurtzarorako axuantak eta Olivier Alleman kontseilari delegatuak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.