URTEKARIA: POLITIKA

EH Baiko lehen diputatua, eta 'bakegileen' auziaren bukaera

EH Bai, programa politikoa eta autonomia proposamena aurkeztuta, 2026ko bozei begira ezarri da. Elkargoko aitzinkontuak desadostasunak sortu ditu. Prefetak gibel egitera behartu ditu.

Peio Dufau EH Baiko diputatua eta Marie Hegi-Urain haren ordezkoa, uztailean. PATXI BELTZAIZ
Peio Dufau EH Baiko diputatua eta Marie Hegi-Urain haren ordezkoa, uztailean, Ziburun, Frantziako bozen emaitza ospatzeko ekitaldian. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko abenduaren 20a
05:00
Entzun

Politika arloan mugitua izan da 2024. urtea. Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan Ipar Euskal Herriko lehen indarra izan zen Batasun Nazionala (RN) ekainean, eta sekula lortu gabeko boz kopurua eskuratu zuen. Emmanuel Macron Frantziako Errepublikako presidenteak Asanblea desegitea erabaki zuen, eta hauteskundeetara deitu zuen berehala. Frantziako ezkerra NFP Fronte Popular Berria aliantzan elkartu zen, eta Ipar Euskal Herrian horren parte izateko akordioa lortu zuen EH Baik PS alderdi sozialistarekin. Emaitza biziki onak lortu zituzten NFPko hiru hautagaiek, eta, RNren kontrako fronteak lagundurik, hiru hautesbarrutietan gailendu ziren. Iñaki Etxaniz (PS) da 4. hautesbarrutiko diputatua, Colette Capdevielle (PS) 5.ekoa eta Peio Dufau (EH Bai) 6.ekoa. Ezkerreko abertzaleek Parisen lortu duten lehen diputatua da. 

Urtea bukatzerako, Ipar Euskal Herrirako programa politikoa aurkeztu du EH Baik, eta 2026an iraganen diren herrietako hauteskundeei begira ezarri da. Autonomia estatutuaren proposamena ere aurkeztu dute. Izan ere, Euskal Hirigune Elkargoa gaindituko lukeen instituzio berri bat lortzeari buruzko gogoetak abiatuak dira Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Batera plataforma ere berpiztu dute, eta gizarteko zenbait sektorerekin eta hautetsirekin bilkurak egiten hasi dira udaberrian egin gogo duten biltzar nagusia prestatzeko. 

Euskal Elkargoa, tentsiopean

Tentsioak agertu dira Euskal Elkargoan; nagusiki, aitzinkontuaren inguruan. CFE enpresen gaineko zerga emendatzea proposatu zuen Jean Rene Etxegarai lehendakariak, eta horrekin kritiko agertu ziren Bil Gaiten eta Elkarrekin Herriarentzat talde politikoak. Zergak emendatu gabe aitzinkontua aitzina ateratzeko aukera bazela baieztatu zuen Alain Iriart hautetsiak, eta gardentasun falta leporatu zion exekutiboari. Hautetsiek erabakietan leku gehiago behar dutela adierazi zuen. 

Baina Frantziako Estatutik ere etorri da CFE zergaren kontrako jarrera. Euskal Elkargoaren erabakiaren kontra helegitea jarri zuen Pirinio Atlantikoetako prefeturak, eta administrazio auzitegiak bertan behera utzi du Ipar Euskal Herriko instituzioaren erabakia bi aldiz. Etxegaraik irailean iragarri zuen Frantziako Estatu Kontseilura joko dutela.

Maiatzean, Peio Etxelekuri Errobiko ordezkaritza kendu zion Etxegaraik. Sei auzapezek bidalitako gutunean oinarritu zen elkargoko lehendakaria erabakia hartzeko. Errobiko hautetsi batek baino gehiagok zalantzan ezarri zuen egiteko moldea, lurralde eremuko batzordeari ez baitzioten kontsulta egin.

Urrian, EAJko buruzagitza utziko zuela jakinarazi zuen Etxelekuk, eta Kanboko herriko hauteskundeen prestaketara lotuko dela iragarri zuen. 2026an herriko etxea hartzea ezinbestekoa zaio elkargoko hautetsi izaten segitzeko. Azaro bukaeran, Pantxoa Bimboire hautatu zuten jeltzaleek Ipar Buru Batzarreko presidente izateko. 

'Bakegileak' Parisen

Apirilean epaitu zituzten bakegileak Parisen, Luhusoko 2016ko operazioagatik; erruduntzat jo zituzten, baina ez zieten zigorrik eman. ETAren armagabetze garaian karguan ziren Frantziako hainbat agintarik deklaratu zuten bakegileekin elkarlanean aritu zirela. 

Abendu erditsuan, txostena atera zuten bakegileek armagabetze garaian Eusko Jaurlaritzarekin izandako harremanei buruz. Salatu zuten 2019an EAEko gobernuak egin zuen kontakizuna «faltsua eta interesatua» izan zela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.