«Dugun ardurak egoeraren konplexutasuna onartzera behartzen gaitu: ez dago irtenbide errazik. Sen onari jarraikiz, egungo konfigurazioan, gure programa nahi genukeen bezala aplikatzerik ez dugula onartu behar dugu». EH Baiko diputatu Peio Dufauk aho bilorik gabe aritu da BERRIAn argitaratutako iritzi artikulu batean, Frantziako Asanblean den egoera hizpide hartuta. «Adostasunak bilatzera beharturik gaude, gureari uko egin gabe, gure lurraldearentzako aitzinamendu zehatzak lortzeko helburuarekin», ohartarazi du Dufauk, François Bayrou lehen ministroaren aurkako mozio zentsuraren bezperan.
Dufauk oraino ez du eskuratu Frantziako Gobernuak 49-3 artikuluaren bidez onarrarazi nahi duen testuaren hirugarren zatia, eta diputatuak bere erabakia finkatu behar du «zentsura mozioaren bozkaren aitzineko 48 orenetan». Bada, entzuketa bat egin nahi du deliberazio hori hartzeko: «Ene erabakia finkatu ahal izateko, aipaturiko testua kolektiboki eta zorroztasunez aztertuko dugu», idatzi du.
Frantziako Asanblean den aparteko egoera aztertzeko, otsailaren 15ean, larunbatarekin, bilkura ireki bat eginen du EH Baik, Donibane Lohizuneko pilota plazan (Lapurdi), 09:30ean. «Lurraldeko eta Asanbleako gaiak aztertu eta eztabaidatuko ditugu bertaratuko direnekin», erantsi du Dufauk.
Diputatu abertzalea oso kritiko azaldu da Frantziako Gobernuak denbora gutxian egin duen bidearekin. Zazpi hilabete joan dira «ezohiko egoera bati aurre egiten», Dufauren hitzetan: «hauteskunde emaitzen ukapenean tematzen den presidente bat eta gehiengorik eza». Baina, hala ere, ardurari erreparatu dio «egoeraren konplexutasuna onartzera behartzen» duelako ardura horrek: «ez dago irtenbide errazik», esan du argi eta garbi. Hori bai, aho bilorik gabe azaldu du gobernuak, 49-3 artikuluaren bidez, «Batasun Nazionalarekin aliatu eta eskuin muturraren bahitua bilakatzea hautatu» duela.
Aldagai horien guztien inguruan hausnartu nahi du larunbatean EH Baik, modu kolektiboan, Donibane Lohizunen.