Udazkenean programa politikoa eta autonomia estatutu proposamena aurkeztu ondotik, 2026ko udaberrian iraganen diren herriko bozei begira jarri da EH Bai. 2020an baino zerrenda gehiago aurkeztu, eta emaitza hobeak lortzeko borondatea agertu du, eta prest agertu dira horretarako «adostasunak eraiki eta aliantzak josteko». Bide horretan, topaketa munizipalistak eginen dituzte martxoaren 22an, Angelun (Lapurdi). Bozetarako urtebete eskas dela, herrietako eta Euskal Hirigune Elkargoko militante, hautetsi, auzapez eta hautagaiak elkartuko dituzte bertan.
Frantzian dagoen egoera politiko «aldakorra» kontuan hartuta, zail da jakitea zein izanen den heldu den urteko errealitate politikoa. Baina ezkerreko abertzaleen iritziz, «krisi sozial, ekologiko, kultural, politiko eta demokratikoa egiturazkoa da». Hauteskundeetan proiektu politiko bat defendatuz egin nahi diote aurre krisi egoera horri. «Herriko etxeak herritarrengandik hurbilen diren instituzioak izanik, herritar guzien ongizatea eta justizia soziala bermatu ahal izateko ezinbesteko rola betetzen dute», adierazi du Xabi Thikoipe, EH Baiko zuzendaritzako kideak. «Elite ekonomiko eta politikoek gure geroari buruzko erabaki ahalmena ebatsi nahi diguten honetan, demokrazia indartzea lehentasunezko erronka bat da EH Bairentzat».
Gobernatzeko eta politika egiteko «beste manera bat» defendatu nahi dute ezkerreko abertzaleek: «Eragile ekonomikoekin, jendarte zibilarekin eta, finean, herriarekin batera lankidetzan aritzeko prestasun osoa adierazten dugu».
2026-2032 agintaldia «biziki garrantzitsua» izanen da EH Bairen ustez: koadro instituzional berri baten alde gehiengo bat osatu eta lurralde proiektu bat plantan ezartzea izanen dute erronka nagusietariko bat. «Ipar Euskal Herriak burujabetza gehiago ukaiteko beste koadro instituzional bat behar du, lurraldeak dituen desafioei eraginkortasunez erantzun eta kanpotik hartzen diren erabakien menpeko izan nahi ez badugu», erran du Thikoipek. Euskal Elkargoaren gobernantza hobetzearen alde ere egin nahi dute ezkerreko abertzaleek.
Programak eta proposamenak prestatzen hasiak direla jakinarazi du Thikoipek. «Apaltasunez, uste dugu urte hauetan erakusten ari garela proposamenak egiteko, gobernatzeko, instituzioak kudeatzeko eta beste eragile zein hautetsiekin lankidetzan aritzeko gaitasuna dugula. Baina argi adierazi nahi dugu gu ez garela kudeaketa huts baterako aurkezten hauteskundeetara. Instituzioak, eraldaketa sozial eta politikoan aitzinatzeko tresna dira, eta interes orokorraren zerbitzura egon behar dute. Ezkerreko abertzaleok norabide horretan arituko gara lanean».
Asanbleako bozen eredua
Iazko uztailean iragan ziren Frantziako Asanblearako bozetan, Frantziako ezkerreko indarrek osatu zuten Fronte Popular Berrian parte hartu zuen EH Baik, eta hautagaitzak adostu zituen Ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutietan. Hiru diputatu lortu zituen NFPk Euskal Herrian, horien artean, Peio Dufau EH Baiko kidea.
Ikusi gehiago
Horiek horrela, EH Baik uste du egingarria dela ezkerreko abertzaleekin bateragarriak diren hautagaiak eta programa finkatzea, eta eskaintza horrek «irabazle ateratzeko aukera gehiago» dituela. «Prest» agertu da adostasunak lortu eta aliantzak eraikitzeko. Jarrera «irekia» eta aldi berean «tinkoa» erakutsiko dutela erran dute. «Ipar Euskal Herriaren berezitasuna aitortu eta bilakaera instituzionalarekiko borondatea eta engaiamendua ukaitea ezinbesteko baldintza da akordioetara iristeko. Gisa berean, hautagai kontserbadoreekin, abertzaleen kontrakoekin eta jakobinoekin akordioak egiteari ateak hesten dizkiogu, baita abiadura handiko trena babesten dutenekin ere». Ez du zehaztu nor sailkatzen duten definizio horretan. «Oraingoz ez dugu talderik baztertzen; ideiak gaitzesten ditugu. Horiek izanen dira gure marra gorriak».
2020ko herriko bozetan Baionan gertatutako nahasmendua dago hor, besteak beste. Azken momentuan, bigarren itzuliko lehiatik erretiratzea erabaki zuen ezkerreko abertzaleek bultzatutako Baiona Berde eta Elkarkidea herritar zerrendak. Halakorik berriz ez gertatzea da EH Bairen helburuetarik bat. Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaritzarako hautagaitzak ere sortu zuen iskanbilarik. Alain Iriart Hiriburuko (Lapurdi) auzapeza prest agertu zen hautagaitza aurkezteko, baina Etxegarai lehenetsi zuen EH Bairen biltzar nagusiak. Horiek guziak finkatu nahi dituzte martxoaren 22ko topaketa munizipalistekin, baina biltzar nagusian hartuko dituzte azken erabakiak. Ekainaren 14an izanen dute ondokoa.
Bi helburu nagusi eman dituzte: EH Bairen ideiak eta balioak defendatzen dituen «ezkerreko zerrenda abertzale, ekologista, feminista eta euskaltzale» gehiago aurkeztea 2020an baino, eta orduan lortutako emaitzak hobetzea. «Orduko lorpenak atxiki eta herri gehiagotara jauzi egiteko anbizioarekin ari gara prestatzen hitzordu elektoral hori».
Burujabetza eta gobernantza
Ez da kasualitatea martxoaren 22ko topaketa munizipalistak Angelun antolatu izana. Hiriguneetan duten eragina indartzeko borondatea dute ezkerreko abertzaleek. Kanpaina bultzatzeko tresnak aztertuko dituzte, eta esperientziak trukatu eta norabide komunak finkatzeko «momentu kolektiboa» izanen dela baieztatu dute.
Goizean tailerrak eginen dituzte, «errealitate geografiko, demografiko eta indar harremanak kontuan hartuz», eta arratsaldean publiko zabalari irekitako mahai ingurua izanen da, burujabetza proiektuak eta gobernantza ereduak aztertzeko. Hauek izanen dira parte hartzaileak: Haritz Alberdi Getariako (Gipuzkoa) auzapez eta Udalbiltzako lehendakaria, Joana Mendiburu Oiartzungo (Gipuzkoa) auzapeza, eta Marie Christine Elizondo Urruñako (Lapurdi) axuanta.