Autorik kutsagarrienak kostaldeko 11 herritan debekatuak izanen dira 2025etik aitzina

Europak finkatu araua bete behar dute 150.000 biztanletik gorako aglomerazioek. Euskal Hirigune Elkargoak 11 herriko zona bat hautatu du, eta ibilgailurik kutsagarrienak debekatuak izanen dira 2025etik aitzina; dena den, autobidea salbuespena izanen da.

Auto metaketak Baionako sarreran, 2020ko otsaileko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Auto metaketak Baionako sarreran, 2020ko otsaileko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Joanes Etxebarria.
2024ko urriaren 11
05:05
Entzun

Irailaren 28an, Euskal Hirigune Elkargoaren biltzarrean, Europa mailako delibero baten egokitzapen lokala zuten bozkagai: emisio gutxiko eremuak plantan ezartzea adostu zuten. Europak agindurik, Frantziako Gobernuaren Klima eta ErresilientziaLegeak zona horiek plantan ezartzea inposatzen die 150.000 biztanletik gorako aglomerazioei. Hautetsien gehiengoak hala bozkatuta, elkargoak adostu zuen ibilgailurik kutsagarrienak debekatzea Tarnose (Landak) eta Hendaia arteko bideetan. Neurria heldu den urtean aplikatuko dute, baina oraindik ez dakite nola kontrolatuko duten.

Frantziak bost kategoriatan sailkatzen ditu ibilgailuak, eragiten duten kutsadura heinaren arabera; zero mailan dira gutien kutsatzen dutenak, eta bosgarrenean gehien kutsatzen dutenak. Azken horientzat, bozkaren ondorioz, kostaldeko eremu zabala debekatua izanen da 2025eko urtarrilaz geroztik. Autobidean, haatik, ez da indarrean izanen neurri hori, estatuak berak hautatu baitu autobideak salbuespen izatea.

Osasun publikoa

Neurriaren aurkezpenean, irailaren 28ko biltzarrean, bi arrazoi nagusi aipatu zituen Martine Bisauta Baionako hautetsiak, elkargoan trantsizio ekologiko eta energetikoaren arduradunak: batetik, Europako Justizia Gorteak Frantzia bitan zigortu duela direktiba ez errespetatzeagatik, eta, bestetik, osasun publikoko arazo bati erantzuten diola. Frantziako Osasun Publikoaren erakundearen kalkuluen arabera, estatuan urtero 47.000 hildako eragiten dituzte partikula xeheek eta azote oxidoek sortu edo areagotzen dituzten eritasunek. Logika, beraz, kutsadura handiena eragiten duten ibilgailuak baztertzea litzateke.

«1997a aitzin matrikulatu diren ibilgailuei aplikatuko zaie eremu murrizketa»

MARTINE BISAUTAEuskal Elkargoko hautetsia

Irailaren 28an, ordura arte batzordean egin lan zabala goraipatu zuen Bisautak: «Auzapez anitzek parte hartu dute gidaritza batzordean. 11 herritara mugatzea proposatzen dugu, asteko zazpi egunetan 24 orenez aplikatzeko. 1997a aitzin matrikulatu diren ibilgailuei aplikatuko zaie eremu murrizketa: sailkatuak ez direnak eta bosgarren mailako sailkapena dutenak. Auto gehienak bai, baina guti batzuk ezingo dira pasatu», haren erranetan. Bisautak esplikatu zuen Europak finkatzen dituen kutsadura tasak alda daitezkeela, eta, ondorioz, epe ertainean debekatuak liratekeen ibilgailuen sailkapenak ere bai.

Salbuespenak

Frantziako Gobernuak berak finkatu ditu aglomerazioek ezin alda ditzaketen zenbait salbuespen: estatuko zerbitzuetako ibilgailuek eta autobideek ez dute lege bera. Autobidearen salbuespenarekin kexu zirela jakinarazi zuten hainbat hautetsik biltzarrean. Filipe Aramendi Urruñako auzapezak oroitarazi zuen autobidea handitzeko xedearen kontrako herritar talde baten abokatua izan zela hogei urte lehenago: «Ikasle batek, bere garaian, Urruñan eta Biriatun autobideak zer heinetako kutsadura sortzen zuen aztertu zuen. Ondorioa zen oso kutsatuak gaudela autobidearengatik. Autobideak kutsatzen segitzen ahalko du, nahiz eta guk plantan ezarri auto kutsagarririk gabeko eremuak», pleinitu zen Aramendi.

Haboro ere izan ziren autobidea arautik kanpo uztearen kontrako hitzak ukan zituzten hautetsiak; Mixel Esteban Baionako hautetsiaren erranetan, «kamioi batek 30 autoren kutsadura heina du». Epe laburreko aterabide gisa, Estebanek proposatu zuen «estatuari eskatzea abiadura mugatzea autobidean aglomerazioen ondoan pasatzean, dioxido isuria mugatzeko». Bidarteko auzapez Emmanuel Alzurik —autobideak herria zeharkatzen du— trenaren aldeko parioa egiteko beharra azpimarratu zuen: «Kutsadurari aurre egin nahi bazaio, ez da aski autoaren problematika hartzea; bistakoa da behar dela trenen garapenean indarra ezarri». Bisautak ere onartu zuen «eskizofrenikoa» dela egoera, eta erran zuen horrek dakartzan ondorioak bikoitzak direla: «Autobide bazterrean bizi direnek dute gehienik pairatzen kutsadura. Gainera, ez dira aberatsenak hor bizitzen; haientzat zigor bikoitza da. Baina hori ez da gure eskuetan». 

«Autobideak kutsatzen segitzen ahalko du, nahiz eta guk neurri bereziak plantan ezarri»

FILIPE ARAMENDIUrruñako auzapeza

Arauak balioko duen eremuan, bestalde, ibilgailu batzuentzat salbuespena finkatu dute hautetsiek; horien artean, medikuntza edo arta zerbitzuetako autoak, zirkuitu laburreko komertzioan ari direnak eta merkatuak hornitzera sartuko direnak, besteak beste. 27 herritako auzapezek osatu dute arau eta salbuespenak finkatu dituen gidaritza batzordea. 

Prekaritatea erdigunean

Neurria aurkeztean, Bisautak «lanbide prekarioak» dituztenak aipatu zituen salbuespenen artean, haien ibilgailuekin ez dutelako zonan ibiltzeko debekurik ukanen. Baina prekaritatea zentzu zabalagoan harturik, Arberatzeko auzapez Sauveur Bachok oroitarazi zuen laugarren kategoriako —epe ertainean zona berean debekatua izan daitekeen kategoria— ibilgailuen jabeen %30 ahal ttipikoak direla. Hortik abiatu zuen gogoeta: «Jendeek laguntza beharko dute autoa ordezkatzeko. Beharbada, ez dugu horrekin gauza handirik egiten ahal, baina beste batzuekin zerbait egin genezake».

datuak

125

 

Tarnose (Landak) eta Hendaia arteko 125 kilometro koadroko eremuan ibilgailu kutsagarrienek ezingo dute kurritu 2025eko urtarriletik aitzina. Eremu horretan, iazko datuen arabera, 199.000 biztanle dira.

2021

 

Frantziako Gobernuak Klima eta Erresilientziaren Legea adostu zuen 2021. urtean. Legeak emisio gutxiko eremuak sortzera behartzen ditu 150.000 biztanlez gorako aglomerazioak.

11

 

Irailaren 28an 27 auzapez bildu ziren Euskal Hirigune Elkargoan aurkeztu zen proposamena lantzeko, eta 11 herriko eremu bat finkatu zuten, Tarnose (Landak) eta Hendaia arteko herriek osatua.

Alain Duzert Baionako hautetsi komunistaren ustez, ahalik gabeko auto jabeek gogorki pairatuko dute arau berria: «Frantziako [Estatuko] milaka familia laguntzeko ezarri laguntza irrigarriek aterabiderik gabeko lekuan ezarriko dituzte langile familiak: ezin dituzte milaka euro aitzinatu auto garbi bat erosteko, kontsumo kredituetan zorretan sartu beharko dute, arau haustean bizi edo estigmatizatuak izan». 

Ondoko urteentzat kutsadura neurriak moldatzekotan dira Europako instituzioak, eta arabera alda daiteke Euskal Hirigune Elkargoak bozkatu duenemisio gutxiko eremuaren arautegia ere. Bisautak zehaztu zuen irail hondarreko deliberoak bost urteko plan batera eramanen dituela, baina ez zuen baztertu egokitzapenak egitea. Auto aldaketen eztabaidaren harira, iragarri zuen soldaten araberako diru laguntza bat pentsatzen ari direla autoa aldatu beharko luketen herritarrentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.