Aulkiak ekarri zituzten, hautetsiak ez

Euskal Herriko hautetsiei zegozkien 21 aulkiak lapurtu zituzten demoek Paueko Kontseilu Nagusitik duela 25 urte. Euskal Departamenduaren aldeko aldarrikapena pil-pilean zegoen, eta ekintza ikusgarri hark oihartzun handia izan zuen.

Demoetako kide bat, duela 25 urte, aulkiak departamenduko egoitzatik eramaten. EGUNKARIA
Demoetako kide bat, duela 25 urte, aulkiak departamenduko egoitzatik eramaten. EGUNKARIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2025eko martxoaren 14a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ekintza ikusgarria egin zuten 2000ko martxoaren 14an demoek, Pauen (Okzitania). Departamenduko Kontseilu Nagusian Euskal Herriko ordezkariei zegozkien 21 aulkiak ebatsi zituzten egun argiz eta kameren aitzinean, euskal departamendu baten sorrera aldarrikatzeko. Honela adierazi zuten egun hartan zabaldutako agirian: «Paueko Nafarroako Parlamenturat etorri gara zor zaigunaren berriz hartzerat. [...]Euskal Herriko Kontseilu Nagusi baten sortze bidean lehen urrats bat da hau. Gure hautetsiek jadanik badute gisa batez Euskal Herrian jartzeko parada». 

1999an sortu zen Demo taldea, Lizarra-Garaziko prozesu garaian, ezker abertzaleko parte batek desobedientzia zibilaren aldeko hautua egin zuenean. Hiru aldarrikapen nagusi plazaratu zituzten: euskararen koofizialtasuna, euskal departamendua eta euskal presoen Euskal Herriratzea. Demokrazia Euskal Herriarentzat leloa zeramaten tixerta horiak soinean, ekintza ikusgarri andana egin zituzten, bortizkeriarik gabe, eta betiere umore handiz. Euskal departamenduaren aldarrikapena pil-pilean zegoen garai hartan, eta oihartzun handia izan zuen demoen ekintzak. 

Garai hartan hura antolatzen aritu zirenek ekintzaren nondik norakoen xehetasunak eman dizkiote egunkari honi. Monumentu historikoa da departamenduko kontseiluaren bilkurak hartzen dituen Paueko Nafarroaren jauregia, eta ez da edonola sartzen ahal. Ekintza baino hamabost egun lehenago, lekua ikuskatzera joan zen Jean Noel Etxeberri Txetx demoetakokidea. Jarduera kultural baten aitzakiapean lortu zuen bilkura, eta hala sartu zen erakundearen barrunbeetara. Baionako Aita Seme ostatu ezaguneko Luis jabeak utzitako janzki eta gorbata erabili zituen horretarako. Sartu, eta eraikinean barna ibili zen lekua ezagutzeko, aulkiak non ziren, eta baita telefonoak non ziren jakiteko ere. 

Ekintza egunean, Nafarroaren jauregira sartzeko txirrina jo zuen Txetxek. Paretaren gibelean gordeak, beste hogeita bost bat ekintzaile prest ziren, eta atea ireki ziotenean harekin batera sartu ziren. Oso denbora gutxian egin zuten dena: aulkiak zeuden gelara joan ziren batzuk, eta telefonoak deskonektatzeaz arduratu zen beste bat. Garai hartan, sakelako telefonoak ez ziren hain zabalduak, eta Poliziari abisua ematea eragotzi zuten horrela. Baina aulkiekin jautsi zirenerako, eraikinaren ateak itxiak zituzten, eta hesien gainetik pasatu behar izan zituzten aulkiak. Hori da egun hartako ekintzatik gelditu den argazkia. 

Ebatsitako 21 aulkiak furgoneta batean sartu, eta Frantziako Polizia iritsi aitzin lekutzea lortu zuten ekintzaileek. Hala ere, ekintzan parte hartu zuten lau gazte atxilotu zituzten, eta baita ekintzaren berri ematera etorritako zazpi kazetari eta argazkilari ere. Poliziak haiekin izandako jarrera bortitza salatu zuen Hur Gorostiaga Euskaldunon Egunkaria-ko kazetariak biharamunerako idatzitako kronikan. 

Anartean, Paueko militante okzitaniar baten etxera jo zuten furgonetarekin Txetxek eta Gorka Torrek, eta han ezkutatu zituzten ebatsitako aulkiak. Ondoren, Lourdes aldera jo zuten (Okzitania). Ekintza egiteko furgoneta Pauen alokatu zuten ordu batzuk lehenago, eta Euskal Herrira joan-etorria egiteko beharrezkoa zen kilometro kopurua eginarazi nahi zioten, Poliziak uste izan zezan hara eraman zituztela aulkiak. Eta hala gertatu zen. Furgoneta itzultzera joan zenean, Etxeberri atxilotu zuten haren zain zeuden poliziek. Galdeketa egitean hala erran zioten komisarian: «Badakigu aulkiak Euskal Herrian dituzuela, furgonetarekin egin duzuen kilometro kopurua begiratu dugu». Biharamunean, Pauen atxilotutako bost ekintzaileen etxeak miatu zituen Frantziako Poliziak, baina ez zuten aulkirik aurkitu.

Aulkiak Baionan

Euskaldunon Egunkaria-ren artxiboetan irakur daitezke demoen ekintza hark orduko hartan eragin zituen erreakzioak. Ekintza jostagarritzat jo zuen Max Brissonek —Errepublikanoetako senataria da gaur egun—, baina batzuek euskal departamenduarekin erakusten zuten «obsesioa eta presioa» «nardagarria» bilakatzen ari zela ere erran zuen. François Bayrou Frantziako lehen ministroa zen departamenduko orduko presidentea; gogor mintzatu zen demoen kontra: «Mugimendu separatistek Pauen esku hartu dute. Tentsioaren indartzean urrats bat gehiago da. Ez diot presioari amore emanen», adierazi zuen. Haren alderdi berekoa zen orduan Jean Rene Etxegarai —Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria gaur egun—, eta departamenduko hautetsia ere bazen; haserre mintzatu zen, eta «egun dagoen egituraren errespetua» eskatu zuen.

Iparraldeko EGIk ere «Departamendua Orain komandoak egin ekintza» salatu zuen egun batzuk geroago. «Barregarria» iruditu bazitzaien ere, departamenduaren kontrakoak indartzen zituela iritzi zioten. Hala ere, ekintzaileen kontrako salaketa kentzeko eskatu zioten Bayrouri. 

Demoek umorez erantzun zieten Bayrouren adierazpenei, herritarrei etxean zituzten aulki zaharrak ekartzeko galdetu, eta haren kontrako parodia bat eginez. Halaber, jakinarazi zuten martxoaren 31n agertuko zirela aulkiak Baionan, eta eraikitzen ari ziren departamenduaren Baionako adarrera eramango zituztela. 

Eta hala egin zuten. Ekitaldia antolatu zuten Baionako San Andres elizaren aitzinean egun hartan. Pauetik bi autotan ekarritako aulkiak Patxa plazan deskargatu zituzten, eta solidarioz jantzitako demoetako ekintzaileek eraman zituzten jendeen txalo artean. Aurreskua dantzatu zieten aulkiei eta departamenduko egoitzaren aitzinean utzi zituzten euskal departamenduaren aldarria eginez. Auzo osoa poliziaz josia izanik ere, ez zuten inor atxilotu. Funtsean, demoen kontrako prozedura judizialak ez zuen segidarik izan. «Ez zuten nahi auzia tribuna bilakatzerik», orduan ekintzan parte hartu zuen baten iritziz. 

Instituzio eskaera

Urte haietan, euskal departamendu baten sorreraren aldarrikapena zen nagusi Ipar Euskal Herrian. Demoek aulkiak Euskal Herrira ekarri zituzten, baina 25 urte geroago, departamenduko hautetsiek Pauera joaten segitzen dute. Estatus bereziko lurralde elkargo baten eskaera atzera bota ondotik, Euskal Hirigune Elkargoa sortu zen 2017an, herriko etxeen eskumenak biltzen dituen mankomunitatea. Gaur egun, instituzio berri bat lortzeko dinamika berria abiatzen ari dira, besteak beste, Batera plataformaren inguruan. Departamenduaren eskumenak bereganatik Euskal Hirigune Elkargoari botere gehiago ematea da aztertzen ari diren pistetako bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.