Paperik gabeko atzerritarrak paperik gabe izateagatik hetsirik atxikitzeko baliatzen ditu Frantziako Estatuko administrazioak atxikitze zentroak. Hendaian bada gisa horretako zentro bat, eta 30 gizon atxikitzeko lekua du. Hetsirik diren tartean, prefeturak kanporatze agindu bat ezartzen die, eta administrazioaren gain da sorterrira kanporatzea. Berez, kanporatuak izan arte egoteko lekua da. Alta, atxikiak direnetarik, erdiak baino gehiago ez dituzte estatuko mugetatik kanpo ezartzen hainbat arrazoirengatik; horiek horrela, 30 bat egunez giltzapeturik egoten dira, libratuak izan aitzin. Egoera administratiboa ez zaie konpontzen, eta berriz atxikiak izateko arriskua dute. Errealitate horren berri emateko, gaualdia antolatu du CIMADE errefuxiatuen laguntza elkarteak gaurko, Hendaiako Borderline fabrikan, 18:30etik goiti.
Iaz, Frantziako administrazioak 351 pertsona atxiki zituen Hendaiako atxikitze zentroan; aitzineko urtean baino %34 gehiago. Egoera horren berri eman dute Hendaiako atxikitze zentroan lan egiten duten CIMADEko langileek. Hetsirik direnei laguntza juridikoa ematea da haien zeregina, eta, bide beretik, atxikitze zentroetako egoera zaintzen dute langileek.
CIMADEk apiril hondarrean antolatu prentsa agerraldian azaldu zuenez, 2023an «gakotze gehiago eta egonaldi luzeagoak» izan ziren. Etorkin gehiago atxilotu zituzten, eta zentroan atxiki, baina gutiago kanporatu zituzten. Hetsaldien luzetasunari begira, administrazioak, batez beste, 31 egunez atxiki ditu jendeak gakoturik Hendaiako zentroan; urte bakarrean bi egun luzatu da egonaldien batez besteko epea.
%34Zenbat emendatu den atxikitze kopurua. Iaz, 351 pertsona atxiki zituzten Hendaiako atxikitze zentroan, CIMADEn arabera; 2022an, 261 izan ziren. Horiek horrela, 2023ko atxikien kopurua %34 emendatu zen.
Datu horiek emateko, prentsaurrekoa egiten dute urtero CIMADEko langileek, baina aurten «urrunago» joateko asmoa agertu dute. Maite Etxeberri elkarteko langilearen ustez, antolatu duten gaualdiak balio du «urtean behin baino gehiagotan aipatzeko» atxikitze zentroetako egoera. Gaualdiaren bidez, bestalde, eragile eta elkarte zenbaitekin loturak sakondu nahi dituzte, eta publikoari atxikitze zentroetako egoeraren berri eman.
Antzerkia, salatzeko
Gaualdiaren karietara, Bordeleko (Okzitania) atxikitze zentroko CIMADEko langileak jinen dira Borderline fabrikara, landua duten Crash antzerkia ematera. Cecile Roubeix CIMADEko langile eta antzezlaneko parte hartzaileetarik batek esplikatu du rol joko baten moduan prestatu dutela emanaldia. «Atxikitze zentroko eragile guziak ordezkatu nahi izan ditugu gure antzerkian: atxilotua, polizia, elkarteak, auzitegi medikuak, epaileak, abokatuak, interpreteak... Atxikitze baten lehen 48 orenak nola pasatzen diren erakustea dugu helburu». Roubeixek uste du rol jokoa «tresna eraginkorra» dela publikoak uler dezan zer gertatzen den momentu horretan.
Urte anitzetako lanaren emaitza da Crash ikusgarria. Hasieran zuen formatik egokitu behar izan zuten, «bortitzegia» zelakoan. Erraterako, Roubeixek erran du hastapenean publikoko jendeari parte harrarazten ziotela, atxilotuaren lekuan, eta pertsona bakarrarentzat pentsatua zela rol jokoa, ez publiko aitzinean emateko. «Hasieran, tresna hori baliatzen genuen erakusketak edo hitzaldiak bagenituelarik, jendeak askotan zailtasunak baititu irudikatzeko zer gertatzen den. Baina, gerora, moldatu dugu emateko manera, publiko zabal bati emateko gisan, eta, horretarako, antzerkigintzako kode batzuk sarrarazi ditugu».
«Ez zaie erakusten non lo eginen duten, non diren dutxak, non diren komunak... Deus ere ez. Pentsa zer egoera zaila den, beste dozenaka gizonen artean bere lekua atzeman behar izatea, jakin gabe ere non lo eginen duzun eta zergatik zaren hor». CECILE ROUBEIXCIMADEko langilea
Roubeixen arabera, «izugarri bortitza» da Crash, errealitatetik «ahal bezain hurbil» egoten saiatzen direlako. «Hain zuzen ere, helburua hori da, atxikitze zentroetako bortizkeria jendeari ulertaraztea». Zehaztu du ez dutela sekula ikusgarri hori ematen atxilotuak diren edo atxilotuak izateko arriskua duten jendeen aitzinean. «Traumatismoak ez ditugu berpiztu nahi, eta ez dugu traumatismorik eragin nahi ere».
Indarkeria askotarikoa
Atxikitze zentroetako «indarkeria» hainbat egoeratan errepikatzen dela dio CIMADEko langile Roubeixek. Atxilotzetik beretik hasita, egoera bortitzak gertatzen direla esplikatu du. «Nortasun kontrol baten ondotik atxilotua izatea bortitza da: kriminalen gisa tratatuak dira, paperik ez dutelako». Gero, zentrora arribatzen direnean, «dena biziki fite» pasatzen da, eta, haren hitzetan, «atxikiak direnek anitzetan ez dute ulertzen zergatik diren hor». Heldu eta berehala Poliziak azaltzen die zein eskubide dituzten, eta beren ber utziak dira zentroan. «Ez zaie erakusten non lo eginen duten, non diren dutxak, non diren komunak... Deus ere ez. Pentsa zer egoera zaila den, beste dozenaka gizonen artean bere lekua atzeman behar izatea, jakin gabe ere non lo eginen duzun eta zergatik zaren hor. Pertsona horren lekuan ezartzeko ariketa eginez ohartzen gara zein bortitza den».
Roubeixek aitortu du CIMADEren gisako elkarteetako kideen aitzinetik pasatzea ere «indarkeria mota baten gisa bizitzen ahal» dutela atxikiak direnek. «Berriz behartuak gara haien egoerari buruzko galderak pausatzera, ahal bezain molde eraginkorrean laguntzeko, baina batzuentzat ez da baitezpada erraza berriz haien ibilbidea kontatzea». Etxeberrik zehaztu du CIMADEko langileen rola laguntza juridikoa ematea dela, baina «zuzenbidea gaur egun den bezala, aukerak biziki murriztuak» direla. Gainera, helegiteak egiteko «geroz eta aukera gutiago» dute.
«Bortizkeria ez da bakarrik kolpe bat biltzea. Atxikitze zentroei dagokienez, bortizkeria da leku eta sistema absurdo batean sartzea, paperik gabe izateagatik». MAITE ETXEBERRI CIMADEko langilea
Are gehiago, epailearen aitzinetik pasatzea ere bortitza dela uste du Roubeixek, prozeduraren bizkortasunarengatik. «Bost minutuz epaileak erabakitzen du kanporatuak izanen diren ala ez, usu interprete bat behar izaten du... Bost minutuko afera da, baina haien bizia da jokoan. Prozedura izenak, zuzenbide hiztegia eta kanporatuak izateko arriskua», laburbildu du.
Etxeberriren arabera, Crash antzerkiak balio du, datuez harago, atxikiak diren pertsonei zer gertatzen zaien ulertzeko. «Immigrazioaz hitz egiten denean, inork ez daki zein den egiazko egoera. Antzerkiari eman dioten formari esker ulertzen da zer indarkeria bizi duten, eta nolakoak diren atxikitze zentro batera heltzen direneko bi lehen egunak». Indarkeriak forma bat baino gehiago dituela erran du Etxeberrik: «Bortizkeria ez da bakarrik kolpe bat biltzea. Atxikitze zentroei dagokienez, bortizkeria da leku eta sistema absurdo batean sartzea, paperik gabe izateagatik». Haren ustez, hain zuzen ere, antzezlanak ongi agerian ezartzen du errealitate «absurdo» hori.
«Presondegia»
Roubeixek eta Etxeberrik pentsatzen dute, izena hala ez badu ere, atxikitze zentroak presondegien parekoak direla. «Ez da zentro bat, presondegi bat da, eta hitzek ezin dute errealitate hori aldatu», laburbildu du Etxeberrik. Gauza bera erran du Roubeixek, hots, «hitz bera ez izanik ere, presondegi bat» dela; «presondegi bat, atzerritarra izateagatik eta paperik ez izateagatik, pertsonak gakoturik atxikitzen dituena», gehitu du.
Etxeberrik adierazi du «zango bat hemen, zango bat han» izateko sentsazioa dutela maiz gakotuak diren pertsonek, eta hala erraten diotela maiz. Kanporatuak izateko arriskua dutenez, «ziurgabetasun» egoeran dira, eta «denbora biziki poliki» pasatzen da «barnean direnentzat». Horrelakoetan, laguntza juridikoa baino gehiago, «errateko dutena entzutea» da CIMADEko langileen rola.
Egoera bortitzak eta «absurdoak» gertatu arren, biek uste dute, oro har, jendeak ez dakiela «batere» nolakoa den atxikitze zentroetako egoera. «Batzuek uste dute paperik gabekoentzako aterpe bat dela. Ez da batere hala: ez dute deliturik edo krimenik egin, baina askatasuna kentzen zaie paperik ez dutelako». Atxikitze zentroak Frantziaren migrazio politikaren «tresna nagusia» direla iruditzen zaio Roubeixi.
31Zenbat egun pasatzen duten atxikirik. Hendaiako atxikitze zentroan, batez beste, 31 egun pasatzen dituzte giltzapeturik paperik gabe direnek.
Antzerkiaren ondotik, publikoak egoeraren berri «hobeto» jakingo duela espero du Roubeixek, baina argi utzi du kasu handiz arituko direla, antzerkiak shock bat eragiten ahal baitu. «Bururatzen dugularik, eztabaidatzeko eta mintzatzeko tarte bat hartuko dugu publikoarekin, inportantea dela iruditzen baitzaigu ikusi dutenari buruz hausnartzea elkarrekin eta bizi izan dutena esplizitatzea».
Antzerkiaren ondotik gaualdiak joko batekin segituko du: Charter awards, charter hegaldien lehiaketa antolatu dute «prefeturarik okerrenen sailkapena» egiteko. Finitzeko, DJ bat izanen da.