Arte mundutik baztertuak direnak, oholtza gainera

Kiribil konpainiak 'Har-Eman' ikuskizuna prestatu du eritasun mentalen bat dutenekin. Martxoaren 23an Senperen emanen dute, eta maiatzaren 1ean eta 2an, Miarritzen.

'Har-Eman' ikuskizunaren errepika saioa, martxoaren 3an, Baionako Kontserbatorioan. KIRIBIL
'Har-Eman' ikuskizunaren errepika saioa, martxoaren 3an, Baionako Kontserbatorioan. KIRIBIL
Joanes Etxebarria.
2025eko martxoaren 14a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Artearen eta inklusio sozialaren inguruan sortu zen Kiribil konpainiaren Har-Eman xedea, ikuskizun bilakatu dena: martxoaren 23an Senpereko Larreko gelan emanen dute, eta maiatzaren 1ean eta 2an, Miarritzeko Koliseoan. Eritasun mentalen bat edo elbarritasunen bat duten jendeak igoko dira oholtzara Kiribil konpainiakoekin batean. Ezohiko aktore horien indarra goraipatu du Amaia Hennebutte konpainiaren sortzaile eta kideak: «Kuraiaz beteak dira, eta ausartak. Oholtzan direnean, dena ematen dizute: indar ikaragarria dute».

Hastapenean, Kiribil konpainiak niniekin lan egitea zuen xede. Haurtzaindegietara artea eramateko orduan narrazioa eta antzerki hutsa gainditu behar zirelakoan, lan berezi bat garatu zuten, «sentsoriala». Alzheimerra dutenak hartzeko zentro bateko psikologoak, lan horren berri ukan, eta pentsatu zuen pazienteentzat interesgarri izaten ahal zela, Hennebuttek oroitu duenez: «Konexio batzuk lortu genituen, deus ezagutu gabe». Orratzetik hari, arte konpainiak proiektu bereziak garatu zituen Angeluko Etxea zentroan, Baionan karrikan bizi direnekin eta baita Libanon ere, galdera bati erantzun nahirik: artea nola eraman urrunduak edo baztertuak diren jendeengana, Hennebuttek erran duenez.

Normaltasuna bera dudan ezarririk ere, heldu «normalek» dituzten mugak ez ditu ikusten Hennebuttek eritasun mentalen bat duten artisten artean. «Lortzen baduzu konexio berezi bat sortzea haiekin, zurekin dira arrunt, filtrorik gabekoak dira», goraipatu du. Konpainiak egiten duen lana ez da normalena izaten, konpainiako kidearen erranetan, Frantziako Estatuan bereziki «artea elite baten esku uzten» delakoan.

Artea denen eskura

Urteetan Baionako Cafecito kafetegi inklusiboan arte tailerrak proposatu ondotik, iazko ekainean artistak karrikara eramatea pentsatu zuen Kiribil konpainiak. Jacques Portes plazan egin zuten ikuskizuna oraino ere hunkiturik aipatzen du Hennebuttek: «Graziaz betetako momentu bat izan zen: artista gisa, guti bizi izan ditut halakoak. Ikaragarrikoa izan zen bai artistendako, bai publikoarendako». Har-Eman xedea, beraz, bide beretik pentsatu dute, artea eri direnentzat bezain onuragarria delakoan ikusleentzat.

«Normalki, diru publikoa behar litzateke bai artistendako, bai publikoarendako ere. Baina eritasun mentalak ez dira kontuan hartzen, zinez kontuan hartuko balira laguntzak izanen bailirateke»

AMAIA HENNEBUTTEKiribil konpainiako kidea

Kiribileko kideak ez dira arte terapeutak, baina zinez uste dute artea terapia bat izan daitekeela. Errepikak Baionako Kontserbatorioan egitea bera, Hennebutten ustez, «amets» bat betetzea da batzuentzat. Errepiketan lantzen dituzten adierazpideak, berriz, onuragarriak dira parte hartzaileentzat. «Arribatzean, gehienak ez dira ongi. Tailerra finitzean, sinetsi edo ez, denek ongi bukatzen dute. Erraten dute on egin diela eta eguna aldatu zaiela», argitu du Hennebuttek. 

Sosa biltzen sarean

Har-Eman ikuskizunaren hiru emanaldi antolatuak dituzte jadanik, baina diru iturriak ments dira; Senpereko herriak Euskal Hirigune Elkargoaren laguntzarekin ikuskizuna erosi badu ere, gastuak estaltzeko diru bilketa abiatu dute Helloasso webgunean. Iazko ekainean bukatu ziren arte tailerrak emateko diru laguntzak, eta, xedea hor bukatzekoa bazen ere, Kiribil konpainiak segitzea deliberatu zuen, dirurik gabe: «Gu ere eroak gara, eta indar bat da hori», erran du Hennebuttek, irriño batekin.

Pagatuak izan gabe segitzea hautatu badute ere, laguntza galdetu dute ikuskizuneko ekarriko duten pianista profesionala (William Theviot), pianoaren alokairua eta beste gastuak pagatzeko. «Normalki, diru publikoa behar litzateke bai artistendako, bai publikoarendako ere. Baina eritasun mentalak ez dira kontuan hartzen, zinez kontuan hartuko balituzte laguntzak izanen bailirateke», Hennebutten ustez. 

Baionako Kontserbatorioan, Har-Eman ikuskizunaren errepika saio batean. KIRIBIL
Baionako Kontserbatorioan, Har-Eman ikuskizunaren errepika saio bat. KIRIBIL

Taula gaineko artistez gain, ikasle gazteak ere ariko dira lanean ikuskizun egunetan, ikusleei harrera egiten. Senpereko Arretxea kolegioan proiektua aurkeztu zutelarik, 24 ikaslek parte hartzeko interesa erakutsi zuten, Kiribileko kideak erran du. «Irakasleak erran digu ez dituela behin ere hain motibatuak ikusi», gehitu du.

Diru bilketaren berri emateaz gain, emanaldiak ikustera joateko gomit zabala egin du Hennebuttek: «Azkenean, ez dira elbarrituak ikusten, eta, gainera, umore ikaragarria dute! Pertsona eta artista ederrak dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.