Bihar abiatuko da Errobiko festibalaren 28. aldia. Aurtengoa metamorfosien gaiaren inguruan jorratuko dute. Usaian bezala, munduko hainbat xokotako artistak ikusi eta entzuteko parada izanen da, eta, ohikoa den bezala, trukaketarako parada ere bai. Antolatzaileek erran dute ez dela artea «kontsumitzeko» ekitaldi bat izanen. Solasaldiak, ikastaldiak, sorkuntzak, musika eta dantza momentuak izanen dira Itsasun (Lapurdi), bihartik igandera bitartean.
Metamorfosiak gaia afixan berean idatzia da, baina «aroztegia» aipatu du Julen Axiarik aurtengo aldia definitzeko; 1996an haren gurasoek lagunez inguraturik sortu zuten Errobiko festibala, eta gaur egun antolatzaile denarentzat «garrantzitsua» izan da. «Festibalak egin nau», erran du, bai «pertsona» gisa, bai «musikari» gisa. Itsasu «artearen aroztegi bilakatzen da urtero», Axiariren erranetan, eta ohartarazi du arrotz eta arotz hitzek ofizioari eta kanpotik jin denari erreferentzia egiten dietela; artistak kanpotik ere jiten baitira uztailean Errobi ingurura.
Elkarguneak sortzen
Festibalean trukaketa momentuak ez dira soilik giroak sortuak, programazioaren parte bat ere horretara bideratua baita. Musikarien arteko topaketak proposatzen dituzte, adibidez, eta aurten ere hala eginen dute Egiptotik jin Aya Metwalli kantaria eta Tolosa (Okzitania) aldetik ekarriko duten Yohan Dumas saxofoi jolearen artean, Axiarik aipatu duenez: «Artistei zuzenean zerbait sortzeko parada ematen diegu, eta usu gauza izugarriak pasatzen dira». Bozen distortsioak eta saxofoiarekin sortu polifonien arteko elkarrizketa izanen da, kasu horretan.
«Artistei zuzenean zerbait sortzeko parada ematen diegu, eta usu gauza izugarriak pasatzen dira». JULEN AXIARI Errobi festibaleko antolatzailea
Gaualdi berean bi talde ari direnean ere, kantu batean elkarrekin aritzea proposatzen diete, artisten bat-bateko sorkuntzak bultzatzeko nahi dutenen artean. Publikoarekin ere elkarrizketa tai gabekoa dela oroitarazi du Axiarik: «Ez da mugarik artistaren eta entzulearen artean, eszenaren eta ikusleen artean». Hartu-eman horretan kokatzen dira hitzaldiak ere; aurten, lehen aldiz, Jeanne Lacaille musika kazetariak gidatuko ditu, eta, antolatzaileak dioenez, «parada dira trukatzeko, galdekatzeko ere gizaki gisa, Euskal Herrian eta harago ere bai». Festibalera gomitatuak diren artista batzuek solasaldietan parte hartuko dute.
Eta usaia badute festibala naturaz inguraturik bukatzeko ere. Oraino beste aukera bat da «festibaleko artistekin eta nahi duten guziekin batera» partekatu ahal izateko, antolatzaileen erranetan. Ordua 11:00etan jarria dute iganderako, Itsasuko haurtzaindegiaren aitzinean, Itsusiko peñetara heltzeko. «Ameskeria une kolektiboak inprobisatzeko».
Festibal aitzineko ikastaldiak
Artistak ikusi eta entzuteaz gain, Errobiko festibalak ikastaldiak ere proposatzen ditu, zenbait arte diziplinatan barneratzeko astelehenetik geroz eta gaur arte. Bost ikastaldi pentsatuak zituzten festibalaren egitaraua hasi bezperetan egiteko: Zure boza deskubritu izenekoa Marianne Le Tron artistarekin, Georgiako kantu eta bozak Zoe Perretekin, txalaparta Txomin Dhersekin, Nu-Flamenkoa Paloma Pradalekin eta dantza afro-kubatarrak Madeline Rodriguezekin.
Bestalde, dantza ikastaldiak festibalera itzuli dira, baina Axiarik azpimarratu du musika emanaldietan ere dantzatzea ohikoa izaten dela: «Erritmoak jalgitzen badira, pertsonak zutitzen dira, eta dantzan hasten. Hori xerkatzen dugu zinez».
EGITARAUA
- Osteguna, uztailak 18. Solasaldia elizaldian, 17:00etan: Metamorfosiak I. Kontzertuak Atharrin, 21:00etan: Humanophones, Lagon Noir eta Ventu Omirumba.
- Ostirala, uztailak 19. Solasaldia Zabaloan, 15:00etan: Metamorfosiak II. Kontzertuak Atharriko oihal etxean, 17:00etan: Parveen eta Ilya Khan, Yeni Gayda, Yarin dantza ikuskizuna Andres Marin eta Jon Maiarekin, Naissam Jalal eta Olaria.
- Larunbata, uztailak 20. Solasaldia Zabaloan, 15:00etan: Metamorfosiak III. Kontzertuak Atharriko oihal etxean, 17:00etan: Aya Metwalli eta Yohan Dumas, Sourdurent, Paloma Pradal, Votia eta Ngasa Ngasa.
- Igandea, uztailak 21.
Itsusiko peñetan ibilbide artistikoa. Abiatzea 11:00etan, Itsasuko haurtzaindegian.
Egitaraua eta ikastaldietarako izen emateen xehetasunak: Errobikofestibala.net.