Arrazismoaren eta faxismoaren kontrako protesta eginen dute martxoaren 22an Baionan

Hogei bat eragilek deitu dute mobilizaziora, eskuin muturreko ideien gorakadari erantzuteko. Askatasunean, duintasunean eta eskubideen errespetuan oinarritutako elkartasun eta harrera politika eskatu dute.

Protestara deitu duten eragileen prentsaurrekoa, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Protestara deitu duten eragileen prentsaurrekoa, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2025eko martxoaren 13a
15:47
Entzun 00:00:0000:00:00

Arrazakeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da martxoaren 21a. Hurrengo eguna hautatu dute ezkerreko hogei bat eragilek arrazakeriaren eta faxismoaren kontrako mobilizazioa egiteko. Giza katea eginen dute Baionan, 17:00etan, Marengo eta Pannecau zubien artean. Frantziako Estatuan egindako deialdi zabalagoari erantzuten dio Baionako protestak, baina «kezka» agertu dute Ipar Euskal Herrian eskuin muturreko ideiak izaten ari diren gorakadarekin. «Faxismoari erantzuteko garaia da», aldarrikatu du Amaia Fontang Etorkinekin kolektiboko kideak. 

Nazioarteko egoera aipatu dute, Donald Trump AEBetako presidentearen politikak eta baita Europako hainbat herrialdetan osatu diren gobernuak ere. Baina Frantziako Estatuan azkenaldian gaina hartzen ari den «usain txarreko giroa» ere azpimarratu du Fontangek. «Adierazpen faxistak izan dituzte». Bruno Retailleau Frantziako Barne ministroak «paperezko frantsesak» terminoa erabili izan du adibidetzat, besteak beste. «Eskuin muturraren ideiak zabaltzen ari dira, migranteak erabiliz gaitz guzien hobendun gisa».

Ipar Euskal Herrian ere sumatzen dute migranteen kontrako jarrera. Gogora ekarri dituzte otsail bukaeran migrazioaren eta delikuentziaren artean lotura eginez Pirinio Atlantikoetako prefetak egindako adierazpenak. Eta otsail hasieran migranteen kontra Baionan izandako polizia operazioa ere salatu dute. 29 pertsona atxilotu zituen Frantziako Poliziak. Horrez gain, migranteak laguntzen aritzen direnen kontrako jazarpena ere deitoratu dute. Urriaren 7an epaituko dituzte Korrikan migranteak Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko muga pasatzen laguntzea leporatzen dieten hainbat militante. 

Bestelako erasoak ere izan dira azkenaldian. Iazko ekainean margoketa homofoboak egin zituzten Atharratzen (Zuberoa) eta emazte beltz batek eraso arrazista salatu zuen abendu bukaeran Baionan. Aste hasieran, margoketa feministen kontra egin zuten Maulen. Berriki, eskuin muturreko think tank batek Miarritzen egin duen bilkura ere aipatu dute.

Baina ekaineko eta uztaileko hauteskundeetan eskuin muturrak izandako emaitzetan jarri dute azpimarra. Europako bozetan lehen indarra izan zen Batasun Nazionala Ipar Euskal Herrian, eta Frantziako Asanblearako bozetan ere hiru hautesbarrutietan lortu zuen bigarren itzuliko lehiara heltzea. «Batzuek pentsatzen zuten hemen babestuak ginela horrelakoen aurka, baina ez da batere hala», ohartarazi du Fontangek. Kanpaina garaian merkatuetan esku orriak banatzen aritu zela kontatu du militante batek, eta «eskuin muturreko diskurtsoen askatzea» sumatu zutela erran du. 

2026ko bozak

Heldu den urteko martxoan izanen dira herrietako bozak Ipar Euskal Herrian, eta tokian-tokian eskuin muturreko zerrendak agertuko direla uste dute protestara deitu duten eragileek. «Ez dira beharbada eskuin muturraren izenean agertuko, baina eskuin muturreko ideiak izanen dituzte», zehaztu du Fontangek. Funtsean, horrek sortu die kezka handiena: ideien zabalpenak. 

Eskuin muturraren eta muturreko eskuinaren artean gertatzen ari den gurutzatzea aipatu du Barthelemy Mottay FSU sindikatuko eledunak. «Ipar Euskal Herriko Errepublikanoek Retailleauren aldeko hautu argia egin dute alderdiko presidentetzarako abiatu den lehian. Eskuin muturreko ideiak defendatzen ditu argiki».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.