Aresti Maulen, Xaho Bilbon

Gabriel Arestiren pentsamendua aipatzera etorriko da Karmelo Landa irakaslea Maulera gaur. Otsailaren 23an, zuberotar batzuk Bilboko bisita «arestiarraren» egitera joanen dira, ondotik.

KARMELO LANDA - 'BILBON DABIL ARESTI'
Karmelo Landa, Bilbon, 2022ko urtarrilean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iñaki Etxeleku.
2024ko urtarrilaren 13a
05:00
Entzun

Xiberoko Irakurle Taldeak Karmelo Landa EHUko irakasle eta Bilbon Dabil Gabriel Aresti liburuaren egilea gomitatu du gaur Mauleko Henbentikenerat. Arestiren pentsamendua eta idatzi duen liburua aurkeztuko ditu. Baina edireteak bigarren aldi bat izanen du otsailaren 23an. Liburuari jarraikiz, Arestiri lotuak diren guneetarik ibiliz bisita gidatua eginen dute Bilbon, egun hartan.

2021ean argitaratu zuen Landak (Ea, Bizkaia, 1952) Bilbon Dabil Gabriel Aresti liburua. Aresti idazle zenak lan franko eraman zituen, eta herriari buruz erabili zituen pentsaketa sakonek gaur egun duten oihartzuna hedatu nahi izan du Landak. Horregatik, ez zuen nahi «apalategi batean gordetzen den» liburua izatea, baizik eta «nazio kontzientzia eta kontzientzia soziala, biak mugiaraztea».

Belaunaldi berrietan, bereziki «nazio kontzientziaren galtze» bat sentitzen du Landak, transmisioa ez delako baitezpada «modu egokian hedatu». Uste du bi kontzientzia horiek, hain zuzen, Gabriel Arestik «oso modu sakonean» landu zituela. «Ez da izan ohiko idazlea, bere curriculum literarioa landuz joan dena», gehitu du Landak. Arestik literatura genero orotarik baliatu duelako, eta euskaldun berri izatetik euskaltzain izatera egin bidean euskara artoski landu zuelako, «euskara bera prestatu zuen literatura hizkuntza» izateko.

Horretarako, Euskara Batua adosteko tenorea baino lehen jada landua zuela oroitarazi du Landak. 1959an argitaratu Maldan Behera Arestiren bilduma famatua lekuko. «[Federiko] Krutwig, [Jon] Mirande eta [Jose Luis Alvarez Enparantza] Txillardegik bezala ikusten zuen euskara literarioa ezinbestekoa dela kultura propioa garatzeko gizartean».

Kontzientzia soziala

Bilbotarra zen Aresti, eta Bilboko portuan aritu zen lanean. Hango langileria ezagutu —«batzuk etorkinak, besteak euskaldunak jatorriz, baina biak zapalkuntza beren menpe»— eta haien bizi baldintzak ikusi zituen —«25.000-26.000 pertsona bizi ziren Bilbo inguruan beraiek egindako egurrezko txaboletan». Eta idatzi.

Proletarioen kinka nazio kontzientziarekin lotu zuen Arestik. Bi zapalkuntzak lotuz. «Euskara debekatua zen frankismoan, eta Euskal Herria bera zatikatua eta debekatua», jarraitu du Landak. Gainera, Arestik zapalkuntza horien kontzientzia Bilbotik Euskal Herri osora zabaltzea bilatu zuen.

«Oso inportantea da euskaldunok ulertzea behar dugula kultura polisistema integral bat».

KARMELO LANDAEHUko irakasle eta idazlea

Liburuarekin batean, Gabriel Aresti kultura elkartearen laguntzaz, Landak araberako Bilboko bisita pentsatu du. Arestik ezagutu dituen guneetarik ibiliz herri oso baten historia eta oraina hunkitzeko. Bilbo inguruko jendearekin, jadaneko, berrogei bisitaz goiti badituzte eginik. Euskal Herri guzitik ere hasia da jiten jendea, orain, bisita horren egitera. Zuberotarrak joatekoak diren bezala, Baionako Beñat Etxepare lizeoko ikasle batzuek ere egina dute bisita Bilbon. Adin orotako jendea ibiltzen da horietan.

Aresti bera sortu zen etxetik abiatzen dituzte bisitak. Haren aitaren etxea zen eraikinetik. «Nire aitaren etxea da haren poemarik ezagunena». Ibilaldia, nolaz ez, porturaino joaten da, Euskalduna lantegia zegoen tokira; gero, Zazpikaleetara, Euskaltzaindiaren egoitzara. «Bilboko geografia arestiarra egiten dugu».

Pentsamendu beti oraingoa

Landak azpimarratu du Arestiren pentsamenduak gaurkotasun handia duela. Maulera etorriko den egunean, hain zuzen, pentsamendu horren «hezurdura» aurkeztuko du.

Gabriel Arestik poesia, antzerkia, hitzaldiak, eleberriak, ipuin laburrak, «denetarik» landu zuen. Horrez gain, euskara landu bat ekartzera «tematu» zen. «Zergatik?», galdetu du Landak. «Polisistema osatu beharra planteatzen aritu baita». Polisistemaren kontzeptu hori garatuko du Maulen Landak. «Oso inportantea da euskaldunok ulertzea behar dugula kultura polisistema integral bat».

Historia landu zuen Arestik, baita euskal literatura klasikoa ere, eta polisistema horretarako baliatu zuen. «Arestiren poema nagusietan —Euskal Harria, Nire aitaren etxea, Zorrotzako portuan aldarrika, Bilboko kaleak— dauden elementu sinboliko nagusiak historiatik eta euskal literatura zaharretik hartutakoak dira». Arestiren erreferentzien artean Axularren «sagarroiaren» irudia aipatu du Landak, ondotik beste idazle batzuek —Sarrionandia, Atxaga— hartu dutena. Halaber, Milia Lasturkoaren XV. mendeko balada batean oinarria duen Zerutik erori gabeko harria, Arestiren Euskal Harria olerkian. «Aresti oso sakon ezagutuz eta landuz Euskal Herria bere sakonera osoan azter dezakegu».

Zuberotarrak otsailaren 23an joanen dira Bilbora bisita arestiarraren egitera. Molde berezian egin nahi dutela erran du Landak parada bali. «Gabriel Arestiren parean nahi dugu Agosti Xaho jarri». Atharratzeko XIX. mendeko idazle eta politikariak Arestirekin «parekotasunak» badituela gehitu du. «Arestik berak aipatu zuen hori».

Baionarat ere jitekoak dira ondoko asteetan Karmelo Landa eta haren lagunak. Hor ere, Lapurdiko idazle bat edo batzuk hautatuko dituzte «zubiak» egiteko asmoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.