Ardi saldoei eraso die otsoak, eta beldurra sortu

Otsailean otsoa bideo batean agertu zen eta martxoaren 4an ardi bat otso batek hil zuela baieztatu zuten. Laborari sindikatuentzat, otsoa eta hazkuntza ez dira bateragarriak Ipar Euskal Herrian.

Otsoa bat, basoan, artxiboko irudi batean. BERRIA
Otso bat, basoan, artxiboko irudi batean. BERRIA
Joanes Etxebarria.
2025eko martxoaren 28a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Otsoa aipatu, eta otsoa atean. Atsotitza errealitate bilakatu zen otsailaren 21ean Larhunen filmatu otsoaren bideoa zabaldu zelarik. Handik egun batzuetara, prefeturak konfirmatu zuen otsoa zela, eta piztiaren presentziak dakartzan beldurrak piztu ziren: martxoaren 5ean, ardi bat hilik agertu zen Bardozeko soro batean. Nekez ageri dira ados FDSEA eta ELB laborari sindikatuak, baina otsoa aipagai delarik bai: haientzat otsoa ez da bateragarria Ipar Euskal Herriko laborantzarekin. Otsoaren aldeko bozak, berriz, Interneteko ihardukitzeetan agertu dira, bereziki.

Hedabide gehienetan lehen albiste izan da azken denboretan. Sare sozialetan, otsoaren inguruko berrien segidan, ehunka izan dira otsoaren aldeko oharrak. «Haren lurra da: utzi otsoa bakean» eta halakoak trumilka idatzi dituzte. Laborari sindikatuetako ordezkariek, ordea, alarma jo dute, uste baitute Ipar Euskal Herrian hazkuntza garatuegia dela harrapari handi baten presentzia onartzeko. Otsoa «kendu» eta «garbitzeko» deiak ere egin dira. Hegalaldia elkarteko Stephan Maury izan da ñabarduraren bat egin duten bakarrenetakoa; ulertzen du hazkuntza eta otsoa ezkontzea ezinezkoa dela, baina ez du nahi zonaka antolatzeko parada baztertzea.

Alpeetako esperientzia

Lili Saint-Laurent laboraria otsoaren presentzia handia duen mendi eskualde batetik Euskal Herrira etorri zen irailean, Landibarren plantatzeko familiarekin. Proventza Garaiko (Frantzia) Alpeak departamenduan artzain hasi zen Saint-Laurent: «Otsoari esker hartzen ziren han artzainak». Bikotekidea laboraria du, eta handik joatea erabaki zuten, besteak beste otsoaren presentziarekin «egun guztian bizitzea biziki pisu» zitzaielako. Landibarreko etxaldeak lur guti dituenez, ardiak Bardozen zituzten bazketan, eta han agertu zitzaien ardi bat otsoak hila, martxoaren 4ko gauean, Frantziako zerbitzuek hala baieztaturik. Biharamun gauean, berriz eraso zioten ardi saldoari. Saint-Laurentek zehaztu du ingurumena babesteari loturiko ikasketak eginak dituela, eta ez duela deus otsoaren kontra. «Baina azken hamar urteetan ikusi dut ez dela uztartzen ahal kanpoko hazkuntzarekin, kanpoko laborantzarekin», gehitu du. 

«Dirua emanez, laborari eta artzainen isiltasuna erosi nahi dute, baina ez da halakorik onartzen ahal aterabide gisa»

LILI SAINT-LAURENTOtsoak kalte eginiko laboraria

Ipar Euskal Herriko bi laborari sindikatuetako ordezkariek baieztapen bera egin dute. FDSEAko kide Patrick Etxegaraik adierazi du laborantza egoera zailean dela: «Hemengo hazkuntzan, anitz etxalde ttipi badira, anitz ardi, negu guzian kanpoan izaten dira...; udan, denak borturat joaten dira. Hemen ez gara otsoarekin bizitzen ahal: ez da posible». ELB sindikatua iritzi berekoa da: Panpi Sainte-Marie bozeramaileak hazkuntzaren alde ekonomikoa eta soziala azpimarratu ditu, eta arauak oroitarazi: «Esnea egin eta arautegia betetzeko, ardiek behar dute kanpoan ibili. Beraz, beharko da hautatu: otsoa, ala laborantza eta hazkuntza». 

Otsoaren eraso batek utzi ardi hila, Bardozen, martxoaren 5an. Lili saint-Laurent
Otsoaren eraso batean hil ardia, Bardozen, martxoaren 5ean. LILI SAINT-LAURENT

Interneteko ohar kategorikoetatik urrun da Hegalaldia elkarteko Stephan Mauryren iritzia; ez da otsoan berezitua, baina «haren biologia ongi ezagutzen» du. Mauryren ustez, ikusi duten otsoa «pasaian baizik ez da», eta otso saldoak plantatu aitzin «denbora bada mintzatzeko, eragileak mahaiaren inguruan jartzeko». Lurraldeari «egokitzen dakien ekologista» gisa definitu du bere burua, eta badaki otsoaren presentzia ez dela bateragarria hazkuntzarekin. Auzia «konplexua» izanik ere, Mauryk proposatzen du zonak ezartzea. «Saiatuko naiz laborariekin aipatzen. Beharbada, beharko lirateke otsoa onartzen den guneak —Iratiko oihan zabalean, adibidez— eta onartua ez den guneak».

«Beharko lirateke otsoa onartzen den guneak —Iratiko oihan zabalean, adibidez— eta onartua ez den guneak»

STEPHAN MAURYHegalaldia elkarteko kidea

Proposamena xehatu du Mauryk: uste du otsoaren presentziak baduela interesa eremu basa eta zabaletan, hazkuntza nagusi den guneetan ez bezala. Haren erranetan, oihanetan orein eta orkatz sobera dira, gune batzuetan zuhaitz sortu berriak oro jaten dituztelako; basurde saldoak ere kaltegarriak dira, oihanak eta laborantzako lurrak xehatzen dituztelako. Horien parean, otsoa onuragarri litzateke, Mauryren arabera. «Harraparirik ez dutelarik, oreinak eta basurdeak xoko batean egoten dira, eta gai dira egun eta gau dena iraultzen ibiltzeko oihan edo soroetan. Harrapariak badirenean, oren bat edo bi egoten dira gune batean, eta, harrabotsen bat aditu bezain fite, ihes egiten dute».

Tiroak aipagai

Estatuak baimena eman dezake otsoa uxatzeko edo hiltzeko, oraino hala egin ez badu ere. Hitza-k jakin duenez, informazioa baieztatzeko ahalik ez bada ere, 2022an Landibarre inguruan hainbat artalderi eraso zion otsoa eta urte hastapenean ikusi zutena tiroz hil dituzte. Hein horretan da tentsioa. Tiroek, halere, «ez dute otsoaren kolonizazioa geldituko», Mauryren ustez, haien ibilmoldea dela eta. «Alfa bikoteko otso heldu bati tiro egin eta hiltzen denean, saldoa zartatzen da, eta alde guztietan zabaltzen dira. Ohartu gara hil dena bikote dominantean bazen ondoko asteetan otsoen erasoak ugaritzen direla ehun kilometrorainoko perimetroetan». Tiro egitekotan, haren erranetan, otso gazteak lirateke «helburutzat hartu beharko».

«Ardiek behar dute kanpoan ibili. Beraz, beharko da hautatu: otsoa, ala laborantza eta hazkuntza»

PANPI SAINTE-MARIE ELB sindikatuko bozeramailea
Stephan Maury Uztaritzen, martxoaren 11an, Hegalaldia elkarteko egoitzan. PATXI BELTZAIZ
Stephan Maury Uztaritzen, martxoaren 11n, Hegalaldia elkartearen egoitzan. PATXI BELTZAIZ

Sindikatuek presioa atxiki nahi dute Frantziako zerbitzuek ahalak ezar ditzaten otsoa lurraldetik kentzeko eta tiroak ere balia daitezen. Etxegaraik «urgentzia» aipatu du: «Lehen otsoa heldu delarik, behar da kendu. Ez da beste aterabiderik. Bikote bat edo familia bat plantatzen delarik, fini. Ez badira egiteko kapable, utz ditzatela besteak egiterat». ELB ere posizio berean da, baina hozka bat urrunago doa Sainte-Marie, estatuak ez baitu tiroak onartzeko deliberoa hartua oraino: «Ulertzen dugu laborari batek bere saldoa defendatzeko tiratzea, otsoa uxatzeko edo hiltzeko. Hori gertatzen bada, ilegalki izanen baita, guk defendatuko dugu».

«Zakurrak eta zerrailuak ezartzea, ardiak zaintzea... hemen ez da posible»

PATRICK ETXEGARAIFDSEA sindikatuko bozeramailea

Harrigarriago da Hegalaldia elkarteko kideak hitzik ez ukaitea hazkuntza anitz den guneetan otsoari tiro egitearen kontra. Ohartzen bada ere ingurumenaren babesteko elkarteetakoen «tiroak» jasoko dituela horregatik, Mauryk ez du animaliak beste ororen gainetik ezartzen dituen «muturreko ekologia baten alde» egin nahi. Haren iritziz, hazkuntzak biodibertsitateari egiten dion ekarpena aipatu behar da: «Hazlerik gabe, beste biodibertsitate bat bagenuke. Naturalista gisa, ez nuke arazorik oihana nagusitzearekin, baina oihanak hesten badira, ber erakargarritasun turistikoa bagenuke? Jendea paisaia horiek ditugulako heldu da, eta mendian kabalak badirelako. Turismotik bizi gara: ez da ahantzi behar», trenkatu du. Beste hiru solaskideek ere oroitarazi dute hazkuntzaren inguruko aktibitateak duela mendia garbi atxikitzen.

« Egin behar ez dena» egin duela dio Saint-Laurentek, sare sozialetako ihardukitzeak irakurri baititu. Horietako anitzetan irakur daiteke Europako beste herrialde batzuetan otsoa eta hazkuntza «ontsa» uztartzen diren. Ez egin dituen bidaietan ez Alpeetan laborari gisa iragan hamar urteetan, ez du halakorik ikusi; alderantziz: «Italiatik hurbil ginen, eta gune batzuetan tiro egiten diote otsoari, eta, hala, ikasten du ez duela hara hurbildu behar».

Tiroak ez ezik, besterik ere bada aipagai kabalak otsoen erasoetatik babesteko, baina Etxegarairentzat «zakurrak eta zerrailuak ezartzea, ardiak zaintzea... ez da posible. Hemengo hazkuntzarekin ez da posible: sobera laborantza ttipi bada, sobera pentze ttipi». Patu arrazako zakurrak, zehazki, ezin atxikiak dira Sainte-Marierentzat, «jakinik Garazitik Orbaizetaraino badirela ardiak alde guztietan, eta egunean ehunka ibiltari ere bai. Nola kudeatu?». Mauryk ere ikusten du lanjerosak direla zakur horiek, laborari batek bi patu hartu baititu haren herrian: «Herritarrentzat infernu bat da. Patuek ardiak zaintzen dituzte, baina bidea ere bai».

Estatuaren beste erantzun bat diru laguntzak dira: artzainen enplegatzeko laguntzak, txakurrak erosi eta heztekoak, hesi mugikorrak erostekoak, eta ardi hilen trukean ematen kalte ordainak. Aterabide gisa, onartezinak zaizkio Saint-Laurenti: «Alpeetan soluzio gisa aurkeztu zituzten, eta, hemen ere, prefetak aipatu zizkigun gure erasoaren ondotik harekin bildu ginelarik. Behar da erakutsi ez dela aterabide bat. Dirua emanez, laborari eta artzainen isiltasuna erosi nahi dute, baina ez da halakorik onartzen ahal aterabide gisa, laguntzen bidez ez baita otsoaren presentzia edo garapena kudeatzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.