Arberoko ikastolak herenegun ospatu zuen bere XV. urteurrena, Izaro, Xutik eta Patxaranga taldeekin batera, Mendeala gela girotzeko asmoarekin. Hortaz, egun berezia izanen da, 2008tik eramaten duten borroka gogoetara ekartzeko, Seaskaren «Seaska» barruan beste pedagogia modelo bat plantan ezarriz eta aitzinera ekarriz mugimendu bat sortu baitute Arberoako ibarrean.
Egun, Arberoako ikastolak bereziki Donoztiri, Izturitze, Donamartiri eta Aiherrako 55 ikasle eta bost langile biltzen ditu. Duela hamabost urte, 2008ko sartzean, lau ikaslerekin eta irakasle bakarrarekin egin zuten estreinaldia. Hiru urte lehenago hasi zen ikastola horren proiektua aipatzen. Garai hartan, irakaskuntzan klase berriak irekitzea zaila zen; batez ere, elebidun sailetan. Ikastolen kasuan, ikastola «historikoan» egonkortzen segitzen bazuten ere, ez zen gehiago ikastola berririk sortzen.
«Testuinguru horretan hasi ginen, bilkurak egiten burasoen artean, proiektu bat, edo hobeto erranda, amets bat aipatzen», adierazi du Ttitto Betbederrek, ikastolaren sortzailetarik batek. Buraso bakoitzak motibazio ezberdinak zituen, baina elkarren «osagarriak» zirenak; horien artean, eskualdetik hurbilago zen ikastola bat behar zuten, garaian Hazparneko ikastola baitzen hurbilena; ikastola ttipi bat ere nahiago zuten, haurrekin gertutasuna lortzeko, burasoei leku garrantzitsu bat uzteko ikastolaren barruan, baita pedagogia mota desberdinak entseatu edo lantzeko ere. «Motibazio horiekin guziekin joan ginen Seaskara. Hor zirenek lehen bilkura hori ez dute sekula ahantziko: hamabi pertsona ginen; haien artean, lau ama haurdun. Seaskako arduradunek sorpresaz hartu zuten hori!».
«Ametsa zena betearazi dugu, eta jarraitzen du. Lortu da buraso berriei lekukoa pasatzen ere. Kontserbadorea badirudi ere, eotrkizunean espero dut horrela segitzea». TTITTO BETBEDERIkastolako sortzaileetako bat
Proiektua azaldu zieten Seaskako arduradunei, eta «abentura baten hasiera» zela azaldu du Betbederrek: etxeen eta herriko etxeen itzulia egiten hasi ziren, beste eskolekin harremanetan hasi, ekimenak antolatu ikastola diruztatzeko, eta abar. Hainbat oztopo eta traba gurutzatu ondorik, 2008ko irailean egin zen ikastolaren lehen sartzea, Donamaritiko herriko gela publikoan; 2008ko azaroaren 29an egin zen ikastolaren estreinaldia. Orduz geroztik, ikastola garatuz joan da: 2010ean hogei ikasle, 2012an berrogei, 2016an 67. «Ametsa zena betearazi dugu, eta jarraitzen du. Lortu da buraso berriei lekukoa pasatzea ere. Kontserbadoretzat badirudi ere, etorkizunean espero dut horrela segitzea».
Gaur, ikastolako irakasleak Frantziako Hezkuntza Nazionalak pagatzen ditu; haatik, kantina denborako ikasleen laguntzaileak, klase denborak eta haurtzaindegia laguntzen dutenak, ikastolen gain direla adierazi du Kriztof Arotzarenak, ikastolako lehendakarikideak: «Hiru pertsona ditugu; horretako antolatzen ditugu ekimen desberdinak urte osoan».
Urtero hogei bat ekitaldi proposatzen dituzte: izan Arberoako eguna, filmen proiekzio gaualdiak, urte bukaerako emanaldia, edo dantzaldi gaualdiak... Aurtengo lehen topaketa larunbat arrats honetan izanen dute, kontzertu gaualdi batekin: Patxaranga, Xutik eta Izaro. «Aurten nahi izan dugu oraino gehiago markatu, Iparraldean ikusten ez dugun artista bat proposatuz», aitortu du Ramuntxo Christyk, Arberoako ikastolako buraso eta lehendakarikideak.
Montessoriren pedagogia ikastolaren oinarrian
Talde pedagogikoak haur eta gurasoekin bat eramaten ditu proiektuak urte osoan. Norberaren interesen arabera, proposamenak gurasoen eskutik heldu dira, Arberoa Ikastolako irakasle Extefana Oihenarten arabera: «Urte bukaera bakoitz galdegiten diegu zer proiektu baluketen proposatzeko ikastolan lantzeko». Trukea zeregin nagusia da guraso eta talde pedagogikoaren artean. Ikastolako haurren kopurua aski apala denez, guraso bakoitzak bere hitza du tailerrak kudeatzeko. Irantzu Illunbe eta Charlene Collet guraso berriak dira ikastolan, eta biek diote ikastolan gurasoen iritzia eta laguntza biziki galdeginak direla. Izan erdaldun, izan euskaldun, nahitaez lekua atzematen da ikastolan.
Maria Montessorriren (1870-1952) pedagogia oinarritik hartuz, Arberoako ikastolak bere maneran bereganatu du italiar medikuaren pedagogia. Haurraren erritmoa errespetatuz, guraso, langile eta haurrekin elkarren arteko trukea aurrera ekarriz, edota komunikazio ez-bortitza mahaian ezarriz.
Enpatia, errespetua, «bestea» eta sentimendu adierazpena. Lau zutabe horiek ikastolaren ibilbide pedagogikoa gidatzen dute. Extefana Oihenarten iritziz, metodologia horrek jendea erakar dezake, eta, hortik, haurren sartzearen baimentzea Donamartiriko ikastetxean. Collet ikastolako guraso berriak ikastolaren fama horren berri jakin ondoren hartu zuen erabakia. Bizilagunarentzat eta bientzat pedagogia metodoa kalitate bat zen, ikastolaren hurbiltasunaz gain, Mehainen bizi baitira. Illunberentzat haurraren erritmoaren errespetua garrantzitsua da, proiektuka lan egiteak haurraren motibazioa ahalbidetzen duelako, Colleten iritziz.