Alain Larrea: «Araudi berezietako eskubideak ahultzen direlarik, eskubide orokorren ahultzea heldu da»

Larrea izanen da Baionako abokatuen burua urtarriletik goiti. Azken hilabeteetan Ipar Euskal Herrian gertatu errepresio kasuei begira, uste du «ihardukitzeko» borondate bat badela, eta militanteak «beldurrarazteko» balio dutela.

Alain Larrea abokatua, Baionako bulego aitzinean, urriaren 7an. NAHIA GARAT
Alain Larrea abokatua, Baionako bulego aitzinean, urriaren 7an. NAHIA GARAT
Oihana Teyseyre Koskarat.
2024ko urriaren 12a
05:00
Entzun

Zuzenbideak gizarteari so egiteko beste ikuspegi bat ekartzen dio Alain Larrea abokatuari (Baiona,1964). Ibilbide oparoa du, eta hainbat aferatan egindako lanagatik ezagutua da, besteak beste, migratzaileen eskubideen defentsan aritu baita. Berriki, Ostiako kideen epaiketan abokatu izan zen. Etxebizitzaren egoera ikusirik, ardura hautetsiena dela uste du. Heldu den urtarriletik goiti Baionako abokatuen buru izendatuko dute, bi urterentzat. 

Zerk eraman zintuen abokatu izatera?

Gogoak. Gogoa nuen abokatu izateko, eta Zuzenbide ikasketak horretarako hasi nituen. Ez nuen ene burua epaile gisa ikusten; ez ez nuelako epaile izan nahi, baina banekielako epaile izanez gero gutxienez hamar urte beharko nituela Frantziako iparraldean pasatu, Euskal Herritik hurbildu aitzin. Nik hemen bizi eta lan egin nahi nuen; abokatu ofizioak horretarako aukera ematen zidan, eta jendeen defenditzeak ene kontzientziarekin bat egiten zuen. Baionan Europako zuzenbidea ikasi nuen, konkurtso batzuk pasatu nituen, eta Paueko abokatu eskolan sartu nintzen. Handik abokatu atera eta Baionan plantatu nintzen. 

Edonor defendatzea posible da? 

Galdera itzuliko dut. Galdera hori egin geniezaioke mediku bati kriminal bat operatu behar balu? Norbait defendatzen dudalarik, ez dut nik egina berak egin duen delitua. Bakoitza bere lekuan: Poliziak ikertzen du, epaileak jujatzen du, eta abokatuak defendatzen du.

Ezaguna zara abokatu gisa; besteak beste, migratzaileen eskubideen alde egin duzulako. Arlo horretan zein dira erronkak zuretzat? 

Ikusten dugu estatu baten araudietan bi ardatz badirela eskubideen murrizteko momentuan. Lehen ardatza da terrorismoaren kontrako araudia, eta, bigarrena, atzerritarren kontrakoa. Araudi berezietako eskubideak ahultzen direlarik, eskubide orokorren ahultzea heldu da. Beti ulertu dut behar dela borrokatu bi sektore horietan, bai terrorismoaren kontrako legedietan, baita atzerritarren kontrakoetan ere, eskubideak errespetarazteko. Hori izan da enetzat lehen motibazioa. Gero, euskalduna izanez, bada motibazio berezi bat: gure historiak erakutsi digu norbere lekuan ez delarik aterabiderik atzematen bizitzeko, beste norabait joan behar dela aterabideak atzemateko. Ene kasuan hori gertatu da; banuen amatxi bat Montevideon sortua, haren gurasoak harat joan zirelako bizi hobe bat lortzeko. Amatxi han sortu zen, baina 10 urterekin itzuli ziren Euskal Herrira, ez zutelako lortu bizia egiten han. Gero, hemen bizi izan ziren, Lapurdin. Historia horrek pentsatzen dut inkontzienteki zerbait ekarri didala borroka hori eramateko orduan. 

Terrorismoaren kontrako legedia aipatu duzu. Azken urteetan, bereziki 2015eko Frantziako atentatuen ondorioz, legeak gogortu direla uste duzu? Ondorio bat badu horrek eskubideei begira?  

Ordutik, teknologia mailan egin diren aitzinamenduek iraun dute, batez ere. Kontrola eta informazioen lortzeko metodoak hedatu dira, nahiz eta epaile batek behar dituen baimendu. Alde batean zein bestean: gaiztagintzan ere teknologia berrien garapenak ondorioak ditu. Eta estatuak hartzen dituen erabakietan ere bai: teknologiak ematen ditu gizarte osoaren kontrolatzeko posibilitateak. 

Azken urteetan, bestalde, gizartean ideia erreakzionarioek gora egin dute. Epaileengan eraginik badu horrek legeak interpretatzerakoan? 

Epaileak ez du legea interpretatzeko tarte handirik. Egiten ahal duen bakarra da zigorraren heina finkatzea, gorago ala apalago, betiere legeak dioenaren barruan. Beste arlo bat aipatzeko, adibidez, emazteen kontrako indarkeriaren kasuetan, zigorrak lehen ziren baino azkarragoak dira, betiere legeak ematen dituen mugen barruan. Beste arlo bat aipatzeko, polizien kontrako ekintzetan zigorrak azkarragoak dira, beharbada. Epaileak hori ez du aldatzen ahal, eta hori horrela izatea ongi da: gizarte batean legea parlamentuak egin behar du, ez epaileek.   

Beraz, iritzi publikoak eragina badu, hein batean.

Ez dut uste iritzi publikoak manatzen duenik hori. Baina gizarte batean bizi gara. Ez da iritzi publikoak manatzen duela, baina gizartearen sentsibilizazio bat gertatzen ahal da, eta horren ondorioz ikusten da zerbait aldatu beharra. Erranen nuke iritzi publikoak gehiago eragiten duela politikoengan. Gero, haiek dute legea egiten, ongi edo gaizki, baina haiek dute indarra legearen aldatzeko. Legea ez bada ona, ez da epailearen esku aldatzea; botere politikoaren ardura da.

Azken urteetan ugaritu dira greba eta protesta mugimenduak auzitegietan; salatzen duzue ahalak eskas direla. Eragina badu horrek auzietan? 

Epeak biziki luzeak dira. Kasik bi urte behar dira Baionan dibortzio baten lortzeko. Lantegitik kanporatze baten trenkatzeko Lan Auzitegian kasik bi urte behar dira. Hori ahal eskasiaren seinale da. 

«Ez dakit errepresioa azkartu den, baina segur dena da ihardukitze bat badela. Hemengo hautetsien partetik bada erantzuteko xede bat. Botere publikoei galdetzen diete ihardukitzeko, baina haiek dira egoera horren erantzuleak»

Azken hilabeteetan Ostiako kideen defentsan aritu zara. Mugimendu horren kontrako errepresioa emendatu dela uste duzu?  

Ez dakit errepresioa azkartu den, baina segur dena da ihardukitze bat badela. Hemengo hautetsien partetik bada erantzuteko xede bat. Botere publikoei galdetzen diete ihardukitzeko, baina haiek dira egoera horren erantzuleak. Gaur egun etxebizitzaren arloan bizi dugun egoera hautetsiei zor diegu. Haiek dituzte bozkatzen etxebizitza eraikitzeko planak, ez Parisek. Geroz eta gehiago, jendeak ohartzen dira hemengo hautetsiek, beren beharrei erantzuteko ordez, dirudun batzuen beharrei erantzun dietela, hemengoak izan ala ez. Jendeak horretaz jabetzen dira, eta protestak egiten dituzte: okupazioak, manifestazioak... Marieneko lurren aferan, bada ez dutela soportatzen jendeen egitatea, militanteen egitatea, eta ez bakarrik militanteena, jende anitz federatzen ari baita gai horren inguruan. Gazteriaren parte bat arranguratua da; hortaz, sufritzen dute. Horren parean, hautetsi batzuek galdegiten dute botere publikoei ihardukitzeko, eta ihardukitzeko bortizki, lege penala erabiliz. 

Ostiako militanteak goizeko seietan atxilotu zituzten, Bouyguesen bulegoan lurra, lastoa eta ura jaurtitzea leporatuta. Jende anitzek neurriz kanpokotzat eta erridikulutzat jo zuen hori. 

Erridikulua da guretzat. Baina helburua da ekintza militanteetara pasatzeko prest liratekeen pertsona batzuei beldur egitea, ez daitezen joan ekintza mota horien egitera. Ene ustez, hori da helburua, eta ez da besterik ikusi behar. Mediatikoki, gainera, zerbait egiten zutela erakutsi behar zuten.

Auzi horretan, kideek euskararen gaia aipatu zuten, euskaraz mintzatu baitziren. Berriki, Gorka Torre euskaltzalea epaitu dute, eta salatu du euskaraz deklaratzea debekatu diotela eta interpretea ekartzeari uko egin diotela. Ba al dago legean zirrikiturik euskaraz deklaratu ahal izateko? 

Ez. Euskaraz deklaratzeari uko egitea legea aplikatzea da. 1992an hemengo diputatu Alain Lamassourek aldarazi zuen Frantziako Konstituzioa. Ordura arte deusik ez zuen erraten, eta orduz geroztik Frantziako hizkuntza ofizial bakarra frantsesa dela dio. Gero, doi bat kritikak isilarazteko Frantziak sinatu zuen hizkuntza gutxituak babesteko ituna, baina hori ere itxura egiteko zen, martxan jartzeko parlamentuak berretsi behar baitu, eta Frantziakoak ez baitu sekula berretsi. Beraz, Turkiarekin batean, Europako estatu bakarra da hori egin duena. Epaileek erraten dutelarik ez dutela uzten euskaraz deklaratzera, horretan oinarritzen dira. Borroka hori epaile batzuen aitzinean eramatea debalde lan egitea da: politika mailan eraman behar da, hautetsiengana joan behar da. Dena den, epaileak ezin du legea aldatu. Edo, bestenaz, diktadura batean sartzen gara, eta epaileak nahi duena egiten du. 

MOTZEAN

  • Abokatu izan ez bazina, zer ofizio hautatuko zenukeen? Lurrarekin lotua den zerbait, loregintza edo baratzezaintza. Sukaldariarena, zergatik ez, edo liburuekin lotua den ofizio bat.
  • Gustukoen duzun liburua? Alain Fournieren Les Grands Meaulnes.
  • Defendatu duzun afera interesgarriena? Aita bat defendatu nuen: ama batek bere 10 urteko haurra hil zuen, medikua zen, lo egiteko erremedioekin, aitarekin ez zuelako harremanik nahi. Beste afera bat ere heldu zait: Angolako gazte adingabe bat. Hendaiako atxikitze zentroan zen, ateraraztea lortu nuen, baina ez zen hezitzailerik arduratzeko, eta enekin pasatu zuen eguna. 
  • Abokatu arropa kentzean, aferak burutik kentzen dituzu? Ez da erraza, ez. Zure bezeroen arazoekin sartzen zara etxera, ahal bezala. Eskolan ez naute prestatu nire aurrean jendea negarrez ikusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.