Gotaine-Irabarneko Xiru festibalak formatu ttipiagoa ukanen du aurten. Xiru-tto deitu dute 34. aldia, hiru eguneko festibala zena egun bakarrekoa izanen baita aurten, martxoaren 30ean. «Dudan egon ginen jarraiki edo utzi, eta azkenean bien arteko hautsi-mautsi bat atzeman dugu», laburbildu du Mixel Etxekopar antolatzaileak. 1990ean lehen aldia egin zenetik, urtez urte, beti ber laguntzaileak ari izan dira festibal «xume» hori antolatzen, eta doi bat higatu direla ulertarazi du Etxekoparrek: «Irauten duen gauza orotan bezala, bada gora eta bada behera; uhinetan bezala, marea gora eta marea behera». Hala, hiru egunen partez, egun bakarra izanen da aurten, eguerditik gauerdira. Aurten, Andaluziako (Espainia) musika arabiarra ekarriko dute.
Antolaketaren lan eta pisuak bazter utzirik, haatik, alde artistikoan ez da akidurarik; sentitzen da, preseski, proposamen artistikoak egiteko nahiak ekarri duela segitzeko indarra. Xiru plaza berezia da sorkuntza desberdinak eta kanpoko kulturak ekartzeko, Etxekoparren ustez: «Badugularik ideia bat, badakigu badugula espazio bat, gune bat eta une bat presentatzeko». Ideia, aurten, Erdi Aroko Nafarroa eta Al-Andalus erresumaren arteko «hari bat» da, lotura bat denboran eta espazioan.
Zuberotarrak arabieraz
Gaiaren hautua ez da kasualitate hutsa, antolatzaileak dioenez, mundu arabiarrak oro har bizitzen dituen «pataskak» kontuan hartu baitituzte: «Palestinan bada masakrea, eta sarraskia, baina hemen ere iduri zait arabiar munduak Errenazimentuan bezala beldurra ematen duela». Camille Vidalain, Tahar Hacini eta Maika Etxekoparrek kantu arabiarrak eta Euskal Herrikoak emanen dituzte Mauleko Plaza Gizon ostatuan, martxoaren 30ean, 12:00etan hasirik. Horietarik batzuk, arabieraz izanagatik, Euskal Herrian idatziak izan ziren, Etxekoparren erranetan: «Adibide bat emateko, Maika Etxekoparrek kantatuko du XII. mendean Tuterakoitsua deitzen zen poetak arabieraz izkiriatu zuen kantua».
Erdi Aroko musika ekartzeko, Begoña Olavide Arizkun kantari eta musikari andaluziarra gomitatu dute. «Arabiar kultura nagusi zeneko musika piezak biltzen ditu, dokumentu zaharretan miatuz», esplikatu du Etxekoparrek. Carlos Paniaguak egiten dituen musika tresnak jotzen ditu Olavidek. Biak agertuko dira Xirura: lehena, kantu eta musika emanaldi bat egiteko Gotaineko elizan, 21:00etan; bigarrena, musika tresnen inguruko hitzaldi musikatu bat emateko Irabarneko elizan, 15:00etan.
XV. mendearen hondarrean musulmanak Andaluziatik uxatuak izan zirenez, Erdi Aroko musika arabiarraren arrastoak Marokon xerkatu behar izan ditu Olavidek. Han bizi izan zen bost urtez, justuki musika hori ikertu eta praktikatzeko. Eta Xiru festibalaren izpiritua beti trukatzea denez, «modu xumean, baina elkarrekin» emanen duten parte bat ere prestatzen ari dira andaluziarrak eta euskal kantariak: Xendarineko Ahizpak, batetik, eta Idoia Tapia eta Mila Jaurrieta jota kantariak, bestetik.
«Ene herriko musiketan atzematen dut berria edireten dugula, eta ustez berria den horretan, betikoa».
MIXEL ETXEKOPARXiru festibaleko antolatzailea
Antolatzaile haboro baditu Xiruk, baina Etxekopar da nahasketa horien hobendun nagusia, «txülüla batekin munduan zehar komunikatzeko xantza» duen artista. Hastapenean, Xiru Euskal Herriko zazpi probintzietako tresna zaharrekin abiatu zen, baina «kanpoko haizea sarraraziz baikorki kutsatzen» zela ohartu zen laster. Lehengoa eta oraingoa, tradizionala eta garaikidea, usu nahasten ditu Etxekoparrek: «Ene herriko musiketan atzematen dut berria edireten dugula, eta ustez berria den horretan, betikoa».
Bide bat dantzatua
Larunbat eguerdi partean, Maulen, Plaza Gizon ostatuan, bide bat marraztuko da dantzaz. Kongoko dantzari profesional batek, Fiston Bidiefonok, bere ibilbidea dantza sorkuntza batera ekarriko du. Dantza ibilbide oparoa eta administrazioarekin elkartu zenekoa taularatuko ditu, eta hortik dituen trabak ere ikusgarrira ekarri.
Iragan aldian bezala, bestalde, Gotaine-Irabarneko lau guneren historia agerian ezarriko du Xiruk. Iaz Gotainen bezala, aurten Irabarnen lau guneren iragana argazkiekin ilustratuko dute; besteak beste, «espartingintzak presentzia handia ukan» duela oroitarazteko, Etxekoparrek argitu duenez. Eguna finitzeko, Gotaineko kirol gelan, Dantzabal taldea ariko da ostatuan.