PANPI SAINTE MARIE

Amorrua

2025eko apirilaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Duela zenbait hilabete hemen berean kontatu nizuen zuberotar bikote baten istorio latza. Sophie eta Felipe behi hazleak Ezpeize-Ündüreine herrian bizi dira, Pierrette etxaldean.

Duela urte bat, behi bat positibo atera zitzaien tuberkulosi eritasunari lotu analisietan. Frantziako Estatuak agindu zien behi saldo guzia hiltzeko... Ttipi-handi, ehun bat buru! Gaskoi arrazako behi zurpail eder horiek familiakoak bezala dituzte, hurbilekoak. Negu osoan etxean artatzen dituzte; udako lehen parte batean Zuberoako mendietara eramaten dituzte, eta ondotik Biarnoko Aspe ibarreko bortu goragotara daramatzate.

Kar handiarekin bizi dute beren ofizioa, momentu dorpe eta zoriontsuekin.

Ez zuten luzaz dudatu Frantziako administrazioari ezetz erraten, ELB sindikatuaren eta jendarte zibilaren laguntzarekin indar harreman bat zutik eman zen tenorean. Nola onartu kasu positibo bakar batengatik halako masakrea egitea?

Badu urteak egin-molde horrekin dabiltzala milaka kabala errugabe hiltzen deusezendako! Eritasun bat hedatuz doa bereziki azkonek eta basa ihiziek garraiatzen dutelakoz.

Estatuak ikusi zuen zaila izanen zitzaiola aldi honetan, eta, beraz, negoziazio bide bat ireki zuen familiarekin eta horien sostengatzaileekin. Azkenean, protokolo sanitario esperimental bat adostu zen. Eta hautsi-mautsi guziek bezala, alde onak eta ez hain onak baditu. Protokolo horretan, beraz, onartzen zen behi batzuk hiltzea «prebentiboki», «balekibale». 

Lau analisi egin behar ziren, eta gaur egun bi badira jadanik eginak: alta, 50 buru hilak izan dira, eta denak negatibo atera dira! Mementoan, ikusten dugu Frantziako legedia eta administrazioa mugiaraztea zein gogorra den familia horrentzat, eta guretako ere bai; kasik guhauren buruari harrika ari gara behi tropa horren zati handienaren salbatzeko.

Orain posible litzateke azken analisi arinago bat egitea, baina berriz ere tentsio gogorra bizi du familiak, estatuak ez baitu akordioa guk bezala ikusi nahi. Arriskua da behi sano gehiago hiltzerat kondenatzea. Parisko teknokrata hotz batzuk, sistema krudel itsu baten zerbitzuko. Hara zer dugun aitzinean. Amorrua ematen didate!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.