Aldudeko ibarretik pasatzen den Errobi erreka zaintzea eta garbitzea da Iturritik elkartearen funtsa; herritarrei erronka horretan parte harraraztea dute xede, eta garbiketa egun bat eginen dute ekainaren 15ean, Alduden. Ez da halako egitasmo bat antolatu duten lehen aldia: iaz, Urepelen egin zuten garbiketa eguna, eta tona erdi bat hondakin bildu zuten. «Nahi genuke bederen kopuru bera bildu aurten», adierazi du Valerie Hariñordoki elkarteko kideak.
Konfinamendu denboran jin zitzaien Hariñordokiri eta Bankako beste herritar batzuei elkartea sortzeko ideia. Egunero herrian ibilki ziren, eta, erreka bazterreko hondakinak ikusiz, pentsatu zuten bazela zerbait egiteko. «Helburua urrunago joatea ere bazen: pentsatu genuen gure elkarteak inportantzia hartuz gero jendea bultzatuko genuela hondakinak biltzera gure ibarrean eta beste lekuetan».
Lehen egitasmoan Errobi «iturritik» hastea deliberatu zuten, Urepelen, ohartuak baitziren erreka biziki zikina zela leku batean. «Kintoko alderdian guardia etxe bat bazen, eta urteetan zikinak zilo handi batera botatzen zituzten. Uholdeen ondorioz, hondakinak ateratzen hasi ziren, eta zikinkeriek segitzen dute oraino ere ateratzen», esplikatu du. Horren ondorioz, «urte anitzez» izanen dute egitekoa leku horretan, eta erregularki garbitzen segitu nahiko lukete.
«Guk jendeari ideia eman nahi diogu edonon dela ere hondakinak biltzeko eta egiten duen bilketaz kontent izateko». VALERIE HARIÑORDOKIIturritik elkarteko kidea
Iaz, adibidez, Jeep markako auto bat, kutxa gotor bat eta hozkailu bat atzeman zituzten, baina hondakin gehienak ttipiagoak izan ziren: burdinak, plastiko zatiak eta soka puskak.
Jendea akuilatzea xede
Aurten, beste leku batean eginen dute garbiketa Iturritik elkartekoek herritarrekin batean: Errobiko Aldudeko partea garbitu nahi dute, eta Aldudeko gasnategian eman dute ordua, ekainaren 15eko, 10:00etan. Botak, eskularruak eta poltsa handi bat ekartzea galdegin dute.
Bilketa eginez, Iturritik elkartearen helburua jendeen «egin moldea aldatzea» da. «Guk jendeari ideia eman nahi diogu edonon dela ere hondakinak biltzeko eta egiten duen bilketaz kontent izateko», erran du Hariñordokik. Gisa horretako ekintzak biderkatu nahiko lituzkete: «Guk bilketa urtean behin egiten dugu, baina gure asmoa litzateke jendea bultzatzea bere baitarik antola ditzan garbiketa egunak, mendi mazela batean edo erreka parte batean».
Bil Ta Garbi hondakinen kudeaketarako herri arteko lankidetzako erakunde publikoarekin partaidetza egin du aurtengo bilketarako Iturritik elkarteak, bildutako hondakinak zuzenean bereizi ahal izateko. «Iaz domaia zela iruditu zitzaigun Urepeleko herriko etxeko langileek eta guk egitea indarra hondakinak bereizteko. Aurten, Bil Ta Garbikoak Aldudera jinen dira, eta haiek dituzte birziklatuko».