Oihane Mendizabal: «Aitortu beharra dut erronka berri bat zela Ipar Euskal Herrian lan egitea»

Aranzadi zientzia elkarteko arkeologia sailak iazko udan egin zituen ikerketak lehen aldiz Ipar Euskal Herrian. Uda honetan, Gixunen, Donazaharren eta Altzürükün aritu dira lanean.

Oihane Mendizabal arkeologoa. GUILLAME FAUVEAU
Oihane Mendizabal arkeologoa. GUILLAME FAUVEAU
julene muruaga
2024ko abenduaren 15a
05:00
Entzun

Iazko irailean, lehen aldikoz, Donostiako Aranzadi zientzia elkarteko arkeologia historikoko sailak ikerketak abiatu zituen Ipar Euskal Herrian, Donazaharren. Oihane Mendizabal (Donostia, 1992) izan zen indusketaren zuzendaria. Geroztik, Gixunen eta Altzürükün ere aritu dira, eta, egindakoari buruz, Mendizabalek azpimarratu du, Ipar Euskal Herrian ikerketan ariturik, bilaketak egin dituztela jada Euskal Herriko zazpi probintzietan.

Aranzadi zientzia elkarteko ikerlaria zara. Nola antolatua da elkartea?

Aranzadi zientzia elkarteak 75 urte pasatxo ditu. Zenbait sail ditu, ikerketa edo zientzia oinarri dutenak: zientzia naturaletan, adibidez, ornitologiaren saila bada, hegaztiak ikertzen dituena; entomologia ere bai, intsektuak aztertzen dituena... Eta gero, gizarte zientziak daude; ni, erraterako, arkeologia historikoko sailekoa naiz. Departamentu bakoitzak bere proiektuak ditu, eta denak elkarte berean baldin bagaude ere, badaukagu nahiko askatasun proiektuak gure beharren edo interesen arabera bideratzeko.

Iaz, lehen aldiz proiektu bat egin zenuten Ipar Euskal Herrian.

Arkeologia historikoko sailarentzat lehenengo ekinaldia izan zen. Iaz mugaz gaindiko euroeskualdeko proiektu bat eskuratu genuen, eta Donazaharrekoherrian hasi ginen geofisikako ikerketak egiten; hau da, erradiografia moduko bat egiten, ikusteko lurpean zer zen. Nafarroatik ari ginen erromatarren garaiko galtzadaren eta galtzadaren ertzean dauden aztarnategien ikerketan, eta Ibañetako portuan egin genuen ikerketak eraman gintuen mendia pasatzera eta Ipar Euskal Herrian gertatzen zenaren berri izatera. Hori izan zen abiapuntua.

Altzürükün, Gixunen eta Donazaharren egin zenituzten ikerketak. Herri bakoitzean, zer izan ziren aztergai nagusiak?

Lapurdiko kasuan, Gixunen, helburu nagusia zen Aturri ibaiertzeko gunearen ikerketa diakroniko bat egitea. Ikusi nahi izan genuen nolakoa izan zen bilakaera ibaiertzeko gune horietako landa tartean. Altzürüküko kasuan, hor bada Gaztelu mendia, eta izenak berak ematen digu pista bat, hor bazela zerbait. Eta bertan, Burdin Aroko herrixka baten aztarnak —edo gotorleku batenak, behintzat— egon zitezkeen susmoak zeuden. Donazaharren, aztarnategia jadanik ezagutua zen, garai batean jada ikertu zirelako herriguneko eraikin batzuk, baina Donazaharreko egungo herria erromatarren garaikoaren gainean da. Beraz, gauza jakina zen bazirela aztarna gehiago, baina ez genituen ezagutzen, ez genekien ez non eta ez nolakoak ziren ere.

Eta, beraz, zer atzeman zenuten?

Donazaharren, ikusi genuen oraindik lurpean bazaudela beste eraikin batzuk, orain arte ezezagunak zirenak: murruak, zoruak, garai horrekin lotuta egon ziren materialak, zeramikak, metalak eta beste gauza batzuk. Gaztelun, Altzürükün, zeramika aztarnak topatu genituen, burdina mineral zatitxoren bat edo beste... Eta baita gotorleku edo gune harresitu horren murrua ere, edo harresia. Eta Gixunen bestelako ikerketa bat egin zen, lur lagin batzuk hartu baitziren, eta badakit orain bertako ikerlaria laborategian aritu dela lur lagin horiek ikertzen, ikusteko zer prozesu gertatu diren eta bertako landek zer bilakaera izan duten.

«Donazaharren, ikusi genuen oraindik lurpean bazaudela beste eraikin batzuk orain arte ezezagunak zirenak: murruak, zoruak, garai horrekin lotuta egon ziren materialak, zeramikak, metalak eta beste gauza batzuk»

Ipar eta Hego Euskal Herriko aurkikuntzen artean desberdintasunik nabaritu duzue?

Egia esateko, hasierako gure susmoa zen antzekotasunak nabarmenak direla mugaren bi aldeetan. Arkeologia erregistroei dagokienez behintzat, egia da gune bakoitzak badituela bere berezitasunak eta, beraz, ez direla sekula erabat berdinak izango. Baina dena era berean landuta, ikusten da antzekotasunak badaudela, Donazaharren ateratzen diren material batzuk Aurizkoen [Nafarroa] oso antzekoak dira, adibidez. Burdin Aroko herrixketan ere badira antzekotasunak Altzürükün eta Nafarroako Irulegin topa daitezkeenen artean. Beraz, ikusten da hasierako ideia hori, hasieran ideia bat zena, forma hartzen ari dela, eta baditugula gero eta helduleku gehiago hori defendatzeko.

ARANZADI - DONAZAHARRE
Aranzadi elkarteko arkeologoen indusketak, iazko udan, Donazaharren. GUILLAUME FAUVEAU
Mugaz gaindiko proiektu bat eramateko zailtasun administratiboak izan dituzue?

Aitortu beharra dut guretako erronka berri bat zela Ipar Euskal Herrian lan egitea. Izan ere, alde batetik hizkuntzaren kontua dago. Eta, bestalde, antolaketa administratibo berriak ikusi ditugu, burokrazia... Ez geunden ohituak. Ipar Euskal Herrian lan egiteko eskaerak desberdinak dira. Beste lan egiteko molde batera egokitzea ere zaila izan zen: epe desberdinak betetzea, finantzaketa ematen duten erakundeak atzematea, eta abar. Halere, ikusi dugu gogoa izanez gero, nahiz eta muga administratibo horiek egon, pixkanaka ari garela aurrera egiten.

Halako beste proiektu bat abiatu zenuten irailean.

2024-2025eko ikasturterako, proiektuaren bigarren saioa eskatu genuen, eta onartu digute. Eta dagoeneko bagabiltza lanean.  Donazaharreko Udala partaideen artean da; Nafarroatik, Luzaideko Udala eta Aurizkoa; eta EAEtik, Aranzadi. Helburua da herri horiek guztiak alderik alde zeharkatzen dituen galtzada horren ikerketa eta herri bakoitzak galtzada horrekin lotuta dituen gune edo materialen ikerketa eskaintzea. Aldi berean, bilduko dugun materiala erakusketetan jarri nahiko genuke, eta hitzaldiak antolatu, dauden baliabide horiek guztiak baloratzeko. Irailean abiatu zen proiektua, eta heldu den uztailaren amaiera artekoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.