Joan den astean, tokiko laborategira joan nintzen. Mediku agiria erakutsirik, harrerako langilearekin puntua eginik, egon gelan jarri nintzen. Igurikan nintzela, bazterren beha egon nintzen: «Zenbat langile leku ttipi honetan!», pentsatu nuen. Pausa izan behar zuten, elkarren artean kalakan eta irriz, giro goxoa zela iruditu zitzaidan.
«Irigoien anderea», laborategikoak nire pentsaketetan harrapatu ninduen; «Zuri da». Gela ttipian ttottotu, usaiako kontrola egin zidan: «Zein dira zure izena eta sortze data?». Manera automatikoan, izen eta abizenak erran nituen. Sortze data erranen nuelarik, moztu ninduen. «Martta bi t-rekin, zer gauza arraroa, ez nuen sekula ikusi, berezia da», zioen misterio aire batekin. Kasurik eman gabe, sortze data adierazi nion.
«Itoak gara», pentsatu nuen.
Duela urte batzuk, pertsona honi erantzunen nion: «Euskarazko izena da». Etengabe, esplikatze behar batean bagina bezala.
Nire bizian, beste hainbat ohar ukan nituen izenari buruz: «Ederra da, zer erran nahi du?» edo, «bi t? Hara! Zendako ez da i batekin idazten?». Izen autoktono bat, berezia, fonetikoki zaila frantsesentzat, ahoskatzen dituzte ahal bezala gure izenak.
«Itoak gara», pentsatu nuen.
Urtero, 11.000 pertsona berri heldu dira Ipar Euskal Herrira bizitzera. Gehienak Frantziako bost eskualdetakoak omen. «Zenbat jende leku ttipi honetan, euskaraz bizi garela ez dakitenak!».
Erabil ditzagun frantsesentzat ahoskaezinak diren izenak, uler dezaten non diren.