Bakardadea urratzeko urratsak egitea ez da baitezpada erraza, eta Hendaiako Denentzat zentro sozialaren helburua, funtsean, gisa batean ala bestean bakartuak direnei ateak zabaltzea da. Zentroko kafetegia izaten da maiz horretarako lehen lekua, Anttoni Irazusta lekuko laguntzaileak eta kolehendakariak kontatu duenez. «Usu, zentro soziala aipatzen dugularik, uste dugu prekaritatean diren jendeentzako lekua dela. Baina ez dira zailtasun ekonomikoak dituztenak bakarrik joaten; horiek ere joaten dira, bistan da, baina ez horiek bakarrik. Guztiz bakartuak diren jende anitz errezibitzen ditugu, lagunik eta familiarik gabe bizi direnak, baina ez dutenak baitezpada sos arazorik». Belaunaldi guzietako 748 kide elkartzen dira Hendaiako egitura horretan —%38 adingabeak—, baina Marc Vieira Denentzat zentroko zuzendariak salatu du finantzaketa apaldu zaiela eta gero eta zailagoa dutela beren lana «ongi» egitea.
Ondorio zuzenak ditu diru iturrien ttipitzeak. Vieirak 35 urtez lan egin du arlo sozialean, eta «lehen aldia da hain egoera kezkagarria» ikusi duela. Iaz erretretara joandako langile bat ezin izan dute ordezkatu, eta beste postu bat ere galtzeko arriskuan ikusten dute. «Etengabe egokitzen ari gara, baina egokitzen bagara, ezin dugu gure proiektua garatu, eta ezin dugu gure lana ongi egin. Galdera da: ahal gutxiagorekin, zer publiko bazter utzi behar dugu? Haurrak? Nerabeak? Gurasoak? Adinekoak?», galdetu du, kezkaturik. Irazustak ere argiki ikusten ditu ahal eskasiaren ondorioak: «Jende berriak heldu dira gurekin momentu baten pasatzera, baina ez ditugu onartzen ahal, ez baitugu aski ahalik. Biziki zaila da jendea bazterrean uztea», deitoratu du.
«Etengabe egokitzen ari gara, baina egokitzen bagara, ezin dugu gure proiektua garatu, eta ezin dugu gure lana ongi egin. Galdera da: ahal gutxiagorekin, zer publiko bazter utzi behar dugu? Haurrak? Nerabeak? Gurasoak? Adinekoak?» MARC VIEIRAHendaiako Denentzat zentroko zuzendaria
Hendaiako zentroa ez da zailtasunetan den bakarra; Ipar Euskal Herriko beste egiturek ere murrizketa berak pairatzen dituzte, hala nola Miarritzen, Donibane Lohizunen, Baionan eta Bokalen. Beren egoeraren berri emateko mahai inguru bat antolatu zuten iragan ostiralean Hendaiako Denentzat zentroak eta Miarritzeko Maria Pia zentroak, urtarrilean egin zuten grebari segida emateko. Kotte Ezenarro Hendaiako auzapeza, Peio Dufau Frantziako Asanbladako diputatua eta Annick Trounday Pirinio Atlantikoetako Departamenduko hautetsia gonbidatu zituzten. Zentro sozialak jendearentzat zer ordezkatzen duen erakutsi nahi izan diete hautetsiei, eta, horretarako, dozenaka kideren lekukotasunak bildu dituzte kideentzat zentro sozialak duen garrantzia irudikatzeko. «Zentro soziala berendako zer den galdegin diegu, eta hori gabe zer liratekeen ere bai. Bildu ditugunetan, badira lekukotasun biziki hunkigarriak», erran du Vieirak.
Loturak
Irazustak argi du zentro sozialaren lana «ezinbestekoa» dela. «Ez dugu pentsatzen ahal ere zenbat pertsona bizi diren bakarturik eta batere lotura sozialik gabe. Jaso ditugun lekukotasun batzuek kontatzen dute zentro sozialik gabe ez dakitela ea oraindik bizirik izango liratekeen ere. Hortaz, ikusten da zein garrantzitsua den betetzen dugun funtzioa». Egiturako paretetan ezarri dituzte lekukotasun horiek, «agerian ezartzeko» egiten duten lana. «Adineko batek, kasurako, kontatzen du nola bere seme-alabak, zeinak urrun bizi baitira, lasaikiago bizi diren zentro sozialari esker, bai baitakite zentrora etorriz jendearekin loturak izaten segitzen duela, eta pozik da seme-alabei kezka gutxiago eragiteaz», kontatu du Irazustak.
Erraterako, jendeen eta belaunaldien arteko harremana sustatzeko hainbat jarduera proposatzen dizkiete adin guzietako kideei, haurtzarotik hasi eta zahartzaroraino erabiltzen ahal den gunea baita. Besteak beste, gurasotasun tailerrak, haurrentzako jarduerak, etxeko lanetarako laguntza, sukaldaritza, kirola eta hizkuntza klaseak proposatzen dituzte, urririk edo prezio arras merkean, «denentzat eskuragarri» izan daitezen, Vieirak erran duenez. Kidetze prozesua urratsez urrats egiten den prozesu bat dela gehitu du Irazustak: «Zentro sozialeko atea lehen aldiko pasatzean, pixkanaka ezagutzak egiten dituzte, eta, gero, jardueretan izena ematen dute, ikusten dutelako onura fisikoak eta psikologikoak dituela horrek. Haurrak gehienetan irakasleek bideratzen dituzte guregana, etxeko lanetan laguntza jaso dezaten».
«Ez dugu pentsatzen ahal ere zenbat pertsona bizi diren bakarturik eta batere lotura sozialik gabe. Jaso ditugun lekukotasun batzuek kontatzen dute zentro sozialik gabe ez dakitela ea oraindik bizirik izango liratekeen ere» ANTTONI IRAZUSTA Hendaiako Denentzat zentroko kolehendakaria
Belaunaldien arteko laguntza sustatzeko, egitasmo berezi bat martxan ezarria dute. Gazteek adinekoak laguntzen dituzte, erosketa pisuak etxeraino ekarriz. Vieiraren arabera, «egitasmo sinbolikoa» izanik ere, beren proiektuaren «muina» erakusten du. «Gazteek egitasmo horretan parte hartzen dutelarik, adinekoekiko duten begirada aldatzen dute. Hasieran, pentsatzen dute zaharrak zaharrak direla eta ez dutela interesik. Baina gero konturatzen dira ezetz, gauza anitz dituztela elkarri errateko, eta harreman ederrak sortzen dira. Funtsean, zentro sozialaren helburua da bestearekiko begirada aldatzea eta kohesio soziala sustatzea. Gizarte eredua aldatu nahi badugu, gure lana ezinbestekoa da, elkarbizitza baita defendatzen dugun oinarria», aldarrikatu du Vieirak.
Orain, ordea, ahal eskasiarengatik, Vieira beldur da jendea bazter uztera behartua izateaz. Gainera, jardueren prezioak igotzeko arriskua ikusten du. «Hori da nahi dugun azken gauza, eta, zinez, ahal dugun guzia eginen dugu hori ez dadin gerta. Gure ereduaren kontrakoa litzateke erabat, eta, horregatik, beharrezkoa zaigu botere publikoen laguntza».
Finantzaketa eskasa
Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren buxeta azkarki ttipitu da azken urteotan, eta horrek zuzenean eragiten du egitura sozialean, departamendua baita arlo sozialaz arduratzen den instituzioa. Denentzat zentroaren kasuan, jasotzen duten finantzaketaren %17 departamendutik heldu da. Departamenduak iragarri duenez, ordea, aurreikusten dute laguntza hori %7 eta %20 artean apaltzea. Familien Laguntzen Frantziako Kutxarena da beste diru iturri nagusietariko bat, eta horrek ere ez du aurreikusi zentro sozialen laguntza emendatzea.
Horrez gain, Frantziako Gobernuaren Segur erreformaren ondorioz, zentroko gizarte langileen lansaria emendatu behar izan dute, eta Irazustak eta Vieirak salatu dute egituren gain utzi dela gainkostu hori. Hendaiako Denentzat zentroko bi arduradunek, dena dela, «behar-beharrezkoa» ikusten zuten lansarien emendatzea. Salatzen dutena da ez dutela horren araberako finantzaketarik jaso eta ez zaiela aterabiderik atzemateko denborarik utzi; horrek kostuak handitu ditu, eta beren jarduerak aitzina eramateko diru gutxiago dute. Denetara, hamar langile ari dira denbora osoz Denentzat zentroan, eta berrogei laguntzaile inguru ibiltzen dira.
ELKARTASUN BILTZARRA DEPARTAMENDUAN
Pirinio Atlantikoetako Departamenduko ezkerreko hautetsiek mozio bat aurkeztu zuten iragan larunbateko departamenduko kontseiluan 2025erako Elkartasun Biltzar bat antolatzeko. Mozioa onartu zuten hautetsiek, eta horren bidez departamenduko elkartasun politikak indartzea dute xede, lau ardatz izanez: haurrendako politikak indartzea, zaharrendako politikak indartzea, elbarriendako politikak indartzea eta prekaritatearen kontrako politikak indartzea.