50 urtez jo du Iparraldeko Orkestrak

Ikasturte honetarako 21 artista gonbidatu dituzte, eta Ipar Euskal Herriko hogei herritan emanen dituzte kontzertuak. Azpimarratu dute «lurralde baten» orkestra dela, eta herritar guziengana heldu nahi dute.

Iparraldeko Orkestraren kontzertu bat, Baionan, iazko urtarrilean. STEPHANE BELLOCQ
Iparraldeko Orkestraren kontzertu bat, Baionan, iazko urtarrilean. STEPHANE BELLOCQ
Oihana Teyseyre Koskarat.
2024ko azaroaren 9a
05:00
Entzun

Musika klasikoa «demokratizatzea» eta horrekin «jendearengana» gehiago heltzea da Iparraldeko Orkestraren helburua, David Rachet zuzendari artistikoak dioenez. 50 urte betetzen ditu aurten orkestrak, eta «berezia» da izaeraz: kontserbatorioari lotua zaio, eta irakasleek osatzen dute. Hortaz, Rachetek uste du «bere lurraldea ordezkatzen» duela orkestrak, eta horretaz «harro» da. Aitortu du, halere, publiko guziengana heltzea «zaila» dela batzuetan, baina saiatuko direla. «Musika klasikoaren irudia desakralizatu nahi dugu, eta horretarako bitartekaritza kulturala egiten dugu. Gainera, entseatzen gara programazioaren bidez jendea erakartzen. Musikari bakarlari anitz ekarrarazi ditugu sasoi honetarako; denera, 21», erran du Rachetek. 

Marina Beheretxe orkestrako arrabita jole soloarentzat, Iparraldeko Orkestra berezi egiten duena «giroa» da. «Ez da hala izaten orkestra guzietan, baina gure artean harreman onak dira, giroa goxoa da, eta kanpotik heldu zaizkigun musikariek berehala ikusten dute hori. Guretzat harrotasun bat da». Beheretxe 2015ean sartu zen biolin solo gisa, eta, musika klasikoa «mundu hetsi bat» izan daitekeela jakinik, haren xedea da publiko desberdinengana heltzea. 50 urteen ospatzeko programarekin, hain zuzen, horretarako parada ikusten du; Ipar Euskal Herriko hogei herritan emanen dituzte kontzertuak, eta, gainera, publiko bereziekin lan eginen dute, bestalde: ospitaleetako pazienteekin, zahar etxeekin, haurrekin... «Gure helburua da musika klasikoa hedatzea, egiten duguna partekatzea, eta jendeari erakustea hunkitua izaten ahal dela musika klasikoarekin. Nahi duguna da denentzat atsegina izan dadin», erran du. Orkestrako musikariak irakasleak direnetz «pedagogia anitz baloratzen» dutela argi utzi du. 

Aniztasuna ardatz

Ikasturte honetan Baionatik Larraineraino eskainiko ditu kontzertuak Iparraldeko Orkestrak, eta joko dituzten obretan aniztasuna izanen da. Beheretxek esplikatu du hura «mundu anitzetatik heldu» dela, eta zenbait musika estilo gustuko dituela klasikoaz aparte: rocka, musika herrikoia... «Musika guziek balio dute, eta ederra da denen arteko nahasketa». Hain zuzen ere, nahasketa batzuen emaitza da ondu duten programa. Bruch, Txaikovski, Faure, Strauss eta Ravel konpositoreen obrak joko badituzte ere, klasikotik urrundu dira proiektu batzuen eramateko; kasurako, txaranga batekin ariko dira hilabete honetan. 

Musikari eta artista gazteei lekua egiteko hautua egin dute, eta orkestraburu gazteak gonbidatu dituzte gidaritza lana egitera: Lucie Leguay, Victorien Vanoosten, Leo Margue eta Chloe Meyzie txandakatuko dira ikasturtean zehar. Gainera, kontserbatorioko ikasleak integratuko dituzte beren proiektuetan, eta, Racheten arabera, «orkestra trebatzailea» da haiendako. «Gure urteburua ez dugu pastiza eta kandelekin ospatuko; konpositoreak, artista gazteak eta gure lurraldeko musikariak ohoratuko ditugu. Helburua da publikoari oparitzea programa hori, eta, horretarako, bereziki zaindu dugu prezioen politika», esplikatu du Rachetek. Izan ere, prezio bereziak izanen dira gazteentzat, eta langabeentzat ere bai. «Indar bat egiten dugu horretarako, baina gure helburua denez ahalik eta jende gehiena hunkitzea, merezi du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.