Euskaraldiaren aurkezpena egin dute Ipar Euskal Herrian ere. Baionan elkartu dira Taupa mugimenduko kideak, Euskal Hirigune Elkargoko eta EEP Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariekin batera. Bi erakundeen babesa du Euskaraldiak, baina 35 herri batzorde ari dira maiatzaren 15etik 25era iraganen den herri egitasmo hori antolatzeko lanetan. «Gure hizkuntza plazaratzeko eta argitan emateko parada da, molde goxoan», adierazi du Armand Jaunarena Larresoroko (Lapurdi) Ote Lore elkarteko eta Taupako kideak.
Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak eta Zilia Heredia Ipar Euskal Herriko sustatzaileak oroitarazi dituzte Euskaraldiaren helburuak: euskaraz gehiago aritzea, gehiagotan eta gehiagorekin. «Gure hizkuntza ohiturei buruz gogoetatzea, gure urrats bakoitzarekin eragin baikorra dugulako; bakoitzak euskararen erabileran jauzia egitea», laburbildu du Urkijok.
Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak erran du erakundearen lehen ekintzetako bat euskarari «sustengua ematea» izan zela, baina Ipar Euskal Herrian hizkuntzak dituen «oztopoak» ere aipatu ditu. «Bihurgune erabakigarri batean gaude», adierazi du, 2050era begirako erronka aipatuz. EEPren aurrekontuaren inguruan dagoen eztabaida gogorarazi du. «Euskal Elkargoan ekarpena emendatzea bozkatuko dugu aurten ere». Gainerako erakundeak ere gauza bera egitera deitu ditu.
Antton Kurutxarri Euskal Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordeak erran du Elkargoak «bere egiten» dituela Euskaraldiaren helburuak, eta dituzten eskumenekin ere saiatzen direla euskararen aktibazioan eragiten. Beste askoren artean, berriki abiatu duten Euskaldundu beka aipatu du, helduen euskalduntzean laguntza emanen duena. «Egoera kezkagarria da, baina aitzina goaz».
Oldar kolektiboa iraunaraztea
Maider Behotegi EEPko lehendakariak ere beharrezkotzat jo du euskara erabiltzeko aukerak ikusgai egitea, euskara aktibatzeko. «Hizkuntza bat bizi da erabilia eta mintzatua bada». Horren aldeko ingurune sozial bat eratzeko beharraz mintzatu da. «Euskara ulertzen ez badugu ere Belarriprest txapa emanen dugu jendea gurekin euskaraz aritzera gomitatzeko, eta erantzunen diegu 'barkatu, ez dakit ongi mintzatzen'», adierazi du.
Jaunarenak erran du Euskaraldiarekin sortutako oldar kolektiboa «iraunaraztea» dela desafioa: «Eta ez da desafio txikia». Euskaraldian «kopuru handian» parte hartzera deitu du. «Denek elkarrekin eginez, indar gehiago izanen dugu».