Juan Luis Zabala
Iritzia

Zortzi abizen espainiar

2024ko irailaren 13a
05:00
Entzun

Esaten dutenez, orain dela hirurogeitaka urte, 1960ko hamarkadan, Sebastian Elorza txirrindulari azkoitiarrak esprintean lehiatu gabe utzi omen zion irabazten proba bat aurkari zuen iheskideari, hark hala eskatu ziolako, mesedez, andregaia publikoan begira izango zuela argudiatuta.

Ez da egia izango seguru asko, baina sinesgarria da hala ere. Se non è vero, è ben trovato.

Sinesgarria izango ote zen istorio hori Sebastian Elorza, azkoitiarra izan beharrean, azpeitiarra balitz? Ezezkoan nago.

Ez dute azpeitiar guztiek, banan-banan hartuta, zertan harroak izan, ezta azkoitiar guztiek —guztiok— xanoak ere, baina hizkeran bezala izaeran edo idiosinkrasian ere bada alderik bi herrietako biztanleen artean: azpeitiar ia guztiek azpeitiar harrotasunetik zerbait, eta azkoitiar ia guztiek dute —dugu— azkoitiar xanidadetik zerbait.

Antzekoa da athleticzaleen eta realzaleen arteko desberdintasunaren estereotipo topikoa, hau da, athleticzaleen baikortasun harroarena eta realzaleen —realzaleon— ezkortasun uzkurrarena. Talde bateko eta besteko zaleak banan-banan hartuz gero, ikusiko dugu ez dela beti eta erabat betetzen premisa hori, baina badu oinarri errealik, nik uste.

Horraino iritsita, nik ez nuke esango euskaldunoi buruzko estereotipo zabalduenak bestelakoak direnik. Onartu dezaket horiek ere badutela oinarri errealik: indar fisikoaren goraipamena, harreman hasierako herabetasuna eta geroko noblezia, sexu harremanetarako uzkurtasuna, kaleko arropa kutsatzen duen mendizaletasuna... Mingarriak gertatzen dira batzuetan, baina beste batzuetan geuk ere jotzen dugu horietara, geure buruari barre egiteko.

Guri buruzko estereotipoei lotuta bizitzera ohituta gaude euskaldunok, baina, tamalez, ezin ditugu ustiatu espainiarrei buruzko estereotipoak espainiarrek guri buruzkoak ustiatzen dituzten bezala.

Guri buruzko estereotipoei lotuta bizitzen —eta estereotipo horiek, neurri batean behintzat, onartzen— ohituta gaude euskaldunok, baina, tamalez, ezin ditugu ustiatu espainiarrei buruzko estereotipoak espainiarrek guri buruzkoak ustiatzen dituzten bezala. Hori da estereotipoekin dugun benetako arazoa.

Adibide bat jartzearren, eman dezagun Zortzi abizen espainiar pelikula filmatzeko asmoa dugula, espainiarrei buruzko estereotipoak haiek guri buruzkoak ustiatzen dituzten bezala ustiatzeko (eta ez guri buruzkoak bakarrik, baita katalanei eta marokoarrei buruzkoak ere, adibidez, Ocho apellidos... izenburuekin hasten diren film ezagun eta arrakastatsuetan). Lehenik eta behin, nekez jasoko genuke subentziorik, edozein film abian jartzeko beharrezkoa den dirulaguntzarik gabe geratuko ginateke hasieratik. Eta, horrez gain, subentzioa jaso eta filmatzeko aukera izango bagenu ere, ez luke mereziko, inondik inora ere ez, euskal zinemagintzak orain arte egin duen ibilbide urrian milaka gai eta arazo daudelako hori baino interesgarriagoak eta filmagarriagoak.

Arazoa, beraz, ez dira estereotipoak. Arazoa, kontu askotan bezala honetan ere, boterea da.

ETBk Vaya semanita berpiztuko duela iragarri du, hitz egiten ari garen gaiari dagokionez erdibidean gelditzen den saioa, nik uste (RH+ saioaren antzera): euskaldunoi buruzko estereotipoak ustiatzearen zale den arren, kasu honetan ustiapena ez da egiten bete-betean espainiartasunetik, baina bai espainiartasunari estu lotutako ikuspegi batetik: gaztelaniazko euskal herritartasunetik.

Bien bitartean, euskarazko fikzioa eta euskarazko umorea sustatzeko ahaleginetan uzkur eta motel ETB, zertarako sortu zen ahaztuta balego bezala, gai hauei buruz kezkatutako euskaltzaleen eskakizunei entzungor.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.