leire narbaiza arizmendi
Iritzia

Zorioneko eskua

2024ko otsailaren 2a
05:00
Entzun

Erpurua izateak egin ei gintuen gizaki, atzamar oratzaileak eta pintza egiteko gai zirenak eboluzioan ezinbestekoak izan omen ziren. Itxura batean, matxardarena egin ahal izateak gure garuna garatu zuen, eta kapaz bihurtu zuen orduko hominido hura erremintak-eta erabiltzeko. Erpurua, beste lau atzamarrak eta ahurra: eskua. Gure eskua ezinbestekoa izan da, beraz, homo sapiens sapiens bihurtzeko. 

Eskua ere garrantzitsua da euskaraz, esamoldeak eragin ez ezik, hamaikatxo esanahi dituelako, beti nagusitasun, trebetasun eta aginpidearekin lotuta. Eratorriak ere sortu ditu: eskubide, eskuma, eskuratu… Ezin ezkutatu duen garrantzia, beraz.

Baina egon da esku bat azken urte eta erdian hautsak harrotu dituena: Irulegiko Eskua. Orain gutxi ikerlariek adierazi digute agian bertan agertzen den izkribua ez dela antzinako euskara, ezin dela ziurtatu. Eta badirudi ikerketa horiek zapuztu egin digutela askori aurkikuntzak eragindako poza, zenbaitetan euforia ere izan zena.

Egia da, aurkeztu zenean, 2022ko amaieran, harritu ninduela zelako ziurtasunarekin esan zuten baskoien hizkuntzan zegoela idatzita, eta, gainera, topatutako lekuan topatuta euskararen aurreko hizkuntza baten zegoela. Tira, ikerlari serioek kontatu zuten guztia, eta horrela esanda sinistu behar. 

Ez dut ulertzen, ordea, zergatik orduan hain seguru jardun, eta urtera hain tentuz ibili. Eurak ere euforiak jota egin ote zuten berba, eta arinegi ziurtzat eman euren usteak? Zuhurrago jokatuko zutela uste nuen, baina, antza, ez zen hala izan. 

«Irulegiko Eskua antzinako euskaran idatzita balego ere, zertan aldatuko luke gaur egungo euskararen egoera? Ez dio ezertan eragiten, ez du jende gehiago euskarara erakarriko, ez du erabilera sustatuko»

Orain denon desengainua ere etorri da. Batzuk haserre, beste batzuk etsia hartuta. Behin emango euskadunoi notizia polit eta ona, eta azkenean ezer ez. 

Asko dio horrek euskal komunitateaz. Niri neuri ematen dugun irudiak pena ematen dit. Ohituago gaude makilakadak, debekuak eta ezinak jasotzera. Hain maitasun gutxi hartu dugu! Hainbeste mespretxu jasan dugu, ezen edozein gauzatxok, edozein kontuk poz izugarria eragiten digun. Poza ez ezik, ilusioa eta esperantza ere piztu zizkigula esango nuke.

Ondo pentsatuz gero, Irulegiko Eskua antzinako euskaran idatzita balego ere, zertan aldatuko luke gaur egungo euskararen egoera? Ez dio ezertan eragiten, ez du jende gehiago euskarara erakarriko, ez du erabilera sustatuko, ez du epaileen, euskarafoboen pentsaera aldatuko. Halere, guri, euskaldun kontzientzadunoi, eragiten digu modu arraro baten indarra ematen digulako, nor bagarela esateko modu estrabagantea bada ere.

Eta orain zer gertatuko da esku horren inguruan sortutako merchandising guztiarekin? Egindako pitxi-pitxi denekin? Poltsa, kamiseta eta abarrekin? Salduko dira? Eta saldutakoak jendeak eramango ditu soinean? Seguru nago tatuatutako esku batzuk ere egongo direla zenbait azaletan. Orain zer, laserraren sasoia tokatzen da?

Niri ere zorioneko eskua (Sorioneku ez da zoriona, antza) zeukan poster bat oparitu zidaten, eta jarrita daukat. Kentzeko tentazioa izan zuen, baina hobeto pentsatu, eta lagatzea erabaki dut, gogorarazteko bizi izan genuen bolada pozgarri hura, sorioneku ez bada, zorionekoa izan zela. Gogoratzeko euskararen etorkizunean azken eskua, garrantzitsuena, geurea dela. Horretarako baino ez bada ere, hortxe egongo da Irulegikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.