Gipuzkoako Finantzen Kontseilua urriaren 16an bildu zen aurtengo diru bilketaren errepasoa egiteko eta datorren urterako aurreikuspena egiteko. Otsailean emango dute behin betiko emaitzen berri, baina bilkura haren ondotik jakinarazi zuten aurten diputazioak mutualitateetan kotizatu zuten pentsiodunei egin beharreko itzulketek eragina izango dutela udalei dagokien diru kopuruan. Izan ere, udalek 22 milioi euro itzuli beharko dizkiote diputazioari otsailetik aurrera. Horrek esan nahi du, adibidez, Donostiako Udalak sei milioi euro itzuli beharko dituela, eta biztanle gehien dituzten hurrengo udalerriek —Irunek, Errenteriak eta Eibarrek—, milioi bana inguru. Biztanleriaren arabera kopuru txikiagoak jasotzen dituzten udalerri batzuetan itzulketak txikiagoak izango dira.
Ikusi gehiago
Kasu baterako, Oiartzungo Udalak 312.062 euro itzuli beharko dizkio foru aldundiari; zehazki, bere aurrekontuaren %3,49. «Itzulketak eragina du, noski, udalaren egitasmoetan», esan du Joana Mendiburu Oiartzungo alkateak (EH Bildu). «Erabaki beharko dugu zer inbertsio utzi datorren urterako». Nolanahi ere, Mendiburuk dio Oiartzungo Udalaren egoera ekonomikoa ona dela, oro har. «Badugu nahikoa kaudimen itzulketa egiteko; besteak beste, horrelako ezustekoei aurre egiteko garaian aurreikusteko eta zuhurtziaz jokatzeko joera dugulako».
Ikusi gehiago
Horrenbestez, Mendibururen esanetan, Oiartzunek ez du arazo handirik izango diputazioari dirua itzultzeko garaian. Baina beste udal batzuen kasuan, kolpea handiagoa izan daiteke. Zenbat eta udal txikiagoa, foru funtsarekiko mendekotasun handiagoa izaten dute, denentzat izaten baita foru funtsa diru iturri nagusia, baina zenbat eta udal handiagoa izan, zerga eta tasa gehiago izaten dituzte. Mendiburuk gaineratu du Oiartzungo Udalaren diru sarrera nagusiak foru funtsa eta zergak eta tasak direla. «Foru funtsak aurrekontuaren %45 pasa suposatzen du».
Azken urteeetan eztabaida gaia da udalen finantzaketa. Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eudel ari dira finantzaketa egiteko beste proposamen bat prestatzen. Mendiburuk adierazi du dirua banatzeko irizpideei dagokienez badagoela lanketa bat egiteko premia. «Gaur egun, herri bakoitzeko biztanle kopurua da foru funtsaren zenbatekoa zehazteko irizpide bakarra, baina jakina da udal bakoitzaren beharrak desberdinak direla». Oiartzungo alkateak, herri bakoitzaren ezaugarriek —azalerak, kokapen geografikoak, naturguneak...— edo biztanleriaren egoera sozioekonomikoak bete-betean baldintzatzen ditu udalak eman beharreko zerbitzuak, eta, ondorioz, baita aurrekontua ere. «Lanketa konplexua da foru funtsaren banaketa nola egin pentsatzea, baina erakundeen arteko elkarlanetik gai izan behar genuke banaketa justuago bat adosteko».
Aurrera begirakoak
Diputazioak aurreikusten du foru funtsak 629 milioi euro izango dituela datorren urtean. Horrek esan nahi du aurten baino 14,5 milioi euro gehiago izango dituela; %2,4ko igoera izango duela, alegia. Udalak dagoeneko hasi dira aurrekontuak prestatzen. Oiartzungo Udalak hilaren amaiera aldera aurkeztu nahiko luke bere aurrekontu proiektua, eta horretarako lanean ari da orain. Mendiburuk esan du euren udalak aspalditik egina duela «kalitatezko zerbitzu publikoen» aldeko apustua; hala nola ludoteka, udal haurreskola, gazte topalekua, etxez etxeko udal zerbitzua, ur zerbitzu propioa, beilatoki publikoa, musika eskolarako laguntzak, egoera zaurgarrian dauden herritarrentzako laguntzak edota auzoetako beharrak eta mantenu lanak izan dituzte ardatz.
«Askotarikoak» dira Oiartzungo Udalak kudeatzen dituen zerbitzuak, eta alkateak esplikatu du, besteak beste, trantsizio ekosozialaren alorrean dituztela jarrita aurrera begirako indarrak. «Arlo desberdinetan burujabetzarem alde egiten ari garen apustua azpimarratuko nuke, baita kirol instalazioetan egiten ari garen inbertsio handiak ere».