Juan Luis Zabala

Zinema, hain gertu, hain arrotz

2024ko irailaren 27a
05:00
Entzun

Donostiako Zinemaldiaren amaieratik gertu argitaratuko denez, Gipuzkoako Hitza-k eskainitako espazio honetako azken zutabea zinemari eta Zinemaldiari berari eskaintzea erabaki dut.

Beti gustatu zaidan arren —gehiago gazte garaian orain baino—, zinema zaputzarekin eta frustrazioarekin lotzen dut neurri handi batean. Bi pausotan azalduko dut zergatik:

Batetik, alderdi pertsonaletik begiratuta, garai batean zineman lan egiteko edo gutxienez zinemaren mundura gerturatzeko izan nuen gogoa ezin izan nuelako inoiz bete; horri gehituko nioke, alderdi pertsonalean sakonduz baina aldi berean ikuspegi zabalago batekin ere lotuta, gero eta zailagoa dela pelikulak —edo telesailak, berdin dio— ikusiz benetako zirrara sentitzea, asko eta modu askotako zinema egiten delako eta erraza eta erosoa delako ia-ia nahi dena ikustea, eta horrek, lehen begiratuan positiboa badirudi ere, halako higadura bat sortzen duelako, kalitate artistikoaren banalizazio, hutsaltze edo hutsaleste moduko bat, errepikapenaren ondorioz ez denean, errepikapenarekiko ihes errepikakorraren ondorioz.

Bestetik, alderdi komunitario batetik begiratuz gero, bat nator Ramon Agirre aktoreak ETB1eko Biba zuek! saioan duela aste batzuk egin zuen gogoetarekin. Ez baitator bat, Agirre, euskal zinema goraldian, urrezko aroan edo horrelako gozoaldi batean dagoela diotenekin. Akaso erdaraz hitz eginez —edo euskaraz hitz egin arren erdaraz pentsatuz— esan daiteke euskal zinema («el cine vasco») aparretan dagoela, sariak eta aitortzak jaso eta jaso, baina euskaraz pentsatuz nekez esan daiteke halakorik, euskal zinema esatean buruan daukaguna euskaraz egindakoa —edo euskarara itzulitakoa, zergatik ez?— baldin bada bederen.

Akaso erdaraz hitz eginez —edo euskaraz hitz egin arren erdaraz pentsatuz— esan daiteke euskal zinema («el cine vasco») aparretan dagoela, baina euskaraz pentsatuz nekez esan daiteke halakorik

Beste euskal aktore ezagun bat saritu du aurten Donostiako Zinemaldiak, Elena Irureta, eta argigarriak dira BERRIAn oraindik orain irakurri dizkiogun hitz hauek: «Ilusio handiagoa pizten didate hemengo proiektuek. Iruditzen zait lehen fikzio gehiago egiten zela Euskal Telebistan, eta bazuen bere audientzia. Orain, telebista ikustean, beti gauza bera dagoen irudipena dut. Gainera, azkenaldian, Euskal Telebistatik bestelako programetarako deitzen didate, hutsuneak betetzeko edo. Sukaldaritza saioetan elkarrizketak egitea ez da nire lana. Hobe telebistan fikzioa egiteko deituko balidate».

Norbaitek bere buruari «zer egin dugu gaizki?» galdetzeko modukoa da, lehenik; eta gero: «Zer egin dezakegu konpontzeko?». Nahiko nuke!

Kulturako kazetari lanetan aritu nintzen garaian, bi ekitaldi handik markatzen zuten urte osoko egutegia: ezin zen oporrik hartu ez Zinemaldiaren egunetan eta ez Durangoko Azokarenetan. Eusko-esnob samarra nintzenez, ekitaldi handiegi eta jendetsuegiak ziren ni liluratzeko, eta lehen urteetan ez nituen batere begiko. Urteekin, bertatik bertara ezagutzeak Durangoko Azoka estimatzera eraman ninduen, gertuko sentitzera. Zinemaldiak ez zuen inoiz halakorik lortu. Handiegia, jendetsuegia eta, batez ere, arrotzegia iruditu zitzaidan beti.

Hala ere, esan dezadan —egia delako eta, bide batez, zutabe sail hau kopetilun ez amaitzeko— oraindik ere maite dudala zinema, maite ditudala filmak eta telesailak, denbora-pasa hutsekoak zein bestelakoak, eta pozten nauela Donostiako Zinemaldiak estimu handitan ditudan zuzendari, aktore, ekoizle eta abar askori ematen dien abaroak eta proiekzioak. Biba zuek eta biba euskal zinema!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.