Xahututakoa banatu

Azken Minutua programaren bidez, Gipuzkoako Elikagai Bankuak 925.000 kilo janari bilduko ditu aurten. Aldundiak 250.000 euro eman dizkio programa gauzatzeko. Irurako alkateak janari banaketa beharrezkotzat jo du behartsuenei laguntzeko.

(ID_13419455) Gipuzkoako Elikagai Bankua
Zenbait lagun lanean Gipuzkoako Elikagai Bankuko Oiartzungo biltegian, iazko abenduan. JON URBE / FOKU
Xalbat Alzugaray
2024ko abenduaren 8a
05:05
Entzun

Aurten, Gipuzkoako Elikagai Bankuak 925.000 kilo elikagai bilduko ditu Azken Minutua programaren bidez. 2009az geroz, Elikagai Bankuak urtean 250.000 euro jasotzen ditu Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatu duen hitzarmenaren bidez, Azken Minutua programa diruztatzeko. Egitasmo horren bidez, elikagai bankuak merkataritza guneetako eta elikagaiak ekoizten dituzten enpresen soberakinak jasotzen ditu. Elikagai horiek saltzeko onak ez badira ere, askotan kontsumi daitezke. Bildutako janaria elikagai bankuarekin hitzarmena sinatu duten erakundeen bidez banatzen diete egoera zaurgarrian direnei.

Irurako Udalak 2014an sinatu zuen hitzarmena Elikagai Bankuarekin. Gorka Murua alkateak esan du janari banaketa hilabetean behin antolatzen dutela Anoetaren eta Iruraren artean. Hilero txandaka egiten dutela gehitu du. Haren hitzetan, Iruran berrogei pertsonari laguntzen diete jakiak banatuz. Anoetan, berriz, elikagai sortak 46 pertsona ingururi banatzen dizkiete. «Gizarte langileak, boluntarioak eta Gurutze Gorriko langile batzuek laguntzen dute banaketa egiten, hilabetean behin». 

Janari jasotzaileen profila «askotarikoa» dela azpimarratu du Muruak. Oro har, gutxieneko diru sarrera bermatu ezin duten lagunei banatzen dizkiete janari sortak. Azken urteetako beharrei begira, Irurako alkateak zehaztu du behar «bertsuak» izan direla eta «egonkorra» izan dela janari beharretan zeudenen kopurua.

«Zerbait gehiago txertatu nahi dugu hitzarmenean, gastu batzuei aurre egiteko. Ez dakigu oraindik nolako laguntza emango diegun, baina Elikagai Bankuarekin dugun lankidetza indartu nahi genuke» GORKA MURUAIrurako alkatea

Oinarrizko elikagaiak banatzen dituzte, nagusiki, eta jasotzaileen beharrak kontuan hartzen dituztela adierazi du Muruak. «Oinarrizko elikagaiak banatzen dizkiete: esnea, olioa, galletak eta pasta, adibidez. Haragirik jaten ez dutenentzat, haragirik gabeko paketeak prestatzen dituzte. Eskaeraren arabera moldatzen dituzte». Banaketa egiteko erakunde batzuen arteko lankidetza «emankorra» da. «Banaketa antolatzeko orduan giro oso ona dago boluntarioen, gizarte langileen eta jasotzaileen artean».

Muruaren arabera, «garrantzitsua bezain beharrezkoa» da Gipuzkoako Elikagai Bankuaren misioa. Lankidetza hitzarmena berritzeko asmoa dutela iragarri du, elikagai bankuak dituen gastuei aurre egiteko. «Zerbait gehiago txertatu nahi dugu hitzarmenean, gastu batzuei aurre egiteko. Ez dakigu oraindik nolako laguntza eman diegun, baina Elikagai Bankuarekin dugun lankidetza indartu nahi genuke». 

Tolosaldean dago Irura, eta eskualde hartako hainbat eragilek gogoeta orokor bat egin dute janaririk ez xahutzeko. Tolosaldea Garatzen garapen agentziaren arabera, eskualdeko hamahiru ikastetxek janaria xahutzearen inguruko ikerketa batean parte hartu dute. Zehazki, Tolosaldea Saretzen 2018-2025 Plan Estrategikoan sartzen da ikerketa. Lan horren bidez, ondorio garbiak atera dituzte. Horietako bat da Tolosaldeko ikastetxeetan 369.252 otordu ematen dituztela eta 27 tona janari xahutzen dituztela. Proiektua bigarren fasean da, eta hondakin organikoen kudeaketaren eta legediaren analisia egin dute, jaki gutxiago xahutzeko planak diseinatzeko.

«Ezinbesteko» rola

Irurako alkatearen ustez, «ezinbesteko» rola du Gipuzkoako Elikagai Bankuak, gizartean dagoen arazo «larri» bati aurre egiten baitio. Lan hori egiten duten eragile guztiei eman dizkie eskerrak. «Eskerrak eman nahi dizkiot Gipuzkoako Elikagai Bankuari, baita gizarte langileei eta parte hartzen duten boluntario guztiei ere, beharretan daudenei laguntzea eskaintzeagatik».

Azaroaren 18an, Fruta Landetxak eta Natra Oñatik aitorpen berezia jaso zuten Azken Minutua programan izandako lankidetzagatik, eta, ekitaldi hartan, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak azpimarratu zuen Elikagai Bankuaren zereginak gizarte hobe baten alde egiteko balio duela. «Zuen lanak erakusten digu guztion lana dela komunitate kohesionatu bat eraikitzen jarraitzea eta pertsonarik ahulenak kontuan hartzea. Erakundeen, enpresen eta elkarteen elkarlanak eragin positiboa dakar».

«Erakundeen, enpresen eta elkarteen elkarlanak eragin positiboa dakar»

EIDER MENDOZAGipuzkoako ahaldun nagusia

Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko foru diputatuak gizarteari dei egin zion alferrik botatako elikagaiak kolektibo zaurgarriei helarazteko, elikagaiak banatzea «behar-beharrezkoa» delako. «Erronka horrek, neurri instituzionalak ez ezik, gizarte osoaren inplikazioa eskatzen du. Gipuzkoan frogatu dugunez, alferrik galdutako elikagaien aurkako borrokan eta familia kalteberei laguntzen aurrera egiten jarrai dezakegu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.