Udalek hiri edota herri baten zabalera handitzea izan dutenean asmo, gune berde txikiak suntsitu izan dituzte kasu batzuetan, edota kostaldeko legea errespetatu gabeko proiektuak gauzatu. Ez da hori, ordea, Irunen kasua. ViaIrun izeneko proiektuaren ideia bolo-bolo dabil duela hamarkada batetik Bidasoko hiri nagusian, eta ez da gutxiagorako: izan ere, 76.500 metro koadro berreskuratuko dituzte, hiriaren erdi-erdian, eta naturari lurrik kendu gabe. Udalak eremu hori berreskuratzeko azterketa tekniko bat eskatu zuen lehen-lehenik, eta, ondoren, proposamen bat garatu. «Espazio horretan guztian erabileren proposamen oso mistoa geratu da», esan du Miguel Angel Paez Irungo alkateorde eta Hiri Garapenerako ordezkariak. Nabarmendu duenez, «XIX. mendetik Irunek bizi duen iraultza sozial eta ekonomikorik handiena» izango da ViaIrun.
Proiektua gauzatzeko, Irun bitan banatu eta Adifek erabilerarik gabe duen trenbide ingurua berreskuratuko dute. Bi kale nagusiren artean dago eremu hori: Kolon pasealekuaren eta Aduana kalearen artean. Gainera, Paezen (PSE-EE) arabera, proiektua hiriaren erdigunean egitea ez da kasualitatea izan, ziur baita hiriguneko «elementu zentrala» izango dela: «Hiriaren bihotza berriro sortzea ez da oso ohikoa hirietan, eta guk garrantzia eman nahi diogu, letra larriz».
Zehazki, Irungo mendebaldea —Anaka, San Migel eta Belaskoenea auzoak— eta erdigunea batuko ditu egitasmoak, eta horrek inguruan bizi direnen egunerokoan «eragin nabarmena» izango duela jakinarazi du Paezek. Gaur egun, auzo horietan bizi direnek hiriaren iparraldean eta hegoaldean dauden zubietatik pasatu behar dute hirigunera joateko: Kolon pasealekuan eta Soroxarta parkean dauden zubietatik. Bata bestearen parean daude zubiok, eta trenbide eremu «mamu» bat dute tartean, «zaharkituta eta utzita» dagoena, alkateordearen hitzetan. ViaIruni esker, pasabide bat sortuko dute gune horretan, San Migel auzotik Pio XII.eko Aduana karrikaraino iritsiko dena. Pasabidearen erdian, Irungo tren, AHT, topo eta autobus geltoki berria egongo da.
«Hiriaren bihotza berriro sortzea ez da oso ohikoa hirietan, eta guk garrantzia eman nahi diogu, letra larriz».
MIGUEL ANGEL PAEZIrungo alkateorde eta Udaleko Hiri Garapenerako ordezkaria
Orain gutxi arte, udalak ez zuen inguru horren gaineko inolako eskumenik, Adifena baitzen horren ardura. Paezek esan du lur horren jabe egitea izan zela udalak egin behar izan zuen lehen urratsa. Behin lurren gaineko eskumena lortu ondoren, proiektuaren helburuak finkatzeari ekin zioten, eta, alkateordearen arabera, «erabilpen publikorako» izango diren guneei eman diete lehentasuna. Hori dela eta, garraio publikoarentzako geltoki berriaz gain, Aduana kalean dagoen Aduana Zaharra eraikina birgaitzen ari da udala, Espainiako Estatuaren partzela eta eraikina erosi ondotik. 9.000 metro koadro baino gehiago ditu lursail horrek, eta eraikinak, berriz, 2.100. Eraikina zaharberritzeko lanak egiteko, bost milioi euro jarri ditu udalak, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak emandako diru laguntza bati esker.
Alkateordeak jakinarazi du oraindik badirela zehaztu gabe dituzten zerbitzuak; Aduana Zaharra eraikinean eskainiko dituztenak, kasu baterako. Hala, eraikina «hezkuntza publikoarentzat» izan dadila eskatu du, esaterako, Elkarrekin Irun alderdiak. EAJk, berriz, Irun erdiguneko anbulatorio berria ViaIrungo lurretan eraikitzea proposatu du. Guneak zertarako erabiliko dituzten zehaztu bitartean, Paezek baieztatu du eremuak «24 orduko bizia» izango duela, eta, horri esker, «auzo berri bat» sortuko dela. Izan ere, udalak berrehun etxe eraiki nahi ditu han —eremu guztiaren %20 litzateke—; zehazki, etxebizitza babestuak, etxebizitza publikoak eta aire zabaleko eremu berde handiak sortuko dituztela jakinarazi du udal ordezkariak.
Kontzentrazio esparrua
Pequeña Velocidad da Gipuzkoan zutik dagoen frankismoko kontzentrazio esparru bakarra, eta ViaIrun proiektua dela-eta eraisteko arriskuan dago; hain justu, San Migel auzotik Pio XII.a auzoraino iritsiko den pasabidearen proiektuagatik. Irungo Kepa Ordoki Memoria Historikoa eta Nicolas Gerendiain Errepublikarrak elkarteek denbora asko daramate kontzentrazio esparrua izandakoaren defentsan, eta memoria historikorako gune izendatzea eskatu dute. Udalak dio esparruaren elementu batzuk mantendu nahi dituela, «memoriarako elementu» gisa gordetzeko. Baina Paezek esan du pasabidea dela hiri antolakuntzarako plangintza orokorrean «elementu nagusia», eta uste du Pequeña Velocidad pasabidearen proiektuan nola egokitu pentsatu beharko litzatekeela.
«Oraingoz, errealitate bihurtzeko esperoan dago Viairun proiektua».
MIGUEL ANGEL PAEZ Irungo alkateorde eta Udaleko Hiri Garapenerako ordezkaria
Nolanahi ere, pasabideaz hitz egiteko «goiz» dela dio alkateordeak. Izan ere, proiektu horren finantzaketa hitzarmena sinatua dute Adifen, Espainiako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Irungo Udalaren artean, baina Paezek esan du aurrekontuan moldaketa bat egin behar dela. Urte honen bukaerarako lanak abiatzeko data jakitea espero dute. «Oraingoz, norabide horretan dago ViaIrun, errealitate bihurtzeko esperoan».