Paulo Azpiazu: «Uste dut gaur egun gazteek azkarregi bildu nahi dituztela emaitzak»

Paulo Azpiazu 14 urterekin hasi zen kirol munduan, eta 16 urterekin sartu zen lehendabiziko aldiz gimnasio batean. Gaur egun kirolari buruzko informazio gehiago dagoela dio.

(ID_13926507) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-05-27, Getaria. Paulo Azpiazu , kirol entrenatzailea
Paulo Azpiazu, Getarian, astelehenean. JON URBE / FOKU
jone arruabarrena
2024ko maiatzaren 31
05:00
Entzun

Paulo Azpiazu (1996, Bergara) 14 urterekin hasi zen fitness erako entrenamenduak egiten. Youtubeko bideoen bidez ikasi zituen teknika egokiak, eta orain, 28 urterekin, arlo horretako kirol entrenatzailea bihurtu da. Zarautzen bizi da. Azpiazuk uste du gazteek emaitzak «oso azkar» nahi dituztela gaur egun.

Nola hasi zinen kirol munduan?

14 urte neuzkanean hasi nintzen. Fisikoki konplexu asko nituen; neure buruarengan konfiantza falta nuen. Adibidez, lagunekin hondartzara joaten nintzenean, ez nuen kamiseta kentzen. Azkenean, erabaki nuen etxean entrenatzen hastea.

Presioa sentitzen zenuen gorputz jakin bat izateko?

Uste dut nik neure buruari jartzen niola presioa. Azkenean, autoestimu baxua duzunean, uste duzu mundu guztia zuri begira dagoela, baina, arazo horiek alde batera uzten dituzunean, konturatzen zara norberak egiten diola min bere buruari. Egia da, beste alde batetik, gaur egungo gizarteak esaten digula gorputz on bat izan behar dugula.

Nolakoak ziren lehenengo entrenamenduak?

Ez neukan inolako oinarririk, eta beste batzuei entzuten nienari jarraika hasi nintzen entrenatzen. Baina poliki-poliki geroz eta gehiago ikasten hasi nintzen. Urtebete eman nuen etxean entrenatzen. Flexioak egiten hasi nintzen, gero haltera pare bat erosi nituen, eta horiekin ere ariketak egiten hasi nintzen. 

Non hasi zinen entrenamenduei buruzko informazioa bilatzen?

Youtubeko bideoak ikusten nituen. Garai hartan ez zegoen Instagramik, eta sareetan ez zegoen kirolaren inguruan gaur dagoen besteko edukirik. Zerbait egitea nahi zuenak bere kontura moldatu behar zuen. Garai hartan etxean ez geneukan Internetik ere, eta herriko ludotekara joaten nintzen bideo horiek ikustera. 

«Ez neukan inolako oinarririk, eta beste batzuei entzuten nienari jarraika hasi nintzen entrenatzen».
Gimnasiora joaten hasi zinen gero?

Bai. Gogoan dut hasieran gimnasiora joateak lotsa handia ematen zidala. 16 urterekin hasi nintzen joaten, han sartzeko izan beharreko gutxieneko adina zelako. Bultzada handia eman zidan. Bertan zegoen jendearekin asko ikasi nuen.

Kirola obsesio bihurtzeko arriskua dago?

Norberak egiten duen kudeaketaren arabera. Batzuk asko obsesionatzen dira fisikoarekin, eta etengabe geroz eta gorputz hobea eduki nahi dute. Ahaztu egiten zaie zein garrantzitsua den osasuna. Horrek arazoak ekar ditzake. Nik uste dut garrantzitsua dela oreka bat lortzea kirolarekin, lanarekin, lagunekin eta familiarekin..., hau da, norberaren bizitzako arlo guztietan.

Nola ikusten dituzu gaur egun gimnasiora joaten diren gazteak?

Uste dut gaur egun gazteek azkarregi bildu nahi dituztela emaitzak. Alde horretatik, mundua asko aldatu da, eta sareek ere azkartasun hori bultzatzen dute. Gaur egun gazte askok ez dute egiten behar adinako ahalegina zerbait lortzeko. Jendea ez da konprometitzen, eta dena oso azkar nahi du. Kirol arloan, horrek arazo asko ekartzen ditu. 

Hala ere, lehen baino informazio gehiago dago ohitura egokiei buruz.

Bai. Gaur egun Instagramen dohainik ikas dezakezu nola egiten diren gimnasioko ariketak, eta, hala ere, gazteek askotan teknika eskasa izaten dute. Uste dut ez dutela denborarik hartzen informazioa bilatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.