Zumaiako Itzurungo hondartzan hasi zen Unax Pascual (Zumaia, 2008) bodyboardeko taularekin entrenatzen, 8 urterekin. 17 ditu orain, eta kirol horretan bere mailako munduko txapelduna izateko lehiatuko da hilabete honetan. Bihar hasiko da txapelketako azken proba, Kanarietan (Espainia), eta urriaren 26ra arte iraungo du.
Nola hasi zinen bodyboardean?
Aita surfean aritzen zen, eta ni ere surfa egiten hasi nintzen. Hala ere, laster hasi nintzen bodyboardeko taula gehiago hartzen, gehiago gustatzen zitzaidalako. Udan hartu nuen lehenengo, hondartzan, eta, gero, pixkanaka hasi nintzen neguan ere taularekin uretara sartzen. 8 urte inguru nituen.
Eta nola hasi zinen lehiatzen?
12 urterekin lehiatu nintzen lehen aldiz, Gipuzkoako Txiki Surf txapelketan. Irabazi egin nuen.
Zeure kabuz aritzen zara, edo badaukazu entrenatzaileren bat?
Hasieran, neure kabuz egiten nuen, baina, 12 urterekin, Jon Lopez entrenatzailearekin hasi nintzen, Spot Surf eskolan.
Zer ibilbide egin duzu orduz geroztik?
Lehenengo, Euskal Herrian lehiatzen hasi nintzen. Aurreneko munduko txapelketako proba bat Sintrakoa izan zen, Portugalen, duela bi urte. Joan den urtean berriro hartu nuen parte proba horretan, eta bigarren postua lortu nuen. Postu horrekin hasi zen dena, ezaguna izaten hasi nintzelako.
Non entrenatzen zara?
Olatuak daudenean deitzen digu entrenatzaileak, eta esaten digu entrenatzera joateko. Zumaian izan daiteke, edo olatuak dauden beste edozein hondartzatan: Mundakan, Zarautzen... Aste Santuan Asturiasera ere joan ginen entrenatzera.
Nolakoak dira entrenamenduak?
Maniobra asko daude, baina txapelketetan batzuek puntu gehiago balio dute besteek baino. Garrantzitsua da teknika ondo menperatzea, maniobrak ondo egiteko. Beraz, horiek praktikatzen aritzen gara.
Zertan ari zara orain?
Backflip maniobra hobetzen ari naiz, baina niri gehien gustatzen zaidana maniobra alderantzikatua da.
17 urte dauzkazu, eta ikasten ere ari zara. Astia izaten duzu denetarako, edo gauza batzuk alde batera utzi behar izan dituzu?
Zaila da bodyboarda ikasketekin bateratzea. Orain, adibidez, batxilergo lehenengo mailan nago, eta Kanarietara joan aurretik irakasle guztiekin hitz egiten ari naiz, ikasketak moldatzeko. Nahiko estresatuta nabil. Bizitzako beste arloekin nahiko ondo bateratzen dut bodyboarda, baina beste guztiaren aurretik lehentasuna ematen diet entrenamenduei.
«Ez nuen pentsatzen aurten Txilera joatea; hemendik bi urtera joatea zen nire asmoa»
Munduko txapeldun izateko aukera baduzu aurten, Kanarietan.
Bai. Txapelketan bost lehiaketako zirkuitu bat egin dute, eta lehiaketa horietako bitara joan beharra zegoen munduko txapeldun izateko aukera edukitzeko. Maiatzean, ni Txilekoan egon nintzen, Antofagastan egin zuten lehiaketako hirugarren jardunaldian. Lehenengo postua lortu nuen han, 2.000 punturekin. Orain, badut aukera Fronton olatuan [Kanariak, Espainia] munduko txapeldun izateko.
Nolakoa izan zen Txileko esperientzia?
Oso polita. Dena aste batean antolatu nuen. Ez nuen pentsatzen aurten Txilera joatea; hemendik bi urtera joatea zen nire asmoa. Baina proposatu zidaten, eta aprobetxatu egin nuen. Berez, Maldivetara joan nahi nuen aurten, baina, arazoak egon zirenez proba baieztatzeko garaian, Txilera joan ginen, korrika.
Nola ikusten duzu Kanariar irletako proba?
Proba horretan finalera iristen banaiz, munduko txapeldun izango naiz. Uste dut badudala aukera txapeldun izateko. Oraingoz, aurreikuspen onak daude olatuei dagokienez. Garrantzitsuena da ondo pasatu eta disfrutatzea, baina saiatuko naiz irabazten ere. Berez, Kanarietako proba hamalau egunekoa da, baina egun horietatik sei aukeratzen dira lehiatzeko.
Nortzuk dira zure lehiakideak?
Mikelle Arriagada txiletarra, Louka Zaninotto frantsesa eta Jay Taylor australiarra dira txapeldun izateko aukera gehien dauzkatenak, nirekin batera.