Lourdes Oñederra hizkuntzalari eta idazlea (Donostia, 1958) orain hamazazpi urte izendatu zuten euskaltzain oso. Fonologian aditua da, eta «zulo» bat ikusi zion arlo horretan euskara batuari. Pasiotzat du fonologia, uste baitu horixe dela hizkuntza baten alderik garrantzitsuena. Eremu zaila dela dio, baina: «Jakin behar da noiz arautu eta zertarako».
Zer lan egiten du gaur egun euskaltzain batek?
Neuk ere nahiko nuke jakin. Ez dakit badagoen erantzun errazik. Zaila zait zehaztea zein den Euskaltzaindiaren zeregina gaur egun. Eta horrekin ez dut iradoki nahi Euskaltzaindiak ez duenik zereginik. Baina zeregin hori hain da zabala eta askotarikoa... Eta, gainera, euskaltzain osook oso-oso desberdinak gara. Denetarik dago: zuzenbideko jendea, literaturako jendea... Kuriosoa da, baina esango nuke hizkuntzalariok garela gutxiengoa; hizkuntza akademia bat izateko, ez gara asko. Norbera noraino sartzen den, hortxe definitzen da euskaltzain oso baten zeregina, neurri handi batean.
2007ko azaroan izendatu zintuzten zu euskaltzain oso.
Bai. Deitu zidatenean, pentsatu nuen euskararen ahoskeratik jo nahi nuela gehienbat, horretaz baitakit nik, zerbait jakitekotan. Kostatuta, baina antolatu genuen ahoskera batzorde bat. Horretan daukat nik lana: ahoskera batzordean, ikastaroak antolatzen... Eta pentsatzen dut beste euskaltzain batzuen lana oso bestelakoa izango dela.
Hamazazpi urte pasatu dira euskaltzain oso izendatu zintuztenetik. Emakume bakarrenetakoa zinen orduan...
Lau baziren ni iristerako: Miren Azkarate, Aurelia Arkotxa, Sagrario Aleman eta Ana Toledo. Hamazazpi urtean izan dira aldaketak Euskaltzaindian, noski, eta handienetako bat da, zalantzarik gabe, emakumeak sartzea. Nolanahi ere, ematen zuen orekatzeko bidean geundela, baina gutxiengoa gara oraindik. Saiatu gara emakume gehiago sartzen: nik sinatu ditut hainbat emakume sartzearen aldeko eskakizunak. Oreka horretan sinistuko dut noizbait euskaltzain oso izatera emakume eta gizon aurkeztu eta emakume baten izena ateratzen denean. Eta horrekin ez dut esan nahi emakume izateagatik atera behar duenik.
Euskaltzaindiaren helburuak ere aldatuko ziren ordutik hona. Euskara batua prozesu gisa ulertuta, zer puntutan dago gaur egun?
Horrelako galderak oso deserosoak izan daitezke, baina euskarak axola badu, aurre egin behar diegu, eta eztabaidatu behar dira. Orduan, niri iruditzen zait oso puntu nahasian dagoela euskara batua. Behin zehaztu zen zertarako zen, gauza batean behintzat ados jarri ginen euskaldun gehienok, eta badirudi, behin finkatu zenez gero, hala dela, dogma bat dela eta ezin dela ukitu. Nik uste dut ondo legokeela berrikustea, gauzak berriro aztertzeak ez baitu esan nahi hasieran finkatutako hura zalantzan jartzea. Pentsatzen dut euskara batuaren garai bateko zeregina eta gaur egungoa ez dela bera. Oso errealitate konplexua da, eta horregatik diot oso puntu nahasian dagoela. Dudarik gabe, uste dut euskara batua lorpen bat dela eta eutsi egin behar zaiola; kontua da nola egin hori modurik eraginkorrenean, ez delako batere erraza. Gauzak abstraktu eta dogmatiko eginez gero, erraz honda daitezke. Zatiketa handi bat dago Iparraldearen eta Hegoaldearen artean; ikustea eta entzutea besterik ez dago. Orduan, entzuten dudanean «Hegoaldeko euskara batua» edo «Iparraldeko euskara batua», esaten dut: «Lau katu gara, lau katu, eta lau katu gara beste katu askoren artean, eta katu bakoitza, gainera, elebiduna da oinarrian». Horrela hasten bagara, joango zaigu batasunaren kontua. Izan ere, batasunaren kontuak linguistikoa izan behar du.
«Ez dakit munduan izango ote den hizkuntza gutxiturik euskarak beste laguntza duenik»
Larunbatean Kike Amonarrizek Zenbatek egingo du euskaraz 2075. urtean? izeneko iritzi artikulua argitaratu zuen BERRIAn. Zu ere kezkatzen al zaitu euskararen etorkizunak?
Gu txikiak ginenean eta ikastola klandestinoetara joaten ginenean, gazteleraz egiten genuen. Pentsa: Francoren garaian, gurasoek andereñoaren etxera eramaten gintuzten, ezkutuan, euskaraz egin genezan, eta guri gustatzen zitzaigun gazteleraz ere egitea. Niri apasionantea iruditzen zait hizkuntza aniztasuna, eta haurrek, inguru elebidun batean daudenean, jolas hori izaten dute eskura, eta jolastu egiten dira. Halere, kontu horiek alde batera utzita, bai, kezkatzen nau 2075ean euskaraz zenbatek egingo ote duten pentsatzeak. Horri dagokionez, iruditzen zait badugula nahasketa oso arriskutsu bat.
Zer nahasketa?
Bi muturretakoak gara. Alde batetik, esango nuke oso biktimistak garela, eta uste dut garai batetik hona ezin garela askorik kexatu. Ez dakit munduan izango ote den hizkuntza gutxiturik euskarak beste laguntza duenik, alde batera utzita egin dakizkiokeen kritikak eta aldatu beharko liratekeenak, noski.
Eta zein da beste muturra?
Euskaldunok badaukagu halako triunfalismo bat ere, zera iradokitzen duena: listo, dena egina dago, eta orain gelditzen den lan bakarra da jendeak euskaraz hitz egitea. Ez dut esaten triunfalismo hori beharrezkoa ez denik, bizitzeko ezin delako beti triste egon, baina uste badugu denok beti euskaraz hitz egitea lortuz gero euskara salbatuko dela, agur, jai daukagu.
Zergatik?
Hori ez delako gertatuko. Eta nire galdera, gainera, zera da: hori nahi dugu? Ahalik eta azkarren, ahalik eta zabalen: presa hori izan dugu beti. Baina ahalik eta azkarren eta ahalik eta zabalen, zer euskara da salbatu nahi duguna? Nor-nori-nork gabe, ergatiboak erabili gabe, mugagabea ahaztuta...? Erabili dugu hizkuntzaren estandartea, hizkuntzaren pankarta, eta hori ere behar da, baina hor gelditzen bagara, gureak egin du. Hizkuntza ikasteko bi motibazio mota ikasi nituen nik psikolinguistikan: motibazio afektiboa eta motibazio instrumentala. Instrumentalak balio du azterketak pasatzeko eta lanpostuak lortzeko, baina horrela ez dugu lortuko jende horrek hizkuntza erabiltzea eta seme-alabei transmititzea. Uste dut hizkuntza guztiak direla onak, eta, gainera, bat bera ere ez da iristen den-dena esatera. Oso gai interesgarria dela iruditzen zait hiztun elebidunena ere. Jende askok esaten du gazteek dena nahasten dutela: euskara gaztelerarekin, eta esaldi berean. Niri izugarri gustatzen zait hori.
Adibidez?
«Por que te ha dicho esan ziola...». Gure amonak horrela egiten zuen bere lagunekin, eta oso ondo pasatzen nuen entzuten. Orduan, gure txikitasun honetan, goazen pentsatzera nola baliatu euskarak dituen laguntzak ahalik eta ongien. Oso erraz esaten da hemen, kafe bat hartuz, baina uste dut mahai gainean jarri behar direla kezka guztiak, begiratu eta aztertu, biktimismotik eta triunfalismotik ihes eginda. Blokeak hausten baditugu, atera daitezke gauzak. Adibidez, euskara gorrotatzen omen dutenei ahotsa ematen bazaie, beharbada, pistak izango ditugu errealitate osoa ezagutzeko eta ideia berriak ateratzeko.
Euskara batuan nola idatzi behar den definitzen ari zirenean, fonologiaren alorrari begiratu zenion zuk. Zergatik?
Hor ikusi nuelako zuloa. EITBtik etorri zen eskaria. Noski, interesatzen zitzaien euskara batuan nola idazten den, baina jakin behar zuten nola ahoskatu ere. Dezente denbora pasatu zen Euskaltzaindiak eskari horri erantzun bat eman zion arte, eta uste dut horrek baduela bere alde ona: erantzunak poliki eman behar dira; akademia batek bai, behintzat. Izan ere, gu ez gara hizkuntzaren jabeak, gauzak analizatu behar dira, eta poliki. Halere, erantzunak poliki emateak badu bere alde txarra ere: ahoskerari garrantzi txikiagoa ematen zaiola gramatikari, idazkerari eta lexikoari baino.
Uste duzu garrantzi txikia ematen zaiola ahoskerari?
Bai. Eta, gainera, uste dut ahoskera dela hizkuntza baten alderik garrantzitsuenetako bat. Hizkuntza bat hotsezkoa baita. Niri izugarri interesgarria egiten zait ahoskeraren gaia, baina oso eremu zaila da, jakin behar baita noiz arautu eta zertarako. Fonologia da lengoaiak alderdi fisikoarekin topo egiten duen eremua, eta niri oso erakargarria egiten zait hori. Uste dut hizkuntza guztiek behar dutela azterketa fonetika aldetik, eta euskarak, areago. Ni fonetika kontuetan sartu nintzen kritika literariotik ihesi, idazten segitu nahi nuelako.
«Niri izugarri interesgarria egiten zait ahoskeraren gaia, baina oso eremu zaila da, jakin behar baita noiz arautu eta zertarako»
Bi nobela dituzu idatziak: Eta emakumeari sugeak esan zion (1999) eta Intemperies (babes bila) (2013). Hamalau urte pasatu ziren batetik bestera.
Gaizki pasatzen dut epe baten barruan idatzi behar dudanean. Literaturan ez diot eperik jartzen nire buruari, nahiz eta hori arriskutsua ere izan daitekeen. Baina egiteko modu hobea da niretzat. Gainera, ni naiz nire lanaren lehen irakurlea, eta sorpresak hartzen ditut irakurri bitartean. Orain, lan bat edo aro bat bukatzen ari naiz, eta jantokiko mahaia paper metatxoz beteta daukat, nik egindako ohartxoekin. Topikoa ematen du, baina gozatu eta sufritu egiten dut idazten. Fonologiako lanekin ere gertatzen zait, baina literaturarekin, areago. Azkenean, literatur lan batekin hasten nintzenean, unibertsitateko edo fonologiako lanen bat gurutzatzen zitzaidan. Asko ematen didaten lanak dira, pribilegiozkoak.
Eta lan batek laguntzen dizu bestean?
Bai eta ez. Denbora kentzen dit, baina niri asko balio dit. Bi armairu ditut, nolabait: literaturako armairua, ireki eta dena gainera erortzen zaidana, eta bestea, fonologiakoa. Fonologiakoan baditut tiraderak, ordena bat eskatzen baitu lan horrek.
MOTZEAN
Irakurri duzun azken liburua?
Prosper Merimeeren Carmen, euskaraz, Maria Garikanok itzulita. Aspalditik neukan liburua, eta oraintxe irakurri dut.Eredu izan duzun idazle bat?
Ramon Saizarbitoria. Hura eta haren literatura laguntza handia izan dira niretzat.Gustuko duzun paisaia bat?
Lautadak. Askotan egiten dut Donostiatik Gasteizerainoko bidea, eta asko gustatzen zait lautadaren hasiera hori.