Ingurumena

Urumea inguruko proiektu eolikoen aurka

Urumea aldeko biztanleek Urumeako Mendiak Bizirik herri egitasmoa abiatu dute. Endesa eta Repsol enpresek parke eolikoak eraiki nahi dituzte inguru horretan, eta herritarren plataformak horri «aurre egitera» deitu du.

(ID_17379950567885) URUMEAKO MENDIAK BIZIRIK
Urumeako Mendiak Bizirik plataformaren agerraldia, urtarrilaren 27an, Hernanin. JON URBE / FOKU
Hernani
2025eko martxoaren 2a
05:00
Entzun

Urumeako Mendiak Bizirik herri egitasmoa abiatu dute Arano, Goizueta (Nafarroa), Hernani eta Urumea aldeko biztanleek, eraikitzear dauden parke eolikoen aurka. Erramun Galparsoro (Donostia, 1965) eta Eli Pagola (Ereñotzu, Hernani, 1995) plataformako kideek adierazi dute helburua dela ahalik eta informazio gehien jasotzea, egoera ezagutaraztea eta «eraiki nahi dituzten makroproiektuei aurre egitea».

Bi parke eoliko eraiki nahi dituzte Urumea aldean, horietatik bat Hernaniko lurretan. Ikatz Gane izena jarri dio Enigma Green Power sozietateak, eta Espainiako Endesa argindar enpresa dago proiektuaren atzean. Eraiki nahi duten beste proiektuak eremu zabalagoa hartzen du: Arano, Ereñotzu, Goizueta, Hernani, Elduain eta Berastegi. Erreka izena jarri dio Fe Energy aholkularitza enpresak, eta Repsolek sustatzen du. Azken hori, Euskal Herrian egindako gisa horretako azpiegiturarik handiena izango litzateke, eta tramitazioa Espainiako Gobernuaren esku dago; batetik, proiektu handia delako, eta, bestetik, EAEri eta Nafarroari eragiten dielako.

Gainera, energia garraiatzeko ebakuazio linea bat eraikitzeko asmoa dute. Horretarako, zentral eolikoaren azpiestazioa Aranoko San Migel Soro muinoan jartzeko asmoa dute, eta goi tentsioko linea hori Oiartzungo Arkale mendian eraikiko luketen azpiestaziora iritsiko litzateke, bertatik energia banatzeko. Udalerri hauek zeharkatuko lituzke ebakuazio lineak: Hernani, Urnieta, Astigarraga, Errenteria, Oiartzun eta Arano. Eraikuntzarako sarbidea Urnietako Besabin egongo da, planoetan zehaztutakoaren arabera.

Herri egitasmoa, abian

Aranoko biztanleek «sekulako sustoa» hartu zuten 2022an, herrian parke eoliko bat eraiki nahi zutela entzun zutenean. Susmoak susmo, iazko maiatzean berretsi zuten aditutakoa, Fe Energy enpresa herrira iritsi zenean. Aranon orduan erabaki zuten proiektuaren kontrako plataforma bat sortzea —Urumeako Mendiak Bizirik—, eta Hernani, Ereñotzu eta Goizuetara zabaltzea. Izan ere, kideek adierazi dute helburua ez dela plataforma Urumea aldekoa bakarrik izatea.

Orain arte, askotariko eragileetako kideak bildu dira mugimenduaren barruan. Eli Pagola kideak adierazi du ez direla «eragileen arteko plataforma bat», eta «nahasketa handia» dagoela: «Badira norbere izenean etorritakoak, eta baita talde baten izenean etorritakoak ere». Izan ere, Erramun Galparsorok dioenez, helburu bera dute denek: «Proiektu izugarri horiei aurre egitea». Horretarako, esan dute plataforma «ireki, zabal eta zeharkakoa» izan nahi dutela.

Hala ere, «kostatu» egin zaie datuak lortzea. Nafarroako Gobernuaren bitartez jaso dute prospekzio arkeologikoa egiteko txostena, eta horri esker jakin dute Erreka proiektua non gauzatuko den zehazki eta zenbatekoa izango den. Hori lortuta, plataformako kideek esan dute asmoa dela ikusaraztea parke eolikoa zenbatekoa izango den. Izan ere, Galparsorok argi du hura eraikiz gero Arano «desagertu» egingo dela urte batzuen buruan.

Aurrerantzean, ikuspegi panoramikoa

Urumeako Mendiak Bizirik plataformako kideek esan dute «ahalik eta helegite txukun eta teknikoenak» prestatzen ari direla orain, osasunarekin eta bioaniztasunarekin lotutakoak. Jakinarazi dute berotegi efektuari aurre egiteko «ezinbestekoa» dela «ekosistema biziei» eustea. «Azken finean, ekosistemak ez dira aranoarrenak edo ereñotzuarrenak; ekosistemak denonak diren altxor urri, eskas eta ezinbestekoak dira. Horregatik, gelditzen zaizkigun basa lurralde mugatu eta txiki hauek ezin ditugu utzi horrela galtzen».

Bitartean, bereziki jakintza teknikoak dituztenei dei egin diete plataformara batzeko: «Biologoak, abokatuak, arkeologoak, urbanismoan adituak eta alea jarri dezaketen guztiak dira ongi etorriak».

Datozen deialdiei dagokienez, bi dituzte antolatuak. Martxoaren 13an, mahai ingurua egingo dute Andoainen, Ezkeltzu taldeko kideekin. Martxoaren 15ean, Vidas irrenovables dokumentala emango dute Aranoko elizan. Egun osoko egitaraua antolatu dute, jarduera ugariz osatua, hala nola mendi buelta, kalejira, bertsolariak eta trikitilariak.

5

ZENBAT HAIZE ERROTA ERAIKI NAHI DITUZTEN IKATZ GANE PROIEKTURAKO. Bakoitzak 6,6 megawatteko potentzia izatea da asmoa, eta errotak 205 metro garai izatea. Guztira 33 megawatteko potentzia izango du parkeak, proiektuaren arabera.

15

ZENBAT HAIZE ERROTA ERAIKI NAHI DITUZTEN ERREKA PROIEKTURAKO. Bakoitzak 6,6 megawatteko potentzia eta 205 metroko garaiera izango du, proiektuaren arabera. Parkeak guztira 99 megawatteko potentzia izatea da asmoa. Errota bakoitza muntatzeko 5.000 metro koadro beharko dira. Hormigoizko oinarria lau metro sakon izango da, eta 625 metro koadro hartuko ditu.

21,063

ZENBAT KILOMETRO IZANGO DITUEN ERREKA PROIEKTUAREN EBAKUAZIO LINEAK.68 dorre izatea da asmoa. Bakoitzaren zimenduetarako 803,83 metro kubiko hormigoi beharko dira.

27,54

ZENBAT KILOMETRO HARTUKO DITUEN ERREKA PROIEKTUA ERAIKITZEKO SARBIDEAK. Proiektuan zehaztutakoaren arabera, pista sei metro zabal izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.