Gazteen artean mendizaletasuna sustatu eta inguruko txokoak ezagutzeko asmotan sortu zituen Gipuzkoako Mendizale Federazioak Eskolarteko ibilaldi neurtuak. Aurtengoa igandean egingo dute, eta urteurren borobil bat ospatuko dute: 35. aldia. 1988an egin zuten lehendabizikoz, eta 1994tik, eskualdeetan banatuta, txandaka antolatzen dituzte Gipuzkoa mailako mendi elkarteek ibilaldiak herri bakoitzean. Aurten, Arrasateko Besaide, Oiartzungo Girizia, Villabonako Aizkardi, Zarauzko Pagoeta eta Zegamako Amezti elkarteen txanda izango da. Egun horretaz gain, Finalista Eguna antolatzen du federazioak, mendi elkarte baten laguntzarekin. Urte honetakoa urriaren 20an egingo dute, Tolosako Alpino Uzturre elkarteak antolatuta.
Zegamako Amezti mendizale elkarteak ibilaldi neurtuen antolakuntzan parte hartuko duen bigarren urtea da. «2016an parte hartu genuen estreinakoz, Finalista Eguna antolatzen, eta, hain azkar espero ez bagenuen ere, orain berriro egokitu zaigu», dio Emilio Txurruka Amezti mendizale elkarteko batzordekideak. Pagoetari dagokionez, berriz, bederatzigarren aldia izango da. «Sei urtean behin parte hartzen dugu guk, eta, hortik aurrera, ikastetxeen bidez antolatzen da partaidetza», gaineratu du Iñigo Mugerza Pagoeta mendizale elkarteko batzordekideak.
Mugerzak eta Txurrukak esan dutenez, ibilaldi neurtuak hasi baino hiru hilabete lehenago elkarteekin kontaktuan jartzen da Gipuzkoako federazioa, eta hainbat bilera egiten dituzte, egitasmoaren aurretik eta ondoren. «Lehen pausoa da ibilbidearen triptikoa egitea, eta, behin hori eginda, mendi elkarteok sustapena egiten dugu ikastetxeetan. Aldi berean, udalekin harremanetan jarri eta ahal den neurrian materiala ere eskatu behar izaten dugu», zehaztu du Mugerzak. «Ibilaldia guk geuk pentsatu eta antolatzen dugu, eta guri dagokigu dena prest uztea: ibilbidea seinaleztatu, sasiak garbitu… Lan pixka bat eskatzen du, baina ez da eramanezina», gehitu du Txurrukak.
«Ibilaldia guk geuk pentsatu eta antolatzen dugu, eta guri dagokigu hori prest uztea egunerako».
EMILIO TXURRUKAAmezti mendizale elkarteko batzordekidea
Batzordekideen lanaz gain, boluntarioena ere azpimarratu nahi izan dute Zegamako eta Zarauzko mendi elkarteetako kideek. Zarautzen 50 boluntario inguru behar izaten dituztela kalkulatu du Mugerzak; Zegamako Amezti mendi elkarteko batzordekideak, ordea, esan du 35 lagun behar izaten dituztela, gutxi gorabehera. «Komenigarria da ibilbidean zehar laguntzaileak egotea gazteak galdu ez daitezen. Bukaeran mokadutxoa banatzen zaie, eta horretarako laguntza behar da», esan du Txurrukak.
Etorkizunera begira
Egitasmoak aldaketarik izan duen galdetuta, Iñigo Mugerza Pagoetako batzordekideak azaldu du «antzeko dinamika» izan duela ekimenak urte hauetan guztietan, eta iazko urtera bitarteko datuak eman ditu. Lehen urtean, adibidez, guztira 950 umek parte hartu zuten jardunaldian, eta urteetan datu horrek gorabeherak izan dituen arren, iaz Urola Kosta eta Urola bailaretan «bostehun bat ume» aritu zirela azaldu du Mugerzak. «Goierrin 250 inguru espero ditugu», dio Txurrukak.
«Antzeko dinamika izan du urte hauetan guztietan Eskolarteko Ibilaldi Neurtuen antolaketak».
IÑIGO MUGERZA.Pagoeta mendizale elkarteko batzordekidea
Horrekin batera, Txurrukak hausnarketa sakona egin nahi izan du. Haren ustez, mendira joateko moduak asko aldatu dira azken urteetan, eta geroz eta jende gehiagok «bere kasa» antolatzen dituzte ibilaldiak. «Gurea bezalako herri txikietan geroz eta zailagoa egiten da taldeko ibilaldiak antolatzea, oso jende gutxi etortzen baita. Azken ibilaldia, adibidez, hamar lagunekin bakarrik egin genuen». Gazte ala heldu, bi mendi taldeetako kideek horrelako ekintzetan herritarrak parte hartzera animatu dituzte, mendizaletasunak etorkizunean jarraituko duen esperantzarekin.
IBILBIDEAK
- Arrasate: bi ibilbide egongo dira, eta bien hasiera eta bukaera Biteri plazan izango da. Luzea 11 kilometrokoa izango da, eta motza, zortzikoa. Hiru kontrol guneak Asuelan, Bedoñan eta Kurtzetxikin jarriko dituzte.
- Oiartzun: bi ibilbide egongo dira, eta bien hasiera eta bukaera Haurtzaro ikastolan izango da. Luzea 10,5 kilometrokoa izango da, eta bostehun metroko desnibela izango du. Motza, berriz, 7,9 kilometrokoa izango da, eta hirurehun metroko desnibela izango du.
- Villabona: bi ibilbide egongo dira aukeratzeko: luzeena 11, 3 kilometrokoa, eta motzena, 7,78koa. Errebote plazan hasi eta amaituko da ibilaldia, eta Lastur parkean, Oindolarren eta Komizar parkean izango dira kontrolak.
- Zarautz: bi ibilbide egongo dira, eta bien hasiera eta bukaera Gaztelekuan izango dira. Luzeena Garate gaineraino joango da, eta motza, Zingiraraino. Aipatutako azken puntu horretan eta Iruerreketan kokatuko dituzte kontrolak.
- Zegama: bi ibilbide izango dira: bata 11,6 kilometrokoa eta bestea 7,9koa. Udaletxe parean hasita eta amaituta, Etxeberri Azpikoan eta Unzurrunzaga parean jarriko dituzte kontrol guneak.