URTEKARIA: KIROLA

Urte oparoa kirolari gipuzkoarrentzat

Goi mailan aritu dira aurten Gipuzkoako zenbait kirol talde eta norbanako: besteak beste, Txapeldunen Ligan da Reala, Nerea Arrutik erakustaldia eman du herri kiroletan, eta Arraun Lagunak taldeak Euskotren liga eta Kontxako Bandera irabazi ditu.

Miren Mujika Telleria.
2023ko abenduaren 23a
05:00
Entzun

Frantziako Tourra orain 31 urte pasatu zen azkenezkoz Gipuzkoatik; 1992an, zehazki. Are, Donostian hasi zen lasterketa, eta herrialdeko dozenaka herri zeharkatu zituzten txirrindulariek. Hala egin dute aurten ere; uztailaren 1ean eta 2an. Gipuzkoako hainbat herri leporaino bete ziren bi egun horietan. 

Gipuzkoarrek eman zuten zeresana Tourrean. Gizonezkoetan, esaterako, Ion Izagirre (Cofidis) ormaiztegiarra nagusitu zen hamabigarren etapan, uztailaren 13an Roanne eta Belleville-en-Beaujolais (Frantzia) artean jokatu zenekoan. Iheskide guztiak atzean utzita irabazi zuen Izagirre anaietan gazteenak: bakarrik helmugaratu zen, besoak zabal-zabalik, eta pozez gainezka.

Emakumezkoenean, berriz, oso emaitza ona izan zuen Ane Santesteban (Jayco AlUla) txirrindulari errenteriarrak, sailkapen nagusian zortzigarren postuan amaituta. Tourrekoa ez da, gainera, Santestebanek aurtengo itzuli handi batean lehen hamarrean artean sailkatzea lortu duen lehen aldia: Italiako Giroan ere lortu zuen, hamargarren izanda.

Futbolean, hamar urte ziren Txapeldunen Ligako ereserkia ez zela aditzen Donostiako Anoeta estadioan. Denboraldi honetan, berriro lortu du Txapeldunen Ligarako pasea Realak. Sailkapen fasean sei partida jokatu ditu, Inter Milanen, Salzburgoren eta Benficaren aurka, eta hiru irabazi egin ditu, eta beste hirutan, berdindu. Gailendu denetan, gainera, erakustaldia eman du.

(ID_13437684) REALA 1 - 1 INTER MILAN
Mikel Merino Realeko jokalaria, irailaren 20an, Inter Milanen aurka jokatutako Txapeldunen Ligako partidan, Anoetan. JON URBE/FOKU

Multzoen fasean lehen postua eskuratu izanak modua eman die txuri-urdinei final-zortzirenetarako sailkatzeko, eta, hain zuzen ere, berriki jakinarazi dute zeinen aurka arituko den. Gehienek saihestu nahi zuten huraxe egokitu zaio Realari: Paris Saint Germain. Joaneko partida otsailaren 14an jokatuko dute, Frantziako hiriburuan, eta itzulerakoa, martxoaren 5ean, Anoetan.

Eibar, Lehen Mailan

Emakumezkoetan, nabarmentzekoa da Eibarrek egindako denboraldia. Izan ere, aurreko denboraldian galdutako maila berreskuratzea lortu zuen maiatzaren 14an, Granadan 0-1 irabazi ondotik. Iaz Espainiako Bigarren Mailara jaitsi zen, eta lehenengoan lortu du Lehen Mailara itzultzea. Aurrez, 2019-2020ko denboraldian lortu zuten igotzea. 

Luzaroan Realaren ikur izan diren Iraia Iparragirrek (Lasarte-oria) eta Asier Illarramendik (Mutriku) agur esan diote talde txuri-urdinari. Iparragirrek futbola uztea erabaki du, kirol ibilbide guztia Realean egin ostean. Illarramendik AEBetan jokatzeko hautua egin du. Biek ala biek eraman dute Realaren kapitainaren besokoa han-hemenka.

Pilotan ere izan da harrabotsa sortu duen erretiro bat: Iker Irribarriarena (Arama). Otsailaren 21ean eman zuen erabakiaren berri, eta zaleek ezustean jaso zuten albistea. Eskuineko belauneko minaren ondorioz erabaki zuen pilotari agur esatea, eta martxoaren 4an jokatu zuen azken partida, pilotazaleen eta pilotarien estimua jasota.

Jokin Altuna pilotari amezketarrak bere palmaresa are gehiago bete du aurten. Izan ere, inon nabarmendu bada, lau eta erdikoan nabarmendu da. Laugarren txapela irabazi zuen joan den hilean modalitate horretan. Uste baino errazago irabazi zion, gainera, Peio Etxeberriari: 22-9.

Arraunean ere, arrakasta

Arraunari dagokionez, sasoi biribila egin du Arraun Lagunak Donostiako taldeak. Izan ere, 2021ean egin bezala, bi garaipen handi eskuratu ditu aurten: Euskotren liga eta Kontxako Bandera. Gipuzkoako hiru talde izan zituen atzetik: Orio, Donostiarra eta Tolosaldea.

(ID_13165715) Arraun Lagunak
Arraun Lagunak taldeko kideak, irailaren 10ean, Donostiako kaian, Kontxako bandera astintzen. ANDONI CANELLADA/FOKU

Eskubaloian, gazitik eta gozotik izan du urteak Super Amara Bera Bera talderentzat. Espainiako Kopa irabazi zuen apirilaren 23an Granollersen aurka jokatu zuen partidan. Donostiako taldeak ez zion aukerarik eman, eta neurketa ona eginda hartu zuen mendean: 31-25. Iberiar Superkopa ere irabazi zuen irailaren 10ean, etxean, Gaska kiroldegian jokatutako finalean. Urriaren 20an, berriz, Europako Kopako bigarren kanporaketako itzuliko partida jokatu zuen: 33-32 irabazi zion Corona Brasovi, baina EHF kopatik kanpo geratu zen, joaneko partidan bost golen aldearekin galdu baitzuen.

Nerea Arruti urnietarra nabarmendu da bakarkako kiroletan. Bost garaipen eskuratu ditu: Euskal Herriko eta Gipuzkoako aizkolari txapelketak, Sherpa Ai Aizkolari Txapelketa Nagusia, Ramon Latasa saria –Maika Ariztegirekin batera–, eta binakako euskal pentatloia –Amalur Arbelaitzekin batera–. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.