Urte berri on, lagunok! Bai, badakit, ez da urtarrila, baina askorendako urtea hilabete honen hasieran hasten da, batzuok ikasturteka neurtzen dugulako denbora. Umeak eta gazteak itzultzekoak dira eskolara egunotan, eta irakasle-jendea ez ezik, beste hamaikatxo langile ere beharrean hasiko dira opor ostean. Orokorrean, amaitu zaigu abuztuak ematen digun pausa hori, eta atzera ere bueltatuko gara egunerokora, lanean gabiltzanok, behintzat.
Udaldiak eten egiten ditu urteko errutinak, eta orain da sasoia eutsi eta berriro ekiteko. Gure gaiak hartu eta jardun, galbana alde batera lagata. Hala izan behar da gure gai gogokoenarekin.
EAEko gobernuak ere albisteak dakartza: Hizkuntza Politikako sailburuorde berria dugu. Ez dakigu zelakoa izango den, ezta zein izango den lan egiteko modua ere. Baina albistea etorri da berarekin batera: euskara A1 lehenengoz egitea merkeagoa izango da. Dohainik berba erabiltzen dute, baina ordaindu behar bada, ez da doan. Ez dakigu zenbatekoa den matrikula, «merke» esan badute ere. Hain da erlatiboa hitz hori! Gainera, diru itzulketa egongo omen da, baina tope bat izango du itzulketa horrek. Berandu ibiliz gero, edo kurtsoa gainditu ezean, ez da dirurik bueltatuko. Dena dago airean, beraz. Urrats ona izan liteke, edo pozoitutako oparia, ikusteko dago. Mesfidatia naiz arlo honetan!
Prospektiba lan batek dio 2050erako EAEko biztaleen %25 kanpoan jaiotakoak izango direla. 26 urte falta dira, baina proiektuak eta lanak orain pentsatu behar dira, orain ekin iraupen luzeko asmoei, euskaraz jardun nahi badugu, gura bada 2050etik aurrera. Mende laurdena falta da, baina ondotxo dakigu segituan pasatzen dela. Orain erein behar da, orain ere premiak larriak direlako. 2040an hastea desastrea izango litzateke. Bihar gaur da. Aurre hartu behar zaio.
Udaldiak eten egiten ditu urteko errutinak, eta orain da sasoia eutsi eta berriro ekiteko.
A1 «merke» izatea aurrerapentxo bat da. Baina beste mailak ez badira «merkeak» gureak egin du. Eta prezioaz gain, beste kontu batzuk ere begi bistan eduki beharko lirateke, ordutegien malgutasuna, lanean baimenak ematea euskara ikasteko… eta benetako beharra. Bai, asko hitz egin digute seduzitzeaz, baina beti kaleko euskaldunok seduzitu beharraz. Behin baino gehiagotan esan dudan legez, ez zait batere gustatzen kontzeptua, nahiago dute erakarri erabili, kontu bera omen dira, baina ikuspuntu desberdinetatik. Bada, erakartzeko euskaratik urrun daudenak, kontu interesgarriak egin behar dira euskaraz. Eskolako gaia izan ez dadin, gure nerabe eta gazteei eduki gogokoak eskaini bahar zaizkie: fikzio moloiak egin, bideo jokoak-eta gure hizkuntzan eman, telebista ere edukiz bete… Makina bat gauza egin liteke, imajinazioa eta gogoa izanda. Eta dirua, jakina.
Horretaz gain, hizkuntza eskakizuna duten langile publikoei exijitu behar diete euren nagusiek zerbitzua euskaraz ematea, zeren askotan behargin horiek, jakin arren, ez dute gogorik (edo gaitasunik) euskaraz egiteko. Hori ere eredu ona litzateke.
A, eta Espainiako Gobernua estutu euren webgune, publizitate eta informazioetan euskara erabil dezan, ez da zaila. Baina beste artikulu baterako lagako dut arlo ez-publikoan exiji daitekeena, kaleko hiztun arruntak bere gain har ez dezan hizkuntza politikaren pisu guztia.
Hori guztiori da Hizkuntza Politikari eskatzen diodan minimoa urte berri honetarako. Urte berri on!