Aurpegian irri handi batekin etorri da hitzartutako lekura Mikel Araolaza, edo Leonard Mihai Chiritoiu Voicu (Campulung, Errumania, 1999). Donostiara 2000. urtean heldu zen Errumaniatik, familia batek adoptaturik. Campulung herrian sortu ondotik, umezurztegi batera igorri zuten, eta handik beste batera legez kontra bidali. Hori dena, haren ustez, ordu hartako Errumaniako «mafiaren erruz» gertatu zen, baina baita Nicolae Ceausescuren diktadura amaierarengatik ere. Urrian Errumaniara bidaiatzera joan eta bere jatorriak bilatzeko urratsak egin zituen. Emaitza ederrarekin, Errumaniako familia osoarekin elkartu baitzen. Donostian bizi da.
Noiz hasi zinen Errumaniako familiaren bila?
Handitzen hasi nintzenean, galdetu nion Euskal Herriko amari: «Ama, non jaio nintzen?». Denok egiten dugu galdera da adin batetik aurrera. Gutxi gorabehera 5 edo 6 urterekin izan zela esango nuke. Amak erantzun zidan adoptatua naizela eta Errumanian jaio nintzela, Campulungen.
Errumaniara joateko jauzia noiz egin zenuen?
Betidanik jakin nahi izan dut nire erroak non ditudan. Nire lagun min Andoitzekin prestatu nuen oporraldia. Errumania bisitatzeko eta ezagutzeko nahia nuen, baina misio batekin: nire familia ezagutzeko nahia.
Noiz egin zenuten bidaia?
Urrian. Zortzi egunez egon ginen Errumanian. Bucaresten egon ginen lehenik, eta laugarren egunean Campulungera joan ginen.
Han jaio zinelako eta informazio hori bazenuelako?
Bai, ni herri hartan jaio nintzen. Eskura nuen informazio bakarra zen nire sorterriaren izena eta nire amaren izena: Adela Voicu. Pista horiekin joan nintzen Campulungeko polizia etxera. Ailegatu, eta Euskal Herritik eramandako jaiotze agiria eman nion polizia bati. Ingelesez egin nion.
Zer dela eta?
Komunikatzen saiatzeko. Poliziak oso gutxi zekien ingelesa, eta hantxe hasi ginen ahal zen bezala hitz egiten. Haren erantzuna izan zen, nahiz eta nire amaren izena eman nion, informaziorik ezin zidala eman, sekretupekoa delako. Ez dakit pena-edo eman genion, baina, azkenean, handik ateratzeko bidean geundela, deitu eta papertxo bat eman zidan.
Zer zegoen paperean?
Helbide bat. Boligrafoz hauxe idatzi zuen: «Com. Micesti [herria], Purcareni [barrutia], Arges [eskualdea]». Paperaren behean: «Adela Chiritoiu». Berehala pentsatu genuen, emakume hori ezkondua balego, abizen hori senarrarena izan zitekeela.
«Eskura nuen informazio bakarra zen nire sorterriaren izena eta nire amaren izena: Adela Voicu»
Helbidea eskuan izanik, zer egin zenuten?
Helbidea eta izena bageneuzkan jada. Bucaresteko hotelera itzuli ginenean, sare sozialetan bilatzen hasi ginen izen horri lotutako profil posibleak. Facebooken aurkitu genuen argazki bat; bi neska agertzen ziren.
Eta?
Argazkia handitu nuenean, eskuinekoa ni nintzen txikitan baina ile luzearekin, nire antza zuelako: sudur bera, ile bera eta, batez ere, begi berak genituela ikusten da. Nire lagunak eta biok esan genuen seguru geundela argazkiko aipatutako neska hori nire familiako norbait zela.
Hori funtsezkoa izan zen pista ikertzen segitzeko?
Bai, jakina. Facebooken amak arreben izenak eman zituen. Lehenik, amari idatzi nion Facebooketik, baina ez zidan inoiz erantzun. Ondoren, Instagrametik idatzi nion arreba zaharrenari; ingelesez idatzi nion ea Adela Voicu bere ama zen galdetuz. Biharamunean, hoteleko komunean nengoela, arreba zaharrenak erantzun zidan, Ralucak. Baieztatu zidan Adela Voicu zela bere ama. Oihu egin nuen.
Zer izan zen zure hurrengo pausoa?
Micesti herrirako bidean jartzea. Poliziak aipatu zidan lekura zuzenean joan ginen. Herrira sartu eta argazkiarekin jendeari galdezka hasi ginen. Gurutzatzen genuen pertsona orori Facebook-eko argazki hura erakusten genion. Erdi ingelesez, erdi keinuka, zerbait egin genuen. Halako batean, auto bat konpontzen ari ziren birengana joan, erakutsi argazkia, norbaiti deitzen hasi ziren, eta entzun nuen gure amaren izena esaten zutela. Deia amaitu ondoren esan ziguten gure autoan sartzeko eta euren atzetik joateko.
Nora joan zineten?
Egia esan, momentu hartan pixka bat beldurtu egin ginen. Micestiko herritarrek beste planeta batekoak bagina bezalaxe begiratzen gintuzten... Bi herritar haiek familiako etxearen kale hasieran utzi gintuzten, eta esan ziguten kale horretan zegoela bila genbiltzan etxea.
Topatu zenuten.
Bai. Kaleko azkena zen. Sarrerako hesia irekia zuen. Kalean inor ez zegoen. Txakur txuri bat zaunkaka ari zitzaigun, eta urrunetik emakume bat ikusi nuen balkoian, arropa eskegitzen. Emakumeak ile gorria zuen, Facebook-eko argazkian bezalaxe.
Zer egin zuen emakumeak? Eta zuek?
Emakumea balkoitik jaitsi, eta etxe bazterreko bankuan eseri zen. Telefonoz hitz egiten ari zen norbaitekin. Nire laguna ezkutatu egin zen; erabat beldurtua zen. Ez genekien zer egin momentu horretan. Bi zigarro erre behar izan nituen pausoa emateko.
«[Errumanian] Pare-parean neukan ama, eta, lehen-lehenik, nire eskuei begiratu zien, eta besarkatu egin ninduen bere indar guztiarekin, etengabe aitaren eginez kopeta gainean. Ez nuen sinesten; txokea izan zen niretzat»
Eta?
«Adela, ama, aupa!» esaten hasi nintzen, besoa altxatuta. Ez nekien zer hizkuntzatan ari nintzen ere! Burua altxatu zuen, eta hurbiltzen hasi zen, azkar. Hurbildu ahala, telefonoz bestaldekoari esaten zion: «Raluca, Raluca, Leonar hemen dago!». Pare-parean neukan ama, eta, lehen-lehenik, nire eskuei begiratu zien, eta besarkatu egin ninduen bere indar guztiarekin, etengabe aitaren eginez kopeta gainean. Ez nuen sinesten; txokea izan zen niretzat.
Zer zioen zure lagunak?
Kolore guztiak zituen aurpegian: berdea, zuria, ubela... Txikitatik elkarrekin gaude, baina ez nuen inoiz horrela ikusi. Negar egitear zegoen eta, gainera, mareatuta.
Zer esan zenion amari?
Argazkia erakutsi nion, eta baieztatu zidan nire arrebak zirela biak: Raluca eta Arabela. Eta erantsi zuen argazkiko gizona nire aita zela. Etxe barrura sartu ginen, eta nire aitari deika hasi zen.
Agertu zen aita?
Bai, hogei minutu ondoren, ziztu bizian, autoz, musika altu jarrita eta zigarro bat ahoan. Autotik atera, eta bazirudien maratoi bat egin zuela. Niregana korrika etorri zen, arnasestuka. Negarrez hasi nintzen. Nire buruari heldu zion, eta muxuak eman zizkidan. Ondotik, belauniko jarri zen, eta etengabe barkamena eskatzen hasi zen: «Barkatu, Leonard; barkatu, barkatu». Elkar besarkatu, eta negarrez hasi ginen biak.
Festa edo zer egin zenuten ondotik?
Ordu erdi batera autoz bete zen kale guztia, etxe aurrea barne. Uste dut bat-batean 20-30 pertsona etorri zirela etxera. Haien artean ziren aitaren eta amaren anai-arrebak. Han zeuden nire lehengusuak. Eromen bat izan zen.
Aspalditik bila zenbiltzana aurkitu zenuen.
Bai, guztiz. Puzzlearen azken pieza zen; falta nuen pieza aurkitu dut. Ez da metaforikoa. Nabaritu nuen bat-batean dena ulertzen hasi nintzela. Oso harro eta oso-oso pozik nago.
«[Errumaniako] Aita niregana korrika etorri zen, arnasestuka. Negarrez hasi nintzen. Nire buruari heldu zion, eta muxuak eman zizkidan. Ondotik, belauniko jarri zen, eta etengabe barkamena eskatzen hasi zen. Elkar besarkartu, eta negarrez hasi ginen»
Ulertu duzu zergatik ailegatu zinen Donostiara?
Erantzuna aurkitu nuen: ume lapurtu bat izan nintzela esplikatu zidan aitak. Nire gurasoek ezkondu aurretik eduki ninduten. Nahiz eta Nicolae Ceausescuren diktadura amaituta zegoen, esango nuke diktaduraren ondotik sortutako mafiak nire lapurretan zerikusia izan zuela. Diktaduraren arrastoetariko bat izan da mafia talde asko garatu zirela eta ume lapurtuen aferarekin lotura dutela. Hori uste dute Errumaniako familiako kideek ere. Horrez gain, ordea, egia da Errumaniako familia guztia oso katolikoa dela —katoliko ortodoxoa, hain zuzen—, eta, hala, erlijioaren presio handia jaso zuten ezkondu aurretik ume bat edukitzegatik.
Sortu eta handik gutxira umezurztegira eraman zintuzten, Errumanian bertan.
Bai, hilabete batekin. Aitak eraman ninduen. Umezurztegian esan zioten umea berreskuratu ahal izateko ezkontzeko tramite guztiak egin behar zituztela. Nire 11. hilabetean, aita ezkontza agiri guztiekin joan zen umezurztegira, baina ez zioten umea eman.
Errumaniako familiak bazekien Donostiara iritsi zinela?
Ez, eta Errumaniako familiak berak orain galdetu didan lehen gauza izan da ea non bizi naizen gaur egun. Donostian bizi naiz. Bide batez, Errumaniako nire izeba batek esan zidan negar malkotan zegoela, uste zuela hilda nengoela.
Euskal Herriko gurasoek nola erreakzionatu dute zure aurkikuntza dela eta?
Egia esateko, Errumanian nengoela, egunero hitz egiten nuen Donostiako gurasoekin, telefonoz. Gertatutakoa kontatu nien. Ume lapurtua izan nintzela jakin zutenean, isiltasun luze bat izan zen. Donostiako aitari pena ikaragarria eman zion, eta atzera berriz ere Euskal Herrira etorri nintzenean, aitortu zidan bihotza erdibitu egin zitzaiola baina oso kontziente zela eurek ez zutela errurik. Injustizia handi bat da, azken finean.