leire narbaiza arizmendi
URTEKARIA: IRITZIA

Txikira jokatu, handira irabazteko

2024ko abenduaren 20a
05:00
Entzun

Ez naiz bertsozalea, barka biezadate euskalduntasunaren zaintzaileek. Sentitzen dut, inor ez da perfektua. Hala ere, oso gustuko ditut txapelketetako agurrak. Gainera, noizean behin, gogoko dut entzutea kartzelako, barkatu berriro ere, ganbarako lana, ikusteko zelan bertsolari bakoitzak bere egiten duen kantagaia. Bitxia eta harrigarria zait.

Pasa den larunbatean, kasualitatez Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren azken zatia ikusi nuen, denen ganbarako lana, eta buruz burukoa ere bai.

Buruz burukoan Beñat Gaztelumendiri eta Alaia Martini ganbarako partikular horretan gai hauxe jarri zieten: «Datuek diote Euskal Herriarekiko gero eta atxikimendu txikiagoa dugula euskal herritarrok». Alaia Martinek azken bertsoko bukaeran hauxe abestu zuen: «Nora iritsi nahi dugun/ nola joan ezkutuka/ izan baikor ta eragin/ eragin ahaldunduta/ dena dago egiteke/ ezer ez dago galduta». Ño, pentsatu nuen, Martinek ere bat egiten du itxaropena sortzen lagundu behar den ideiarekin.

Neure burua, ostera, ez dut oso baikorra ikusten. Ez, ezkortasunera jotzen dut, hala da. Baina ezkortasun hutsak etsipena baino ez dakarrela pentsatzen dut. Eta etsipenak esperantza lapurtzen digu, ezer egiteko gogoa kendu, eragiteko energia desagerrarazten du, ahalduntzea galarazi; beraz, egiteke dagoena ez egiteko aitzakia biribila. Eta ezin da horrela aurrera egin, ezin da ezer irabazi. Osterantzean ere, baliteke ez irabaztea eta galtzea, baina ekin barik, ezin, beti galduko dugu-eta.

Urtekarirako gabiltza idazten, eta urte bisuts honek eman eta kendu diguna errepasatzen. Kendutakoa ezingo dugu berreskuratu, baina emandakoa eta ikasitakoa betiko atxikiko ditut

Egia da urte honek makilakada ugari eman digula, niri neuri bai, behintzat. Momentu latzak pasatu ditugu arlo askotan, estutasunak sufritu, halaxe izan da. Penek, ordea, inguruari beste modu batean begiratzeko kemena eman didate, kontu korrienteekin —ez bankukoak— gehiago disfrutatzeko aukera, gauza txikien garrantzia erakutsi didate, irribarre sotilen eta algara zoroen inportantzia, fereka ñimiñoen eta estutu gogorren gozotasuna, begirada konplizeen eta maltzurren gozatua, lagunen balioa, zuzeneko musikaren baltsamoa, literaturak eragiten duen ongizatea.

Transzendente samar jarri naiz, ezta? Bai, nik ere hori uste dut, autolaguntza liburu bat idaztekotan nago, happyflower-egi esango didate askok, dena ederra da, pentsamendu positiboak dena ahal du… Ez, ezta gutxiagorik ere. Justu beste aldean nago, ezkortasun horrek ekarri nau puntu honetara, gauzak txarto dabiltzalako nabil horrela, jasan litekeen sufrimendua baino gehiago dagoelako munduan, tristura nagusitzen ari delako nonahi. Horregatik balioesten ditut plazer txikiak, eguneroko gozatu xumeak, poz txikerrak. Horiek guztioriek ematen didatelako, eragiten digutelako bizitzeko gogoa, aurrera egin beharra. Bizipoza, azken finean.

Urtekarirako gabiltza idazten, eta urte bisuts honek eman eta kendu diguna errepasatzen. Kendutakoa ezingo dugu berreskuratu, baina emandakoa eta ikasitakoa betiko atxikiko ditut. Batetik, aitatu lez, gauza txikien pozak. Bestetik, txikira jokatu beharra, horrela bakarrik handira irabaziko dugulakoan, ezer ez dago-eta galduta. 

Betorkizue oparo 2025a.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.