Trenak: gutxi eta geldo

Trenbideetan egiten dabiltzan lanak direla eta, maiztasuna ia erdira apaldu dute Hernani eta Irun artean. Ordutegi aldaketak nabarmen eragin die bidaiariei.

(ID_13839174) (Gorka Rubio/@FOKU) 2024-05-01, Donostia. Renfek Gipuzkoako tren zerbitzuak gutxitu ditu eta jendea haserre dago
Bidaiari batzuk trenera sartzeko itxaroten, Donostiako geltokian, lehen asteko ostegunean. GORKA RUBIO / FOKU
jone arruabarrena
2024ko maiatzaren 11
05:00
Entzun

Minutu batzuk 11:54rako. Lezo-Errenteriako geltokira doan trena ordu horretan iritsiko dela agintzen du Donostiako geltokian ordutegiak iragartzen dituen argi laranjazko kartelak. Baina auskalo oraingoan bere orduan etorriko den ala ez... Arazo handiak daude. Bidaiariak telepromter aurrean biltzen dira aldiro, trenbideetan egiten ari diren lanen ondorioz aldatu berri dituzten ordutegiei begira. Gizon batek alde bietara begiratzen du, urduri, nasan. Erlojuari so egiten dio tarteka. Beste emakume batek semeari diotso, eskutik heltzen dion bitartean, Errenteriara joango direla trenean. Gasteiztik iritsi berri den trenetik jaitsi da Paco Saez Sandonis, egunkaria beso azpian duela. Ez du egunero hartzen trena, «astean pare bat aldiz» soilik: «Bikotekidea Hernanin bizi da, eta ni, Beasainen. Harengana etortzeko erabiltzen dut trena normalean, asteburuetan eta libre dudan egunetan». Ordutegi aldaketek ez diote «askorik» eragin, ez baitu lanera joateko baliatzen trena.

Aldamioek eta zulagailu zaratek inguratzen dute Donostiako geltokia. Urtebete baino gehiago da betiko geltokia eraitsi eta behin-behinekoa jarri zutela, iraunkorra berrizteko lanak bukatu bitartean. Behin-behineko geltokiari, behin-behineko ordutegiak gehitu zaizkio orain. «Ordutegi batzuk aldatuta mantenduko dira 2025. urte osoan, Renfek esan digunez», dio Itsaso Ugarte Donostiako geltokiko Adifeko zuzendaritzako kideak. «Donostia-Gasteiz tartean, esaterako, trenetik jaitsi beharko da, eta autobusak jarriko dituzte zati hori egiteko. Beste linea batzuetan, ordutegiak moldatu dituzte», gehitu du. «Loiolako tuneleko lanen ondorioz, orain bi trenek bide bakarretik pasatu behar dute, eta tren gutxiago jarri behar izan dituzte, baina luzeagoak dira, konposizio bikoitzekoak. Bidaiari gehiago sartzen dira bertan», esan du.

«Loiolako tuneleko lanen ondorioz, bi trenek bide bakarretik pasatu behar dute. Tren gutxiago jarri behar izan dituzte».

ITSASO URIARTEDonostiako geltokiko zuzendaritzako kidea

Hain zuzen, abiadura handiko bidea eraikitzeko lanen barruan sartzen dira Astigarraga eta Irun artean hirugarren trenbidea eraikitzeko lanak. Gasteiz, Bilbo, Donostia eta Ipar Euskal Herria lotuko ditu bide horrek, eta Adifek adierazi du «korridore atlantikoa» eraikitzeko trenbideetan egin behar diren berritze lanak egiten ari direla, bide batez. Hirugarren bide hori eraikitzeak 52,9 milioi euroko gastua ekarriko du, eta trenbidean egokitzapen lanak egitea ere bai; besteak beste, tunelak, geltokiak, geralekuak eta gaineko pasabideak egokituta.

(ID_13839189) (Gorka Rubio/@FOKU) 2024-05-01, Donostia. Renfek Gipuzkoako tren zerbitzuak gutxitu ditu eta jendea haserre dago
Bidaiariak trenetik jaisten, Donostiako geltokian, lehengo asteko ostegunean. GORKA RUBIO / FOKU

Lanen bi faseren berri eman du Adifek: Gaintxurizketako (Lezo) tunela handitzeko lanak, eta Loiolakoa handitu eta egokitzekoak. Bidari asko kexu dira ordutegiak aldatzeaz gain azken egunetan tren asko bat-batean kendu dituztela lanen ondorioz. Adifeko Ugartek azaldu duenez, trena kentzen denean Garraio Plan Alternatiboa jartzen da martxan, eta autobusak ipini ohi ditu Renfek, trenak egin ohi duen ibilbidea egiteko.

Atzerapenak, lehen ere bai

«Lanak hasi baino lehen ere ohikoa zen trena berandu etortzea, eta, horregatik, beti oso garaiz joan ohi naiz lanera, badaezpada», esan du Loinaz Mujikak. Lanera joateko erabili ohi du trena, baina asteburuetan ere garraio publikoa erabiltzen saiatzen da. Bagoi batean eserita dago orain, Donostiako geltokitik trena noiz mugituko. «Egunero erabiltzen saiatzen naiz, baina, batzuetan, ordutegiekin bateraezinak dira trenaren ordutegiak, eta orain maiztasuna txikiagoa denez, are bateraezinagoak. Lanera sartzeko ordua aldatu behar izan dut trena hartzeko», dio Mujikak. «Orain, gainera, esan dute obra hauek luzerako direla. Beraz, guretzat kalte».

Dena den, ez da ibilbidean zehar berritze lanak egiten ari diren lehen aldia. Martxoaren hasieran egin zituzten hirugarren bidea egiteko Gaintxurizketako tuneleko obrak, baina orduan ez zuten trenen trafikoa moztu behar izan, Adifentzat garrantzi handiko «mugaz gaindiko bide bat» delako Irunera doan trenak egiten duena, Pasaiako Portuarekin lotura egiten baitu, eta hura bidaiari «askok» erabiltzen dutelako.

Donostiako Loiolako tuneleko lanek, ordea, trenbide bakarra utzi dute trenak pasatzeko moduan, Hernani-Donostia tartean eta Lezotik Irunera doan bidean. Lan horiengatik, tren gutxiagok egin ahal izango dute ibilbidea, eta horregatik apaldu dute trenen maiztasuna.

«Orain ere ordubete egon naiz trenari itxaroten. Lan egiten duen jendearentzat, tren zerbitzua oso eskasa da».

ZINEB LARRAHBidaiaria

Maiztasuna ez ezik, trenen abiadura ere moteldu dela dio Sagrario Canduelak. Trenean doa, leihotik begira. Jubilatuta dago, eta trena erabiltzen du mugitzeko, baina ez egunero: «Ez naiz presaka ibiltzen. Gaur hartu dut trena aspaldiko partez. Errenteriatik atera naiz, eta Hernaniraino oinez lehenago iritsiko nintzateke. Geldialdi asko egiten ditu, eta oso mantso doa».

Zineb Larrah, ordea, presaka ibili ohi da, normalean. Errenterian jaitsi da trenetik. «Asko erabiltzen dut trena. Lanera joateko, batez ere, baina bestela ere bai», dio. Dena dela, aste osoan bajan egon da, eta aldaketak egin dituztenetik ez du trena hartu behar izan lanera joateko. «Aste honen hasieran etorri nintzen trena hartzera, eta ohartu nintzen ordutegiak aldatu zituztela, bat-batean». «Orain ere ordubete egon naiz itxaroten. Lan egiten duen jendearentzat, tren zerbitzua oso eskasa da. Nire lankideek esan didate arazoak ekarri dizkiela ordutegi aldaketak. Hernanitik edo Tolosatik bazatoz, asko atzeratzen da bidaia».

«Beranduago iristen naiz lanera, beranduago atera behar dut, eta bueltan ere trena harrapatzen ez badut, ordubete itxaron behar dut».

ASIER TREKUBidaiaria

Asier Treku ere Errenteriako geltokian dago, baina Donostiara doan trena hartuko du. Astelehenetik ostiralera erabiltzen du hark ere, lantokira joateko. «Ohi bezala, lanera joateko hartu behar nuen trena astelehenean, eta bezperan izan nuen ordutegi aldaketen berri. Erabateko aldaketa egin dute, bat-batean, eta okerrerako», esan du. Trekuk adierazi duenez, trenek geldialdi asko egiten dituzte orain, gutxiago daudelako, eta horrek asko mantsotzen du bidaia. «Lehen, ordu erdian behin zegoen trena, eta orain, ordubetean behin. Beranduago iristen naiz lanera, beranduago atera behar dut, eta bueltan ere trena harrapatzen ez badut, ordubete itxaron behar dut. Denbora galera handia da».

(ID_13839188) (Gorka Rubio/@FOKU) 2024-05-01, Donostia. Renfek Gipuzkoako tren zerbitzuak gutxitu ditu eta jendea haserre dago
Trenaren ordutegiak erakusten dituen argizko kartela, Donostiako geltokian, hilaren 2an. GORKA RUBIO / FOKU

Trekuk nabarmendu du lanak hasi aurretik ere izan dituela esperientzia txarrak trenarekin. Izan ere, esan du lehen ere tren zerbitzuak «bat-batean» kentzen zituztela. «Lehen ere fundamentua ez zen ona: trenak kendu, atzerapenak noiznahi... eta ez bost minutu: hogei edo gehiago. Askotan, gainera, ez dute abisatzen, eta geltokietan ez da inor egoten galdetzeko».

Lan gehiago

Aipatutako bi tunelak berritzeaz gain, bestelako berrikuntza batzuk ere egin beharko dituzte hirugarren bidea egiteko. Batetik, Hernaniko geltokia egokitu beharko dute hirugarren trenbidea jartzeko; merkantziak garraiatuko dituzten luzera estandarreko trenak jarriko dituzte bertan. Bestalde, Astigarraga eta Donostia artean ere hirugarren trenbidea eraikiko dute, ohiko bidearen eta abiadura handiko trenaren bidearen artean, eta, hirugarren bide horrek Donostiatik Irunera jarraituko duenez, bi geltoki horien artean ere lanak egingo dituzte.

«Batzuetan, ordutegiekin bateraezinak dira trenaren ordutegiak, eta, orain maiztasuna txikiagoa denez, are bateraezinagoak».

LOINAZ MUJIKABidaiaria

Horrez gain, Andoain, Gaintxurizketa eta Irungo trakziorako azpiestazioak berriztuko dituzte, eta Martutene (Donostia) eta Tolosan ere azpiestazio berriak eraikiko dituzte.

Hala ere, bestelako ustekabeak izaten ari dira treneko lanetan. Astelehenean, esaterako, Irun eta Errenteria arteko bidea erabili ezinik geratu zen, Gaintxurizketako tunelean arrakalak agertu zirelako, eta Irun eta Lezo arteko bidea moztu dute. Adifek adierazi duenez, aurreikusten du bi astez-edo ezingo dela bide hori erabili. Bitartean, bidaiariek Irundik Pasaiara Euskotreneko topo zerbitzua erabili beharko dute, eta Pasaian aldaketa egin, trena hartzeko. Topoa zerbitzuz kanpo dagoenean, Renfek jakinarazi du autobusak jarriko dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.