Garai berri bati ekingo diote gaur Errenteriako Torrekua eraikinean. Teknologia librearen eta ekonomia sozial eraldatzailearen jauregi bihurtuko da. Orain artean askotariko jarduerak izaten ziren eraikin horretan, baina gaurtik aurrera, bertako lau solairuak teknologia eta ikuspegi sozial eta komunitarioa ardatz izango dituzten egitasmoetara bideratuko dituzte. 12:00etan ekingo diote aro berriari, inaugurazio ofizial batekin. Errenteriako Udalaren babesa du ziklo berriak.
Besteak beste, Teks taldeak parte hartu du eraikinaren ekinbide berrian. Teknologia libre eta ekonomia sozial eraldatzailearekin lotuta dauden hiru kooperatibak osatzen dute Teks: Talaios, Abaila eta Bikonetek. Mattin Solis Uitzi Talaioseko kideak esan du teknologia digitalak gizarteratzea dutela helburu. «Gure asmoa da gure gizartean teknologia digitalak txertatzea eta bultzatzea, baina ikuspegi sozial batetik. Burujabetzarekin lotutako ikuspegi ireki batetik, alegia». Horretarako, Errenteriako Udala izan dute lagun, eta Solisek dio eraikinak aurrerantzean izango duen izaera berrian ere bidelagun izango dutela udala.
Teks taldeko kideek Torrekua herritarrei zuzendutako proiektu bat izatea nahi dute, eta eredu izateko ahalegina egingo dutela jakinarazi du Solisek. «Euskal Herrian ez dago horrelakorik, oraingoz». Ekiherri energia komunitateak, esaterako, Torrekua eraikineko instalazioak erabiltzen ditu bere zereginetarako, eta UEUrekin ere lankidetzan da, humanitate digitalen gaineko hainbat ikastaro antolatzeko. Euskomonetak ere badu tokia Torrekuan, eta Errenteriako Udalak digitalizazioarekin izan ditzakeen beharrak ere bertatik kudeatzen ditu. «Oraingoz, horiek dira hemen ditugun komunitateak, baina tokia dago askoz gehiagorentzat; bai herri mailakoentzat eta baita Euskal Herrikoentzat ere».
«Gure asmoa da gure gizartean teknologia digitalak bultzatzea, baina burujabetzarekin lotutako ikuspegi ireki batetik»
MATTIN SOLIS UITZITeks kooperatibako kidea
Solisek dio Torrekua ekonomia libre eta ekonomia sozial eraldatzailearen polo izatea ez dela «bat-bateko erabakia» izan. Izan ere, Teksek hiru urte daramatza horretan lanean, baina Solisi iruditzen zaio Torrekua bezalako espazio «ideal» eta «ireki» batean aritzeak ahalbidetuko diela euren zeregina hobeto egitea. «Gaurkoa zerbaiten hasiera baino gehiago, jarraipena izango da».
Tekseko kidearen ustez, garrantzitsua da komunitatea egitea. Egun hiru kooperatiba ari dira teknologia askeen eta ekonomia eraldatzaileen esparruan lanean, eta hori «biderkatzea» dute helburu. «Torrekuan sei proiektu lantzen ari gara dagoeneko, baina ez dugu gure lan espazioa soilik izaterik nahi», esan du. «Torrekuak zentzua izango du komunitatera zabaltzen bada eta haren babesa badu; horrela, komunitateak duen jakintza eta denbora hona ekartzen baditugu, ditugun helburuetako asko beteko dira». Baliabideak eta tresneria konpartitzen dituzte bertan jada lanean ari diren proiektuek, izaera komunitarioa indartuz horrela. «Gehiago izan nahi dugu», nabarmendu du Solisek, «Errenteriatik Euskal Herrira zabaldu nahi dugu, txikitik handira».
Torrekua eraikinaren filosofiarekin bat egiten duten egitasmoak batu daitezke proiektura: bertako instalazioak erabil ditzakete, aurrez eskaera eginez. Hala, espazioen erabileraren ordaina egitasmo bakoitzaren izaeraren edo gaitasunaren araberakoa izango da. Proiektu komunitariorako diru ekarpena egingo dute horretarako baliabideak dituztenek, baina bestelako ekarpenak egin ditzakete hasi berri diren proiektuek eta egitasmo xumeenetako kideek.
Solairuak
Lau solairu ditu Torrekuak: sarrerakoa eta beste hiru. Beñat Irasuegi Ibarra Tekseko kideak esplikatu du solairu bakoitzak «izaera propioa» izango duela, baina pisu guztietako jarduerak «elkarren osagarri» izango direla. «Ekosistema baten parte izango dira solairu guztietako espazio denak». Hala, sarrerako pisuan Errenteriako KZguneak du egoitza. Lehen solairuan, berriz, herritarrentzat zabalik dagoen eremu bat jarri dute. «Laborategi baten antzeko zerbait da», esan du Irasuegik. «Nahi duena bere gailuekin etor daiteke konponketak egitera, saltsatzera, lan egitera edo 3D inprimagailuak erabiltzera, bakoitzak dakiena konpartitzeko eta sozializatzeko asmoz».
Bigarren pisua lanerako espazio bat da, eta proiektuak lantzen ari diren eragile edo taldeentzako egongo da erabilgarri. Horretarako beharrezkoak diren objektuak ditu gelak: mahaiak, ordenagailuak, inprimagailuak... Epe jakinik gabeko zereginean ari direnek egiten dute lan pisu horretan, bai eta denbora mugatu batean proiektuak sortu behar dituztenek edo proiektu batekin hasiberriak direnek ere. «Lanerako espazioa da, baina bertan lanean ari direnak komunitatearen zati izatea da gure asmoa. Ez ditugu proiektuak solte ulertzen. Lotura izan behar dute elkarren artean», azaldu dute Tekseko bi kideek.
«Ekosistema baten parte izango dira Torrekua eraikineko solairu guztietako espazio denak»
BEÑAT IRASUEGI IBARRATeks kooperatibako kidea
Hirugarren solairuan, erronka digitalaren eta ekonomia sozialaren gaineko ikastaroak eta tailerrak egingo dituzte. «Espazio multidiziplinarra da», adierazi du Irasuegik. «Liburutegi bat ere sortuko dugu herriko liburutegiarekin elkarlanean».
Torrekua marka bihurtuko dute gaurtik aurrera Teks taldeko kideek. «Espazio horretan sortuko den komunitatearen eta bertako baliabide guztien marka izango da, Errenterian ezagun egiteko, baita Euskal Herrian ere».