Kultura Plazara programak Tolosako erdigunea eta hainbat landa auzo hartu ditu aurtengo udan. Askotariko kultur jarduerak eta ikuskizunak egin dituzte, eta asteburu honetarako antolatu duten jaialdiarekin emango diote amaiera programari. «Kultura Plazara egitasmoari eta udari agur esateko modu bat da asteburukoa. Euskal Herriko artista ezagunak etorriko dira, eta baita hemen ingurukoak ere», esan du Goiuri Ezeiza Tolosako Udaleko Kultura zinegotziak. «Musika izango du ardatz, baita dantza eta sortzaileen azoka ere». Zumardiaundian egingo dute jaialdia aurrenekoz.
Jaialdi bat antolatzeko garaian, kontzertuak izaten dira ohikoenak, baina udalak nabarmendu duenez, Kultura Plazara egitasmoaren filosofiaren barruan badago antzerkia eta bakarrizketak sartzeko asmoa, kulturaren alor desberdinak jorratu nahi baitituzte. «Ez genuen soilik musika jaialdi bat izaterik nahi. Kultura ardatz duen jaialdia da, baina hainbat diziplina egotea nahi genuen», esan du Ezeizak. «Gure inguruan ditugun dantzari esanguratsuak izanik, dantza ere sartu behar genuela pentsatu genuen». Amaia Elizaran dantzari tolosarrak bere lan berria aurkeztuko du, eta Ibarrako Alurr dantza taldeak ere berriki estreinatu duen ikuskizuna taularatuko du. «Dantza emanaldiak dira biak, baina oso desberdinak dira elkarren artean».
«Ez genuen soilik musika jaialdi bat izaterik nahi. Kultura ardatz duen jaialdia da, baina hainbat diziplina egotea nahi genuen»
GOIURI EZEIZATolosako Kultura zinegotzia
Musikari dagokionez, artista eta talde ezagunekin osatu dute egitaraua. Gainera, askotariko musika eta ibilbidedun artistak ekartzea zuten helburu, eta horretan jarri dute ahalegina. Mikel Urdangarin eta Mugan taldea izango dira, besteak beste, Zumardiaundiko oholtzan. Urdangarinek urte askoko ibilbidea du, orain 25 urte baino gehiago atera baitzuen lehen diskoa. Mugan taldeak, berriz, duela bi urte kaleratu zuen estreinako lana.
Belako taldea ere izango da. «Askok eskatu izan digute Belako Tolosara ekartzeko, eta, agian, hura izango da gurera etorriko den euskal talde nazioartekoena», esan du Ezeizak. Gainera, herriko artisten alde ere egin dute apustu: «Jokin Pinatxo da Janus Lester taldeko irudi nagusia, baina tolosar bat dute taldean, Jabier Etxarri gitarra jotzailea. Janus Lesterrekin etorriko da. Guretzat polita da herriko jendea agertokian izatea. Lander Zalakain Belako taldeko bateria jotzailea ere tolosarra da».
«Potentzial handiko» tokia
Zumardiaundia agertoki gisa estreinatuko dute aurten. Izan ere, gisa horretako jaialdiak Zumardi Txikian eta zezen plazan egin izan dituzte lehenago. «Probatu nahi genuen Zumardiaundian egiteko aukera. Egitasmoaren izenak dioen moduan, kultura plazara atera nahi genuen, eta behin aterata, zergatik ez atera plaza desberdinetara», esan du Kultura zinegotziak. Gaineratu du Zumardiaundia «potentzial handiko» leku bat dela: «Oso leku polita da, Tolosaren eta Ibarraren arteko mugan dago, eta bi herrien konexioa ere uztartu nahi genuen. Ikusi nahi dugu dimentsio honetako jaialdi batek nola funtzionatzen duen Zumardiaundia bezalako espazio batean». Plaza hori ez dute kontzertuetarako erabili lehenago, eta udalak, «asteburukoak ondo funtzionatzen badu», bertan egiten jarraitzeko asmoa du.
Kultura Plazara jaialdia «erreferentziazko» jaialdi bat bihurtzen ari dela esan du Ezeizak, artista askok esan baitiete bertan jo nahi dutela. «Beste hainbat artistek ere esan digute gustatuko litzaiekeela parte hartzea, baina gero euren agendak eta gureak bat egitea zaila izaten da».
Igandean Tolosaldeko sortzaileen azoka egingo dute, 11:00etatik 14:30era bitartean. Hamazazpi erakusmahai izango dira, eta askotariko sorkuntza lanak salduko dituzte, hala nola artelanak, arropak, serigrafia lanak, oihalekin egindako lanak eta bitxiak. Erakusmahaiez gain, kandelak egiten eta koadernatzen ikasteko tailerrak eskainiko dituzte, 11:00etatik 12:00etara. Ezeizak esan du lehendabiziko aldia dela tailerrak egingo dituztena: «Erosteko aukeraz gain, sortzeko aukera ere eskaini nahi genion jendeari». Tailerretan parte hartzeko ez da aurrez izena eman beharko, nahikoa baita bertara azaltzea. Janaria eta edaria erosteko guneak ere izango dira asteburu osoan zehar.
Kultura Plazara egitasmoaren asmoa da kultura ohiko antzokietatik kanpo eramatea. Horren erakusle da aurtengo jaialdiaren kokalekua, bai eta emanaldiak landa auzoetan antolatzea ere. «Tolosako erdigunean bizi den jendea ez da joaten Aldabara, Bedaiora edo Urkizura, eta emanaldiak auzo horietara eramanda, tolosarrak bertara joatera bultzatzen ditugu», adierazi du Ezeizak.
Orain arte antolatutako emanaldiak ontzat jo ditu udalak. «Kalakanek irailaren 14an Urkizun emandako kontzertuan jendetza bildu zen, eta orain dela aste batzuk Aldaban antolatutako Ztandap bakarrizketak ikusten ere jende mordoa zegoen». Horrez gain, udan zehar ekitaldi ugari antolatu dituzte Tolosako kaleetan. «Aniztasuna bilatu dugu, adin guztiei begirako ekitaldiak antolatuz, besteak beste».
EGITARAUA
GAUR
- 19:30. Amaia Elizaran eta Neønymus, Zumardiaundian.
20:00. Janus Lester, Zumardiaundian.
22:30. Belako, Zumardiaundian.
BIHAR
- 13:00. Alurr dantza taldearen Zamaltzain ikuskizuna, Zumardiaundian.
- 20:00. Mikel Urdangarin, Zumardiaundian.
- 22:30. Mugan, Zumardiaundian.
ETZI
- 11:00. Tolosaldeko sortzaileen azoka, Zumardiaundian.