Telefonoa izateko adina atzeratzeko sarea

Guraso askoren eztabaida bilakatu ohi da seme-alabei lehen sakelakoa noiz eta nola eman. Adina ahalik eta gehiena atzeratzeko helburuarekin, 'Gurea erabil dezakezu' egitasmoa jarri dute martxan Orixe ikastolako gurasoek.

Izaro Goitisolo, Olaia Miranda, Nerea Aiestaran eta Jone Azpeitia Donostiako Sarean taldeko kideak, otsailaren 16an, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Izaro Goitisolo, Olaia Miranda, Nerea Aiestaran eta Jone Azpeitia Donostiako Sarean taldeko kideak, otsailaren 16an, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Irati Egibar Izeta
2024ko otsailaren 23a
05:00
Entzun

Adituek lehenengo sakelakoa 16 urterekin izatea gomendatzen badute ere, gaur egungo haur eta nerabe gehienek lehenago eskuratzen dute. Kasu askotan, Lehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzara pasatzeko tartean izan ohi da. Hainbat herritako eta auzotako gurasoek bezala, seme-alaben lehen sakelakoa ahalik eta gehiena atzeratzea lortu nahi dute Sarean taldeko kideek.

Donostiako Parte Zaharreko Orixe ikastolako gurasoen elkartea da Sarean; telefono eta pantailen gehiegizko erabileragatik kezkatuta, Gurea erabil dezakezu egitasmoa jarri dute abian. Haurrak eta gazteak eskuko telefonorik gabe ibil daitezen, babesa eskaintzea du xede kanpainak. Izan ere, Sarean taldea kezka horietatik abiatuta eratu zen duela bi urte, Olaia Miranda Sarean elkarteko kideak azaldu duenez: «Geroz eta arinago eskuratzen diren smartphoneen erabileraketa, oro har, pantailen gehiegizko erabilerak sortutako ardurak eraginda eratu genuen taldea».

Aurretik Tolosan abian jarritako egitasmoa eredutzat hartuta —Tolosako saltokietako erakusleihoetan pegatinak jarri dituzte, gazteek dei bat egin behar badute bertako telefonoa erabil dezaten—, Gurea erabil dezakezu egitasmoaren pegatinak zabaldu ditu Donostiako Parte Zaharreko saltokietan Sarean taldeak. Modu horretan, haurrek eta gazteek auzoko komertzioetatik deitzeko aukera dute, eskuko telefonoa izateko premiarik izan gabe. Nerea Aiestaran, Orixe ikastolako gurasoa izateaz gain, Zaharrean Alde Zaharreko merkatarien elkarteko koordinatzailea da, eta haren bitartez jarri ziren Sarean taldeko kideak auzoko komertzioekin harremanetan. «Danborrada pasatuta, urtarrilaren amaieran jarri genuen ekimena martxan», azaldu du Aiestaranek. Tolosan erabili dituzten pegatina berak jarri dituzte, «haur guztiek identifika ditzaten». Horretaz gain, Orixe ikastolan ere erakutsi dituzte itsasgarriak.

«Ez da ama histeriko bati sortu zaion kezka. Elkarrekin joan behar dugu, ea ahalik eta jende gehiena batzen den».

OLAIA MIRANDA Sarean taldeko kidea

Hainbat herritan ematen ari diren pausoek zenbait beharri erantzuten diete: seme-alabekin hitz egin ahal izatea, lokalizatuta izatea eta haurrek edonoiz gurasoei deitzeko aukera izatea.

Donostian Parte Zaharreko berrogei komertzio inguruk jarri dute pegatina beraien erakusleihoetan. Aiestaranek uste duenez, komertzio gehiagok hartuko dute parte datozen hilabeteetan: «Segur aski, oraindik zenbait komertzio ez dira ohartu ere egin. Laster batean gehiagok hartuko dute parte». Komertzioetako langileek jakinarazi dute beraien dendetatik jada pasatu direla lehen gazteak telefono deia egitera. Sareaneko kideak esan du hartu-eman batean oinarritzen dela egitasmoa: «Guretzat, eskaintza bat da. Gure nerabe zein haurrak sakelakorik gabe ibiltzeko babes zabala lortzen dugu; aldi berean, bueltan, komertzioen inguruan ibiltzen gara».

Elkarlana

Hala ere, ez da Sarean taldearen helburu nagusia umeek komertzioetan egiten dituzten deiak ugaritzea, kanpainari ikusgarritasuna ematea baizik. Izaro Goitisolo eta Jone Azpeitia duela gutxi sartu ziren Sarean taldean, eta, Goitisoloren iritziz, sinbolikoa da kanpaina: «Nik aldarrikapen moduan ikusten dut. Kanpainak aukera ematen du denon arazoa mahai gainean jartzeko. Ez da soilik gurasoen arazoa». Azpeitiak ere uste du «babesa» eman behar zaiola «soziala» den arazo horri.

Orixe ikastolan, gaur egun, ia inork ez dauka sakelakorik Lehen Hezkuntzako seigarren mailan. Daukaten apurrek, gainera, ez dute sare sozialetako sarbiderik euren sakelako telefonoetan. Iazko ikasturtetik, aldaketa egon dela ohartarazi dute Azpeitiak eta Goitisolok: «Ikasturte honetan nabarmen jaitsi da sakelakoen kopurua». Horretaz gain, Orixeko irakasleekin harreman zuzena daukate Sareaneko kideek; ikastetxearen plan teknologikoaren berri dute, eta ez dituzte pantailak une oro erabiltzen, momentu konkretuetan baizik.

Ingurukoek sakelakoa izateak eragiten duen presio sozialaren ondorioz erosten zaie sarritan seme-alabei sakelako telefonoa. Presio sozialari aurre egiteko, indarrak batzea ezinbestekoa dela uste dute hainbat gurasok. Mirandaren ustez, kolektibotasunak garrantzia hartu beharra dauka egitasmo horretan: «Ez da ama histeriko bati sortu zaion kezka. Elkarrekin joan behar dugu, ea ahalik eta jende gehiena batzen den; ekintza ezerezean geratuko da modu indibidualean ulertzen badugu».

«Ni saiatzen ari naiz etxera iristean sakelakoa alde batera uzten; zehaztasun txiki horiek etorkizunean eragin zuzena izan dezakete gure haurrengan».

 IZARO GOITISORO Sarean taldeko kidea

Azpeitiak gaineratu du haurrek, berez, sakelakoaren beharrik ez dutela sentitzen, eta arazoa inguruan dituzten lagunei sakelakoa ikustean sortzen dela: «Besteei sakelakoa ikustean, inbidia ematen die». Dena den, Goitisoloren ustez, ezin da ukatu gaur egungo nerabeak «pantailez inguratuta» bizi direla: «Eskatu, denek eskatzen dute. Gureek badakite ez dutela izango, baina, saiatu, saiatzen dira. Imajinatu, nire txikiak ere eskatzen du sakelakoa, eta Lehen Hezkuntzako lehenengo mailan dago!».

Gurasoen erantzukizuna

Miren Ros Euskal Herriko hainbat ikastetxetan aritzen da teknologia berrien erabilera egokia sustatzen, eta Orixe ikastolan ere izan da. Adin txikikoek telefonoa zer-nola erabiltzen duten aztertu aurretik, gurasoen sakelako erabilerari ere erreparatu behar zaiola ohartarazten du, ikastetxeetan emandako hitzaldietan. «Erabilera kontzientea egiten ari naiz? Urrats txikiak egiten ari al naiz, erabilera hobe baten bidean?», horiek izaten dira Rosek egiten dituen ohiko galderak.

Autokritikatik abiatuta, Sareaneko kideak saiatzen dira eskuko telefonoaren erabilera kontrolatua eta kontzientea bultzatzen. Azpeitiak dio sakelakoaren erabileran ere, gurasoek izan behar dutela seme-alaben erreferente: «Guk, behintzat, haien aurrean erabilera kontzientea egin beharko genuke». Bide beretik mintzatu da Goitisolo: «Ni saiatzen ari naiz etxera iristean sakelakoa alde batera uzten; zehaztasun txiki horiek etorkizunean eragin zuzena izan dezakete gure haurrengan».

Hala ere, Mirandak adierazi du lanketa gurasoengandik hasi behar dela, baina, aldi berean, haur baten eta heldu baten garunak ez daudela berdin prestatua: «Gure garuna eta haiena ez daude une berean. Gure garunak ez daude ohituta sare sozialen funtzionamendu azeleratura eta horrek eragiten duen mendekotasunera; are gutxiago 10, 12, 14 eta 16 urteetako gazteak».

Horretaz gain, Sareaneko kideen ustetan, gurasoek ere sakelakoaren erabilera ona egiteko tresnak behar dituzte. Izan ere, hainbat kasutan sentitzen dute ez direla gai sakelakoren alde onak eta txarrak zeintzuk diren azaltzeko. «Askotan, zaila egiten zaigu umeei azaltzea zeintzuk diren sakelakoak ekar ditzakeen arriskuak», esan du Goitisolok.

Amarauna ehuntzen

Tolosako Altxa Burua ekimen aitzindariaren ondoren, beste zenbait ekimen sortu dira: Altxa Burua Gipuzkoa, Altxa Burua Orio, Altxa Burua Zumarraga, Altxa Burua Donostia, Altxa Burua Luberri…Azken ekimenen horretan hartu dute parte Orixeko gurasoek ere. Hainbat eskolatako ikasleak joan ohi dira Donostiako Luberri ikastetxeko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza egitera: Jakintza, Orixe, Igeldo, Ibai, Aiete eta Amasorrain ikastetxeko ikasleak, besteak beste. Mirandaren iritziz, ezin da katea eten; Lehen Hezkuntza bukatu ostean, sakelakoaren auziari erantzuten jarraitzeko aukera izan behar dute familiek: «Arazoa ez da amaitzen Orixe ikastolan. Aurrera begira ere, irtenbideak adostu behar ditugu beste ikastetxeetako gurasoekin».

Hori kontuan izanda, datorren ikasturtean Luberri eskolara joan behar duten beste eskoletako gurasoekin bildu dira Sareaneko kideak; sakelakoaren arazoari erantzuteko, galdetegi bat zabaldu dute gurasoen artean eta ikasturtea sakelakorik gabe hasteko erronka bateratua adostu dute.

Luberrira doazen familiei pasaTUtako galdetegiko datuak

%66

Donostiako Luberri ikastetxera doazen familien %66k erantzun dute galdetegia.

%83

Gurasoen %83 prest daude DBH1 sakelakorik gabe hasteko.

 

Horretaz gain, Donostiako auzo guztietako komertzioetan Gurea erabil dezakezu pegatina egon beharko litzateke, Sarean taldeko gurasoen iritziz. «Adin batetik aurrera, gure seme-alabak ez dira geratzen hazitako auzoan: auzo batetik bestera ibiltzen dira. Gure gazte garaian ez genuen sakelakorik, baina, behintzat, telefono kabinak zeuden», azaldu du Azpeitiak.

Sakelakoen erabileraren kezkak gizarte osoarena izan behar du. Hori diote Sareaneko kideek, eta, horretarako, «ezinbestekoa da sarea handitzea eta leku zein soslai ezberdinetako jendearengana iristea; azken finean, gurasoena ez ezik, gizarte osoaren arazoa ere bada sakelakoen erabilera okerra».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.