Elkarrizketa

Zuhaitz Gurrutxaga: «Telebistara itzuli nahiko nuke orain, urteetako terapia praktikan jartzera»

Zuhaitz Gurrutxagak 19 urterekin egin zuen debuta futboleko Lehen Mailan. Telebistako aurkezle lanetan hasi zen gero. Nahasmendu obsesibo konpultsiboak zeharkatu dizkio bere bi jardun horiek, eta jendaurrean kontatu izan ditu gaitzak eragindako bizipenak.

Zuhaitz Gurrutxaga, 2023ko azaroan, Usurbilen. IDOIA ZABALETA / FOKU
Zuhaitz Gurrutxaga, 2023ko azaroan, Usurbilen. IDOIA ZABALETA / FOKU
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2025eko martxoaren 28a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Donostiako Antigua auzoko taberna batean jarri dute hitzordua Zuhaitz Gurrutxagak (Elgoibar, 1980) eta kazetariak. Halere, ez dira sartu, eta beste taberna batzuen kanpoaldetik pasatu dira, non sartu erabaki ezinda. Azkenean erabaki dute nora joan: hitzordua jarri duten tabernara. «Eseriko gara mahai honetan?», esan dio Gurrutxagak kazetariari. «Tira, hobe hemen», dio berriz. «Ikusten duzu nire gaitza noraino iristen den, ezta?», bota du, barrez. Nahasmendu obsesibo konpultsiboa duela jakin zuenean lortu zuen ulertzea ordura arte izan zituen zenbait jokabide. Nahasmendu horrek hainbat arlotan eragin dio: futbolari ibilbidean eta telebistako aurkezle lanetan, besteak beste. Maiz kontatu ditu gaitzak eragindako bizipenak, hala Ander Izagirrerekin batera idatzitako Subcampeones liburuan, nola FutbolisTOK bakarrizketan. Nolanahi ere, «beste puntu batean» dago orain, eta, dioenez, telebistara itzuli nahiko luke, terapian ikasitakoa praktikan jartzera.

19 urte zenituela egin zenuen debuta Realeko lehen taldearekin. Nolakoa zen zure bizimodua ordura arte?

Haurtzaro eta nerabezaro zoriontsuak izan ditut. Astegunetan institutura joaten nintzen, Zubietara entrenatzera... Baina asteburuetan helburu bakarra nuen: kuadrillarekin parranda egitea, Elgoibarren. Nire kezka nagusia izaten zen ea partida asteburuko zer egunetan izango zen, igandean bazen ezin nuelako parrandarik egin. Partida larunbatean jokatzen genuenetan, aste perfektua izaten zen.

Eta Realarekin debutatuta, zer?

Orduan 19 urte nituen, eta ez nengoen hausnarketetarako. Baina, denborarekin, garai harekin distantzia hartuta, ulertu dut zer gertatzen zitzaidan. Begira: ni egun batetik bestera pasatu nintzen berrehun lagunen aurrean jokatzetik 20.000ren aurrean jokatzera, egunkariak irakurtzetik egunkarian niri buruz ari zirela ikustera. Hori niri gertatu zitzaidan, eta, niri bezala, inoiz Lehen Mailan debuta egin duten guztiei. Kontua da inork ez gaituela prestatzen aldaketa horretarako. Prestatzen gaituzte baloiari ostikoak jotzeko, korrika egiteko eta jokalari ona izateko, bai teknikoki eta bai fisikoki. Baina mentalki inork ez gaitu prestatzen horrelako aldaketa baterako. 19 urterekin hasten zara prentsaurrekoak ematen, egunkariek astero puntuatzen dute egiten duzuna, eta nik ez nuen asmatu horrek zekarren presioa kudeatzen. Esaten ari naizen hau ez da aitzakia esateko zergatik ez nuen arrakasta handiagoa izan futbolean, baizik eta azalpen bat esateko zergatik sufritu nuen horrenbeste. Orduan, nire ametsa zena, pixkanaka, amesgaizto bihurtu zen. Nahiago izaten nuen ez jokatu.

«Absurdoa da oso, baina ostegun-ostiraletan entrenatzaileak peto horia ematen zion asteburuan jokatuko zuen talde titularrari, eta ni ezkutatu egiten nintzen peto horia ez jasotzeko»

Zergatik?

Zelai barruan sufritu egiten nuelako; segur aski, konturatu nintzelako egiten nuen huts bakoitzak zer garrantzia zuen. Izatez, futbolak ez dauka inportantziarik, edo, behintzat, ez luke izan beharko, baina banekien zer masa mugitzen zituen. Kontziente nintzen gure atean gol bat hartzen bagenuen Gipuzkoa erdia haserre joango zela lanera hurrengo egunean. Horrek eragin zidan jokatu nahi ez izatea.

Halere, ez jokatzea ez zegoen zure esku bakarrik.

Ez. Eta absurdoa da oso, baina ostegun-ostiraletan entrenatzaileak peto horia ematen zion asteburuan jokatuko zuen talde titularrari, eta ni ezkutatu egiten nintzen peto horia ez jasotzeko. Absurdoa dela diot, entrenatzaileak nik jokatzea nahi bazuen aurkituko ninduelako. Zeharka begiratzen nion entrenatzaileari, eta zera pentsatzen nuen: «Ea ez didan peto horia ematen, ea ez didan peto horia ematen...». Eta partidan bertan, aulkian banengoen, «mesedez, ez nazala atera», esaten nuen neure artean. Nire nahia betetzen bazen, lasaitua hartzen nuen.

Eta betetzen ez bazen?

Sufrikario hutsa izaten zen. Entrenatzaileak partida erdian berotzera bidaltzen baninduen, kornerreko banderatxoaren atzean ezkutatzen nintzen, ni ez izateko zelaira ateratzen hurrena. Pentsa zer gauza absurdoa!

(ID_14807573) (/EZEZAGUNA) entrenamientosbosque2
Zuhaitz Gurrutxagak 19 urterekin egin zuen debuta Realean, Espainiako Lehen Mailan. Denboraldi batzuk egin zituen Realean, eta beste talde batzuetan aritu zen gero. Irudian, Gurrutxaga —ezkerrean—, Sergio Boris eta Javi Garrido Realeko futbolariekin, 2003an, entrenamendu batean. REALA
Baina, era berean, ez jokatzeak zaildu egingo zuen kontratua berritzea, ezta?

Horra ere eramaten ninduen buruak. Gipuzkoa erdiak zeukan ametsa betetzen ari nintzen, eta ezin nuen tren hori pasatzen utzi. «Zuhaitz, nola galduko duzu halako lan bat?», pentsatzen nuen. Ez nuen jokatu nahi baina, aldi berean, banekien zer zekarren ez jokatzeak... Etengabeko bukle horretan sartuta nengoen.

Halere, kontatu izan duzu buru osasunak beste beldur batzuk ere eragin izan dizkizula.

Bai. Gerora hasi nintzen buru osasuneko arazoak pairatzen: antsietatea, depresioa eta nahasmendu obsesibo konpultsiboa.

Gaur egun, badakizu zerk eragin zizun?

Uda batean, auzoko bi lagunekin nengoela, marihuanarekin esperientzia txar bat eduki nuen, agerraldi psikotiko bat edo. Handik aurrera, antsietatea sentitzen hasi nintzen, gero depresioa, eta, azkenean, nahasmendu obsesibo konpultsibo gogorra. Segur aski, une hori izango zen barruan zegoen nahasmendua piztu zuena. Beti egoten da metxa pizten duen une jakin bat. Hori gertatu izan ez balitz, beste era batera piztuko zitzaidan nahasmendua. Begira: C. Tanganari elkarrizketa batean zera entzun nion behin, marihuana erretzen ari zela, ate bat ireki zitzaiola buruan, eta oraindik ez duela ixterik lortu. Niri ere antzeko zerbait gertatu zitzaidan.

Zertan eragin zizun nahasmenduak?

Arlo askotan eragin dit. Futbolean, adibidez, mahuka luzearekin entrenatzen nuen beti, baita 40 gradu zeudenean ere. Hartara, flexioak egiten nituenean, mahukei eskuarekin heltzen nien, eskuek lurra ez ukitzeko. Pentsatzen nuen lurra kutsatuta zegoela, eta, ukitzen banuen, ni ere kutsatuko nintzela. Edo saiatzen nintzen taldekideak ez ukitzen, izerdiak ere zerbait kutsatuko zidalakoan. Edo nire ur botila leku estrategiko batean ezkutatzen nuen, inork niretik edan ez zezan.

«Erabateko kontrola behar nuen, eta ez nintzen konturatzen besteen erantzukizuna hasten zen momentuan amaitzen zela nirea»

Zelaian bakarrik sentitzen zenuen hori?

Baita zelaitik kanpo ere. Entrenatzera joan aurretik, berrogei bat minutu pasatzen nituen etxean, dena itzalita zegoela egiaztatzen. Bitrozeramika, gasa... Ziurtatu behar nuen dena ondo zegoela, antsietatea zeruraino igotzen zitzaidalako bestela. Nonbait —eta nonbait diot, ni ez naizelako psikologoa—, nahasmendu hori dugunon garunean neuronen arteko zenbait zubi ez dira zuzenak, eta, beraz, bidaltzen dizkigun arrisku mezuak erabat katastrofistak dira eta ez daude filtratuta. Zuk ez daukazu nahasmendu obsesibo konpultsiborik, ezta?

Ez.

Zuk parean sua izango bazenu, zure garunak bidaliko lizuke mezu bat, zera esanez: «Parean duzun hori arriskutsua da», eta mekanismoak emango lizkizuke arriskuari ihes egiteko. Nik katilu hau eskuetan hartzen badut [mahai gainean dagoen katilua hartu du eskuekin], nire garunak, agian, mezu bat bidaliko dit, zera esanez: «Kontuz, ez dakizu katilu hori nork ukitu duen. Kutsa zaitezke». Orduan, zuri suak sortzen dizun antsietate bera eragin diezadake niri katilu hau ukitzeak. Konpultsioa egitea izango litzateke arrisku horri aurre egiteko dudan aukerarik azkarrena; eskuak garbitzera joatea, adibidez. Orain beste puntu batean nago.

Futboleko Lehen Maila utzita, musika egiten hasi zinen, Van Popel taldean.

Hori izan zen, segur aski, nire bizitzako garairik libreena. Toki askotan jotzen genuen: tabernetan, dendetan, harategietan... Garai horretan zernahi kantatu eta esaten nuen, eta horregatik diot libre izan nintzela, telebistako aurkezle lanetan hasi nintzen arte.

ETB1eko Herri txiki infernu handi saioa aurkezten aritu zara, besteak beste.

Zortzi urte egin nituen Herri txiki infernu handi-n. Nekatuta nengoelako utzi nuen, baina ez nekien nahasmenduak eragin zidala nekea. Izan ere, ez nekien errua eta mina ere eragiten zituenik. Saio hartan, elkarrizketak egitea zen nire lana, eta elkarrizketatuak gaizki uzteko edo mintzeko beldur nintzen. Egindako elkarrizketak ediziora joaten ziren gero. «Mesedez, esan dudan esaldi hau ez ezazu sartu», esaten nion editoreari. «80 urteko elkarrizketatu honek bere etxeko atea eta bere bihotza zabaldu dizkigu, eta ez nioke minik egin nahi». Hala eta guztiz ere, ez nintzen fidatzen, eta esaldia kendu zuela egiaztatzera joaten nintzen zuzendariarengana. Erabateko kontrola behar nuen, eta ez nintzen konturatzen besteen erantzukizuna hasten zen momentuan amaitzen zela nirea.

Nola zaude orain?

Orain beste puntu batean nago. Granadan [Espainia] bada nahasmendu honi buruzko elkarte bat, eta terapia integrala egiten izan naiz han. Herri txiki infernu handi-ren hamargarren urteurrenerako gonbidatu ninduten, eta Granadan ikasitakoa praktikan jartzera joan nintzen. Grabatzen ari ginela, nahasmenduak eragindako hainbat pentsamendu etortzen zitzaizkidan burura, baina konpultsioei eutsi nien. Horixe baita terapia: eskuak ez garbitzea, antsietatea frenatzen jakitea eta nork bere buruari kontrola galtzen uztea. Egin nituen beste saio guztiak bezain ongi atera zen saio hori, eta %90 energia gutxiago xahutu nuen. Puntu horretan nago orain, eta telebistara itzuli nahiko nuke, urteetako terapia praktikan jartzera.

Egun baduzu beste proiektu bat esku artean: Nortasun agiria bakarrizketa.

Bai. Bizipen pertsonalak kontatzen ditut; besteak beste, bikote haustura bat eta egoera horrek eragindako mina. Lehengoan izan nuen estreinaldia, Donostiako Reale Arenan. Niretzat sinbolikoa da debuta han egitea. Hau ez nuke nik esan beharko, baina uste dut oso ondo atera zela. Funtzionatu zuen funtzionatu behar zuen bezala. Gozatua hartu nuen ordu eta hogei minutuz. «Badaukat Euskal Herriari aurkezteko moduko bakarrizketa bat»: horixe pentsatu nuen.

MOTZEAN

19 urte zituen Zuhaitz hark inoiz pentsatuko al zuen noizbait bere nahasmenduaz hitz egingo zuela jendaurrean?
19 urterekin ez, baina nahasmenduak gogor jotzen ninduen garaian, hari hitz egiten nion: «Ez dakit nola, baina sufriarazi didazun guztiari etekina aterako diot noizbait».

Eredu izan duzun futbolari bat?
Xabi Prieto.

Antzerkia ala telebista?
Telebista.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.