Herri Olinpiaden izpiritua bizirik dago Hondarribian. Izan ere, herriko kuadrillek sugar olinpikoa piztu zuten larunbatean, portuan, Herri Olinpiaden hirugarren aroari hasiera emateko. Orain arte, bi garaitan antolatu dituzte: lehena, 1986tik 1996ra, eta bigarrena, 2014tik 2017ra. Iaz ekin zioten Olinpiaden hirugarren aroari, eta egina dute aurtengo aurreneko proba. 28 talde ari dira lehian, eta zortzi probaz osatutako lehiaketa bat osatu dute antolatzaileek. Azaroaren 30ean egin zuten lehen proba, eta, Euskararen Eguna gainean zenez, parte hartzaileek euskarari buruzko erronka bat gainditu behar izan zuten. Euskara Proba izena jarri zioten probari, eta lau jokorekin osatu zuten. Laurek izan zuten zerikusia hizkuntzarekin. Lehen proba jokatuta, beste zazpi egin beharko dituzte gazte kuadrillek; hilabete bakoitzeko bat, ekainera bitartean. Askotariko probak prestatu dituzte datozen hilabeteetarako: herri kirolekin edota mendiarekin lotutakoak, itsasoarekin lotutakoak eta ondarearekin eta gastronomiarekin zerikusia dutenak. Gainera, jaialdi bat egingo dute ekainean, Herri Olinpiadak «festa giroan» amaitzeko.
Antolatzaileek esan dute Hondarribiko Olinpiadak osasuntsu daudela egun. Urko Iridoi egungo Herri Olinpiaden antolatzaileetako batek azaldu du hastapenetan,Hernaniko Herri Olinpiadak izan zituztela eredu. «Gazteak elkartzeko, kirola egiteko eta herri giroa sustatzeko aitzakiarekin antolatu ziren Hondarribiko Olinpiadak», esan du Iridoik. Asmo berbera dute hasi berri duten aroan. Lehen belaunaldiaren ondoren geldialdi luze bat egon zela gogorarazi du egungo antolatzaileak, 2014ra arte ez baitziren berreskuratu. Bigarren belaunaldi hori 2014tik 2017ra bitartean antolatu zen. Egungo antolatzaileak dio halako ekintza bat prestatzeak «lan handia» eskatzen duela, eta gaineratu du 2014 eta 2017 artean aritu zirenek «erreta» bukatu zutela.
Aro berriko Herri Olinpiadak iaz hasi ziren, baina Iridoik adierazi du 2019an otu zitzaiela berreskuratzea. Orduko hartan gaztetxea zuen Hondarribiak, eta hainbat gazte elkartzen ziren han. 2022ko Gazte Eguna antolatzeko herriko gazte asko «inplikatu» zirela azaldu du Iridoik, eta orduantxe pentsatu zuten Herri Olinpiadak berriro antola zitezkeela. «Hor ikusi genuen herrian bazegoela gazteen arteko elkartasuna». Gainera, aurreko Herri Olinpiadak antolatzen aritu zirenen «laguntza aktiboa» izan zuten horretan.
Olinpiadekin Hondarribiko gazteria «guzti-guztia» elkartzen dela nabarmendu du antolatzaileak. Aipatu du horren adierazle dela parte hartzaileen arteko adin tartea. Izan ere, lehian dauden 28 kuadrilletatik helduena 1991koa da, eta gazteena, 2006koa. Hain zuzen ere, Iridoiren hitzetan, «gazteak elkartzea» dute helburu. «Gazteak batzea da gure nahia, herria girotzea, neguko eta udaberriko asteburu aspergarriei bizitza ematea, ondo pasatzea eta parranda egitea».
Euskara Proba
Hondarribia UEMAko kide da, eta, Herri Olinpiaden antolatzaileen arabera, UEMAk «gaztelania nagusi duen herri euskaldun» gisa sailkatu du Hondarribia. 2016an Hondarribiko kale elkarrizketen %24,6 euskaraz egiten ziren. 2021ean, datu horiek nabarmen apaldu ziren, euskararen kale erabilera %16,3koa izan baitzen. Datu horiez jabetuta, Olinpiaden antolatzaileek erabaki zuten euskara sustatu behar zutela probetan, eta horren adibide da, hain justu, larunbatean egin zuten Euskara Proba.
Iridoik esan du «hasieratik» egin zutela apustu «dena euskaraz» antolatzearen alde, eta iruditzen zaio iaztik hona euskara gehiago entzuten eta hitz egiten dela herrian.