Su txikian edo bizian, lapiko eta zartaginen artean jakirik goxoenak prestatzen ari dira Oiartzualdeko herrietako 24 elkarte gastronomikotako ordezkariak. Ez dira sukaldari profesionalak, baina profesionalen pare ari dira platerak prestatzen. Jakirik gozoena prestatzea izango dute egitekoa Errenteriako Euskaldarrak elkarteak antolatu duen Gastronomia erakusketaren 37. aldian. Oihartzun handia du Euskaldarrak elkarteak antolatzen duen lehiaketak. Bide erdia egina du aurtengoak; izan ere, astelehenean hasi zen, eta hilaren 20an bukatuko da.
Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako 24 elkarte ari dira norgehiagokan. Astelehenetik ostegunera arte herri horietako hiruna elkarte aritu dira kozinatzen eta euren proposamena prestatzen lehiaketa antolatu duen elkartearen sukaldean. Datorren astean, beste hainbeste egingo dute lehiaketara aurkeztu diren gainontzeko hamabi elkarteek. Sona handiko epaimahaia ari da sukaldariek prestatutakoa epaitzen; horien artean dira Elena Arzak eta Hilario Arbelaitz, eta, haiekin batera, Basque Cullinary Centerreko profesionalak eta sukaldaritzan adituak diren kazetariak.
Euskaldarrak elkarteko kide eta Gastronomia erakusketaren antolatzaileetako Fernando Oiartzun harro mintzo da Oiartzualde osoan oihartzun handia duen lehiaketaz: «Euskaldarrak elkarteak izena dauka gastronomiari esker, eta hori handia da, oso garrantzitsua». 1985ean hasi zuen bidea erakusketak; Rober Riobo aritu zen, orduko beste bazkide batzuekin batera, jakiarekin lotutako zerbait antolatu behar zela tematuta. 37 urte bete ditu eurek sortutakoak, eta «sasoi betean» dagoela dio Oiartzunek.
Lekukoa eskuz esku pasatu dute bazkideen artean, eta orain zazpi urte heldu zioten Oiartzunek eta haren kuadrillak. «Ederra da antolatzen dugun erakusketa; Euskal Herrian ez dago halako besterik, guk dakigula, eta horrek bereziago eta kutunagoa egiten du».
«Ederra da antolatzen dugun erakusketa; Euskal Herrian ez da halako besterik, guk dakigula, eta horrek bereziagoa eta kutunagoa egiten du».
FERNANDO OIARTZUN Errenteriako Euskaldarrak elkarteko kidea
Erakusketa hasi baino bost hilabete lehenago ekiten diote antolaketa lanari. Izan ere, parte hartzen duten elkarteetako ordezkariek kozinatzen duten bitartean, elkarteak herritarrentzat parez pare zabalik izaten ditu ateak. Oiartzunek azaldu du harrera «gastronomia gutiziekin» egiten dietela bertaratzen direnei. Haren hitzetan, «luxuzko» jakiak prestatzen dituzte parte hartzaileek: «Urtez urte maila handiko platerak egiten dituzte, goi mailako sukaldaritzaren sorkuntza duinak eginez». Are, ez dira edonola konformatzen, «oso lehiakorrak» baitira lehiakideak. «Denak datoz irabaztera».
Euskaldarrak elkarteko buruak jakinarazi du «ezinbesteko» dutela erakusketa babesten duten enpresen laguntza, eta esker onez mintzo da hargatik. Baina are gehiago eskertzen du parte hartzen duten elkarte gastronomikoetako ordezkarien ahalegina: «Haiek dira benetako protagonistak».
Sei sari jokoan
Gastronomia erakusketan sei sari daude jokoan. Oiartzunen hitzetan, Mikelazulo oroigarria da saririk «preziatuena». Izan ere, horixe da sari nagusia, eta lehenengo laurek jasoko dute. Beste bi sari ere banatuko dituzte, ohi gisan: kalitate-preziorik onena duen platera, eta elkarte gastronomikoetako ohiko platerik bereziena.
Sari banaketa hilaren 20an egingo dute, Errenterian, 21:00etan erakusketaren amaierarako antolatua duten afariaren barruan. Bien bitartean, datorren astean, lau egunez, zapore festarekin gozatzen jarraitzeko aukera izango dute Euskaldarrak elkartera agertzen direnek. Horretarako, astelehenetik ostegunera izango da bisitarientzat atea zabalik, 18:30etik aurrera.