Agurtzane Elustondo Plazola: «Soinu txikiak sekulako presentzia dauka: edozein ekitaldi, festa zein kontzertutan, hor dago»

Elustondok argi zuen haurra zenetik soinua ikasi nahi zuela. Amak aholkatuta, soinu txikiaren alde egin zuen, garai hartan ondo ikusia egon ez arren. Burdinaren kultur industria bultzatzen duen Lenbur fundazioko zuzendari-gerentea ere bada.

(ID_13629857) (/EZEZAGUNA) (;)
HITZA
Kerman Garralda
2024ko otsailaren 23a
05:00
Entzun

Agurtzane Elustondo Plazaola (Legazpi, Gipuzkoa, 1975) Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko presidentea izan da 2011. urteaz geroztik. Itxaso Elizagoieni eman dio lekukoa, elkartearen inguruan jarraituko duen arren.


Trikitia nola dago, kargua utzi duzun honetan?

Ondo dagoela esango nuke. Soinu txikiak sekulako presentzia dauka: edozein ekitaldi, festa, kontzertu... hor dago trikitia. Eta ikasi ere geroz eta gehiagok ikasten dute. Trikitiak asmatu du aldatu den gizarte honetara egokitzen. Bilakaera handia izan du, eta asko aldatu da instrumentua bera ere. Lehen, baserri giroari lotuta zegoen, baina Kepa Junkerak eta [Joseba] Tapiak kalera zabaldu zuten, mundu mailako instrumentu bilakatu dute, beste instrumentu batzuekin uztartu... [Xabi] Solano, Ines Osinaga eta Josune Arakistain bezalako trikitilari gazteagoek ere eman diote jarraipena, eta formatuetan eboluzio handia izan da.

Azkoitian hasi zinen trikitia ikasten, Lajarekin, Legazpin aukerarik ez zegoelako.

Garai hartako Legazpin orokorrean ez zegoen ondo ikusita soinu txikia. Gutxietsita zegoen, baserritarren gauza zen. Gogoan dut solfeoko irakasleak esaten zidala instrumentu bat jotzen ikasi behar nuela, nahiz eta garai hartarako soinu txikia ikasten ari nintzen. Amarekin ere hitz egin zuen. «Bakoitzak ikusiko du zer egiten duen bere seme-alabekin» esan zion, gaztelaniaz.

Nolatan hasi zinen?

Gurasoak oso musikazaleak ziren, erromeriazaleak. Trikitiak eta euskal musikak pisu handia eduki du gure etxean. Aitak, nik sekula ikusi ez arren, soinu handia jotzen zuen, eta amaren baserrian ere asko bizi zen musika eta trikitia. Etxean trikiti zahar bat zuten, soinu diatoniko bat. Harekin jolasean ibiltzen ginen, eta hala hasi nintzen, inolako pretentsiorik gabe. Solfeoa Legazpin ikasi nuen. Hasieratik argi nuen soinua ikasi nahi nuela. Amak esaten zidan soinu handia baino politagoa zela txikia, alaiagoa.

Noiz hasi zinen plazan jotzen?

Berehala hasi ginen: Artzain Eguna zela edo beste edozein kalejira, jotzeko esaten ziguten.

Izan duzu sekula arazorik?

Burlak ez dut esango, baina jendaurrean jotzerakoan entzuten genituen barre txikiak. Ez zen gaur egun bezala. Gaur egun oso normala da edozeinek soinu txikia jotzea, garai hartan ez. Jende askok egindako lanagatik, trikitiak bilakaera handia izan du Euskal Herrian, eta beste ikuskera bat dago, askoz hobea.

«Pasioa da. Konturatzerako, nire bizitzako parte oso garrantzitsu bat bilakatu da. Denbora kendu dit, baina asko eman dit».


Eta emakumezkoa izateagatik? Trikitiarena mundu maskulinoa da?

Emakumeak beste esparruetan zail izan badu, zer esanik ez trikiti munduan. Gizonentzat ere zaila izan zen, infernuko hauspoa zelako eta gutxietsita zegoelako. Baina trikiti munduan emakumeak beti egon dira, eta, adibidez, lehen panderistak emakumeak ziren: Maurizia, Primi... Baina egia da emakume asko isilaraziak izan direla eta nire erreferente guztiak gizonezkoak izan direla. Adibidez, Miren Etxanizek Bingen Zupiriarekin jotzen zuen. Elkartean lan handia egin dugu isilarazitako emakume horiek nabarmentzeko, elkarrizketak eginez, bibliografia lanak argitaratuz... Alde horretatik aurrerapauso handiak eman ditugu. Tamalez, entzun behar izan dut «emakumea izateko ondo jotzen duzu» edo horrelako esaldiren bat, baina gauzak aldatzen ari dira. Gaur egun emakume asko daude goian.

Noiz heldu zenion serio?

Ezustean, nire bizitzako oso parte garrantzitsua bilakatu zen trikitia. Txapelketetara joaten hasi ginen, bat edo bat irabazi ere egin genuen, irratitik deitu ziguten... Poliki-poliki, trikiti munduan geroz eta sartuago nengoen. Baina ikasketetan ondo moldatzen nintzen, eta ez nituen alboratu. Orain ere horrela jarraitzen dut, aldi berean bi alorrak jorratzen. Asko betetzen nauen musika tresna hori jotzeko aukera edukitzea eta aldi berean herrian bertan gustuko dudan lana edukitzea zorte handia dela uste dut. Batzuetan pentsatu izan dut adar bakarra jorratuko banu lasaiago biziko nintzatekeela, baina ez nintzateke Agurtzane izango.

Trikitiaz aparte beste instrumenturik jotzen duzu?

Harmonia ikastera Zumarragara joaten nintzen. Garai hartan, soinu txikia oraindik ez zegoen araututa, eta irakasle batek esaten zidan araututako instrumentu bat ikasi behar nuela, musikarako balio nuelako. Biolontxelo bat utzi zidan, eta hasi nintzen ikasten. Baina unibertsitatera joateko garaia etorri zen, eta utzi egin nuen.

«Antzekotasunak dituzte. Musikak gehiago erakartzen banau ere, Lenburreko lana oso polita da».

Trikitia ere utzi zenuen?

Soinu txikia ez dut inoiz utzi. Karreran nengoela, Haztegi ikastolatik deitu zidaten trikiti klase batzuk emateko, eta jarraitu egin nuen. Ikasketak bukatutakoan, berehala hasi nintzen Lenbur fundazioan lanean, ekonomista gisa. 2016an ama izan nintzen, eta eszedentzia eskatu nuen lanean eta irakaskuntzan, baina trikitia ez nuen utzi.

Zer dauka trikitiak?

Pasioa da. Konturatzerako, nire bizitzako zati oso garrantzitsu bat bilakatu da. Denbora kendu dit, baina asko eman dit.

Adibidez?

Jende asko ezagutzeko aukera eman dit. Kepa Junkera, adibidez. Oso harreman estua dugu. Gogoan dut Ion anaiari eta bioi laguntza eskaini zigula bakarkako disko bat atera behar genuela jakin zuenean: abesti bat utzi zigun, gure Elgoibarko aitonaren hitz batzuk sartu zituen nahiz eta ordurako hilda zegoen, Mirandaolan bideoklipa grabatu genuen elkarrekin... 2022an, Euskadiko Orkestrak Junkeraren Huriondo fandangoa interpretatu behar zuen, eta niri eskatu zidan. Beldur apur bat sentitu nuen, baina oso erronka berezia izan zen.

Kepa Junkeraren Erromeriak diskoan ere parte hartu zenuten Ion anaiak eta zuk, esaterako. Goierriko Hitza-ren 15. urteurreneko diskoan ere kolaboratu zenuten. Eta, gainera, bakarkako bi lan ere argitaratuak dituzue. Hirugarrenik etorriko da?

Disko bat kaleratutakoan, segidan beste bat atera nahi duzu, oso lan polita delako, baina denbora asko eskatzen du. Gainera, diskoen egoera aldatu egin da.

(ID_13629760) (/EZEZAGUNA) whatsappimage2024-02-21at14.44
2015ean Kepa Junkerak bere ibilbidearen inguruan Bilboko Alondegian prestatutako erakusketaren irekiera ekitaldia. Irudian, Agurtzane eta Ion Elustondo, Laja, Epelde, Xabi Solano eta Kepa Junkera. «Ohore bat izan zen hor parte hartzea», kontatu du. «Laja, Epelde, eta zer esanik ez Kepa... erreferenteak izan dira». Bizitzaz hausnartzeko ere balio dio argazkiak: «Denbora gutxian zenbat aldatzen den». Laja 2019. urtean hil zen, eta Junkerak musikaren lehen lerroa utzi zuen urtebete lehenago, osasun arazoengatik. GAIZKA PEÑAFIEL
Jotzeko aukera nahikorik baduzue?

Lan dezente izaten dugu. Baditugu plaza batzuk urtero deitzen gaituztenak, eta berriak ere egokitzen dira. Asteburu askotan tokatzen zaigu jotzea. Baina ama izan nintzenetik dosifikatzea tokatzen zait, orain nire lehentasuna beste bat baita.

Zer ikasketa dituzu?

Enpresa zientziak.

Bokazioz?

Egia esan, ez neukan oso garbi zer ikasi. Enpresa zientzietan hasi nintzen, eta berehala atera zitzaidan lana, Lenbur fundazioan.

Gustura?

Bai, bai. Pandemiaren ostean garai zailak izan dira, baina erronkak politak ere badira.

Zer gustatzen zaizu gehien?

Trikiti elkartearen helburua da trikitia ikertu, babestu, sustatu eta transmititzea, eta Lenburren ere gauza berdintsua gertatzen da: garai bateko bizimodua eta industria ikertu eta babesten dugu. Alde horretatik, antzekotasunak dituzte. Musikak gehiago erakartzen banau ere, Lenburreko lana oso polita da. Gainera, oso jende gutxi gaude, eta denetarik egitea tokatzen da. Lan oso ezberdinak egiten ditugu. Ez dago aspertzeko tarterik. Eduardo Txillidaren jaiotzaren mendeurrena beteko da aurten, eta, artistak Legazpirekin lotura duenez, urte berezia izango da Lenburrentzat. Txillidak ez zituen soilik Legazpin sortu bere lanetako batzuk; Lenbur fundazioa sortzeko ere lan egin zuen. Egun, Luis Txillida semea fundazioko lehendakaria da.

Nolakoa da Legazpiko bizimodua? Nola ikusten duzu herria?

Bizitzeko herri erosoa da. Umeak ginela Patrizio Etxeberria fabrika oso garrantzitsua zen eta Legazpi eraldatu egin zuen. Kanpotik jende asko etorri zen. Apurka-apurka industria hori aldatuz joan da. Egun ez du horrenbesteko indarrik, baina sektore garrantzitsua da. Zerbitzuen adarrak ere gora egin du, eta lehen sektoreari ere eusten zaio. Legazpik oraindik ere badauka baserriarekin lotura.

Nola gogoratzen duzu iraganeko Legazpi? Nolakoa zen haurtzaroko Agurtzane?

Beste edozein ume bezalakoa. Kalean ibiltzen ginen, auzoan, gainerako umeak bezala. Baina asteburuan baserrira joaten ginen, gurasoak baserrikoak dira-eta. Ama, Zumarragakoa, eta aita, Elgoibarkoa. Bi mundutan ibiltzen ginen, kalean eta baserrian.

MOTZEAN

Estimu berezia diozun abesti bat?
Asko ditut. Emozioen arabera, bat edo beste esango nuke.

Jotzeko plaza bat?
Bedaio.

 

Nor gonbidatuko zenuke Legazpira bisita bat egitera?
Legazpiarrak beraiek. Askotan ez dugu ezagutzen etxean bertan duguna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.