Elkarrizketa

Garbiñe Larrea: «Sendabelarrek albo ondorioak izan ditzakete, eta garrantzitsua da horiek ongi ezagutzea»

Garbiñe Larreak ondo baino hobeto ezagutzen du sendabelarren mundua. Ibilbide oparoa egin du naturopata eta iridologo moduan, eta sendabelarrei buruzko hiru liburu idatzi ditu. Dibulgazio lanetan ari da egun.

(ID_14585382) (/EZEZAGUNA) (;)
Garbiñe Larrea naturopata eta iridiologoa, asteartean, Azpeitian. IRAIA OTEIZA
Azpeitia
2025eko urtarrilaren 17a
05:00
Entzun

Zuzenbidea ikasita, abokatua izan zitekeen Garbiñe Larrea (Urnieta, 1976), baina nahiago izan du beste bide bati heldu. Gaixotasun baten ondorioz, sendabelarren munduan murgildu zen, eta 11 urteko ibilbide profesional oparoa egin du. Naturopata eta iridologoa da gaur egun, eta ingurukoak aholku eske aritzean piztutako ardurak bultzatu zuen halako gaietan gehiago trebatzera. Sendabelarren gaineko zenbait lan argitaratu ditu.

Zuzenbide ikasketak egin zenituen, baina naturopata eta iridologoa zara. Zer dela-eta hartu zenuen bide hori?

Askorik pentsatu gabe hasi nintzen Zuzenbidea ikasten. Etxean  iruditu zitzaien ideia ona zela, niri ere bai, eta gustura ikasi nuen. Baina gaixotu egin nintzen, han eta hemen laguntza bila hasi, eta beste bide bat hartu nuen orduan. Konturatzerako, sendabelarren inguruan trebatzen ari nintzen, eta jendeak gai horri buruzko aholkuak eskatzen zizkidan. Ardura handia eman izan dit beti jendeak osasunari buruzko aholkuak eskatzeak, iruditzen baitzait hori ezin duela edozeinek egin. Horregatik, hobeto trebatzeko beharra sentitu nuen. Naturopatia ikasketak ez dira ofizialak hemen, eta borroka handi bat dago sektore horri lotuta, Europako eta munduko hainbat herrialdetan araututa dago eta. Baina nik gutxieneko jakintza batzuk lortu nahi nituen, eta bide horretan trebatzeari ekin nion. Oharkabean, 11 urteko ibilbidea egin dut. 

Aurretik bazenekien zerbait sendabelarren gainean, ala hutsetik hasi zinen ikasten?

Gure amona zenak bazuen sendabelarrei buruzko jakintza hori, eta ukenduak egiten zituen, besteak beste. Gure aitak amonaren bideari jarraitu zion, baina gazterik hil zitzaigun. Ahizpa eta biok konturatu ginen jendea ukendu bila etortzen zela gure etxera, eta aitak aurretik egina ez bazuen guk egin behar genuela. Beraz, ez nintzen hutsetik hasi. Gero, buru-belarri ikasten nenbilela, parekotasun handiak ikusten nituen gure amonak egiten zuenaren eta ikasten ari nintzenaren artean. Zera esaten nuen askotan: «Amonak esaten zuen gauza bera da hau». Gure amonak ez zuen eskolarik, alfabetatu gabea zen, eta begira zenbat zekien. Atentzioa ematen zidan horrek. Orduan konturatu nintzen sendabelarrena herri jakintza boteretsu bat dela eta oraindik transmisio lan handia dagoela egiteko.

Sendabelarrek, izenari begiratuta, sendatzeko balio dute, baina kontrako efektua ere izan al dezakete?

Erabilera okerra izan dezakete, bai. Nik askotan esaten dut nahiago dudala freskagarri bat edan zenbait infusio baino. Zein landare den, nola prestatuta dagoen, zenbat belar duen... Horren arabera asko aldatzen da kontua. Sendabelarrei buruzko liburu asko dauzkat etxean, eta horietan ez da inongo kontraindikaziorik azaltzen, ezta landare bakar batenak ere. Sendabelarrek albo ondorioak izan ditzakete, eta garrantzitsua da horiek ongi ezagutzea; bestela, arriskutsua izan daiteke horiek kontsumitzea. Sare sozialetan sendabelarrei buruz egiten den dibulgazioa ere ez da batere aproposa, pertsonalizatu gabea baita, orokortua, eta interes ekonomikoak egoten dira tartean. Errespetuz begiratu beharreko kontua da, eta, tamalez, gutxik jartzen dute arreta horretan. 

«Sare sozialetan sendabelarrei buruz egiten den dibulgazioa ez da batere aproposa, pertsonalizatu gabea baita, orokortua, eta interes ekonomikoak egoten dira tartean»

Aitona-amonek zuten ezagutzaren aldean, sendabelarrei lotutako ezjakintasun handiagoa al dago gaur egun?

Dena dakigula uste dugu, hala ez bada ere. Informazio asko daukagu, baina irizpideak falta dira. Eta irizpidea edukitzeko, formakuntza behar da. Gaur egun, lehen baino istripu gehiago izaten dira sendabelarrei lotuta. Lehen gehiago begiratzen zieten arriskuei, eta kontuz ibiltzen ziren. Gaur egun jendea ez da kontuz ibiltzen, dena da balekoa. Atzerritik ekartzen den edozein landare kontsumitzeko ohitura ere zabalduta dago, eta pentsatzen da landare batek ezin duela kalterik egin, naturala delako. Hilgarria izan daiteke, eta kontu handiz ibili behar da. 

Zuri zertan lagundu dizu sendabelarren munduan murgildu izanak?

Iruditzen zait interesgarria dela prebentziorako tratamenduak egitea, hau da, gaixotu baino lehenagoko tratamenduak, ez gaixotzeko. Ni ez naiz erabateko tratamenduan bizi, ez zait iruditzen beharrezkoa denik, baina katarroa edo beherakoa izaten ditugunetan, ederra izaten da etxean erremedio naturalen bat eskura izatea. Lortu dudan ezagutzak asko lagundu dit horretan. Baina arlo honek ezjakina naizela ere erakutsi dit, eta ezusteko handiak eman. Lanbide honetan apala izan behar da. 

Batzuk ez dira naturopatiaz fio, eta nahiago izaten dute medikuntza tradizionalera jo. Zer esango zenieke?

Lehenengo eta behin, esango nieke medikuntza tradizionala sendabelarrena dela, eta gero etorri dela bestea, modernoagoa, landareetatik abiatuta pilulak edota tantak sortu dituena. Hortaz, osagarritasunaz hitz egingo nieke. Gizakiak dena beharko du laster, iraganeko hainbat egoera sendatu gabe daudelako, ez dakigulako horiei sendabide bat aurkitzen eta erronka berriak ere baditugulako. Esango nuke osasunari lotutako arazoak ugaritu egin direla. Horregatik, okerra da pentsatzea egoera arlo batekin bakarrik konponduko dugula. Sendabelarrekin edota pilulekin bakarrik ez dugu lortuko. Bien laguntza beharko dugu, eta biek eskutik joan beharko dute, elkarren kontra egin gabe.

(ID_17370104522835) (/EZEZAGUNA)
Garbiñe Larreari kosmetikako kontsumo aukera naturala gustatzen zaio. Irudian, Legardako izpiliku soro batean (Nafarroa). Larrearen hitzetan, argazkian ageri den hori izpiliku soro «on» bat da, «fumigatu gabea, naturala eta Euskal Herrikoa». Argazkia «berezia» dela dio: «Kosmetikako kontsumo aukera naturala erakusten duen irudia da, eta horregatik da berezia niretzat». HITZA
Zure ustez, gaur egungo gizartean errazegi hartzen dira botikak?

Antibiotikoak bai. Horiekiko erresistentzia garatzen ari gara, eta aurreko belaunaldietan baino errazago hartzen ditugu orain. Baina esan behar dut askotan konturatu gabe ere kontsumitzen ditugula. Esaterako, ganadutegi batzuetan antibiotikoak erabiltzen dituzte animaliak gizentzeko, eta horien okela jaten duenak antibiotikoekiko erresistentzia garatzen du. Ondo hazitako ganaduaren okela jan beharko genuke, bertakoa, eta ez edozein haragi, horrek ere eragina baitu gure osasunean. 

Sendabelarrei buruzko hiru liburu idatzi dituzu.

Nik ez neukan buruan liburu bat idaztea, eta are gutxiago hiru. Atzera begiratuta, barregura apur bat ere ematen dit, ez bainuen inoiz pentsatuko idazle izatetik bizi naitekeenik. Maitane Gartziandia izan da horretara bultzatu nautenetako bat. Eman nuen ikastaro batera etorri zen, eta esan zidan liburu bat idatzi beharko nukeela. Ezezko borobila eman nion orduan, baina hark bere lantokian proposatu zuen ideia, eta gustatu egin zitzaien. Artean ez nekien arren, Argia-ko maketatzailea eta ilustratzailea da Gartziandia, eta hark bultzatuta ekin nion idazteari. 

«Naturopatiaz fio ez direnei esango nieke medikuntza tradizionala sendabelarrena dela, eta gero etorri dela bestea, modernoagoa, landareetatik abiatuta pilulak edota tantak sortu dituena»

Neure buruari galdetzen nion ea nik zer irakurriko nukeen gustura, eta falta zen informazio bati buruz idaztea pentsatu nuen. Halaxe osatu ditut Sendabelarrek dakitena, Sendabelar baratzea eta Kosmetikoak sendabelarrekin liburuak. Idazle moduan oso harrera ona izan dut, eta hori izugarria izan da niretzat. 

Orain dibulgazio lanean zabiltza, eta kontsultarik ez duzu egiten.

Iaz utzi nuen kontsultako lana, ez bainintzen denera iristen. Iruditzen zait behar bezala lan egiteko eta ikertzen jarraitzeko erabaki ona hartu dudala, tartea behar baita horretarako. Kalitatez eta mimoz lan egin nahi dut, ez presaka.

Baduzu proiekturik esku artean?

Aurreneko liburua idatzi eta lehendabiziko hitzaldia eman nuenean, emakume bat oso haserre etorri zen niregana, esanez liburuan ez zela ageri berak asko erabiltzen zuen sendabelar bat. 45 landare aukeratu behar izan nituen liburuan txertatzeko, eta ez nuen beste askori buruzko informaziorik eman. Emakume hura bezalaxe, beste asko etorri zaizkit gauza bera esatera. Uste dut Sendabelarrek dakitena liburuak bigarren zatia izan behar duela, jendeak egindako proposamenekin eta nik ditudan beste batzuekin osatuta. Gainerakoan, ikusiko dugu zer etortzen zaidan. Uste dut beste ate batzuk irekiko zaizkidala.

MOTZEAN

Zuretzat berezia den sendabelar bat? Plantaina aukeratuko nuke, guk uste baino gauza gehiago egiteko aukera ematen digun landare bat delako. Uste dut landare hau beharrezkoa izan dezakegula etorkizunean izan ditzakegun erronketan. 

Sendabelarrei lotuta emango zenukeen aholku bat? Zer hartzen dugun, zenbat, noiz eta zertarako jakin dezagula, batetik, eta modei ez jarraitzeko, bestetik, horrek kalte oso handia egin baitezake. 

Gustuko duzun kolore bat? Turkesa, berdearen eta urdinaren arteko kolorea delako. Konturatu naiz salbuespenak gustatzen zaizkidala asko, tarteko gauzak, eta kolorearekin ere gauza bera gertatzen zait.

Naturopata, iridologoa eta idazlea ez bazina? Ikerlaria izatea gustatuko litzaidake. Atsegin dut mundu hori. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.