Elkarrizketa

Iñigo Asensio Valverde: «Selekziorik gabeko nazio bateko kirolarien berri ematen duen talde bat gara»

Sekula baino euskal kirolari gehiago izango dira Parisko Olinpiar Jokoetan, eta han izango da Iñigo Asensio kazetari tolosarra, Basque Team fundazioko berriemailea.

(ID_14087992) (/EZEZAGUNA) img_7112
Iñigo Asensio, uztailaren 18an, Tolosako Euskal Herria plazan. JOSU ARTUTXA
Tolosa
2024ko uztailaren 26a
04:00
Entzun

Londresko Paralinpiar Jokoetan hasi zen Iñigo Asensio Valverderen (Tolosa,1985) Olinpiar Jokoetako kazetari ibilbidea, 2012an: Richard Oribe igerilariaren dokumental bat grabatzen aritu zen hamabost egunez. Aurtengoa, bosgarren aldia izango du Olinpiar Jokoetako kazetari akreditatu modura, Basque Team fundazioarekin. Jokoak gaur hasi eta abuztuaren 11ra bitartean jokatuko dira, Parisen. 2016ko Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan eta 2018ko Pyeongchango Neguko Olinpiar Jokoetan eta 2021eko Tokioko Olinpiar eta Paralinpiarretan ere aritu zen. Frantziako hiriburuan, gainera, Paralinpiarretan ere arituko da Asensio, abuztuaren 28tik irailaren 8ra. «Pribilegiatua» sentitzen da horregatik, kazetari «gutxik» izan dutelako bi Jokoetan aritzeko aukera.

Nolako oroitzapenak dituzu aurreko Olinpiar Jokoetatik?

Oroitzapen oso gozoak ditut orain buruan, baina, akaso, momentuan ez nituen hala bizi izan. Londreskoak emozionalki oso politak izan ziren. Richard Oriberen azken Jokoak izan ziren, eta gogoan dut aurrekontu oso txikiarekin abiatu genuela hari buruzko dokumentalaren ekoizpena. Olinpiar Joko haietan, gainera, brontzezko domina irabazi zuen Maialen Chorrautek, eta orduan hasi zen haren legenda.

Londreskoak izan ziren berezienak zuretzat?

Rio de Janeirokoak izan dira, ziurrenik, berezienak: kazetari kreditatu modura joan nintzen lehenak izan zirelako, Latinoamerikarekin beti izan dudalako harremana, eta kulturalki eroso sentitzen nintzelako. Joko oso abegitsuak izan ziren, antolakuntza gabeziak oso ondo ordezkatu baitzituzten borondatearekin.

Eta Tokiokoak?

Tokiokoak oso bestelakoak izan ziren, petralak. Egia da pandemia betean geundela, baina, horrez gain, erabat gainezka egin zuen antolakuntza baten Jokoak izan ziren. Egunero egiten genituen testak, eta,, gurekin batera, hoteleko igogailuan, txertoa hartu gabeko eta maskararik erabiltzen ez zuten japoniarrak ibiltzen ziren. Etengabeko inprobisazio bat izan zen urte hura, eta sekulako eromena izan zen egoera hartan lan egitea. Horrek mito batzuk erausten lagundu zuen, badirudielako Japoniako kulturari eta gizarteari gorazarre egiten diogula distantziatik. Gauza bakarra nabarmenduko nuke: turistarik gabeko Japonia bisitatzeko aukera izan genuen, eta hori pribilegio handia izan zen.

Jokoetan zein da zure egitekoa?

Euskal kirolarien emaitzen berri ematea. Inprobisazio handia eskatzen duen lana da, inoiz ez baitugu jakiten kirolariek zer errendimendu izango duten. Batzuetan, sakabanatu egiten gara lankideak, gune gehiagotara iristeko, eta, azkenean, lauzpabost tokitan egon gaitezke egun batean. Aurtengoak, inoizko euskal kirolari gehien arituko diren Jokoak izango dira, eta, bestalde, geografikoki distantzia luzea izango da kirol eremu batzuen artean. Esaterako, surfa Teahupo’on [Polinesia Frantsesa] egingo dute, eta futbola, Paristik oso urrun. Parisen bertan ere, zenbait eremu elkarren oso urrun daude: bi ordu inguruko desplazamendu bat oso ohikoa bihur daiteke. Aurten, baina, olinpiar hirian egoteko aukera izango dugu, Tokion ez bezala. Normalean, hori izaten da kirolariekin lasai samar egoteko eta elkarrizketak egiteko aukera bakarra.

«Inprobisazio handia eskatzen duen lana da nirea, inoiz ez baitugu jakiten kirolariek zer errendimendu izango duten»

ETBko albistegietarako konexioak egiten dituzue.

Bai, eta azken aldiekin alderatuta, oso desberdina izango da. Azken bi Jokoetan, lehia hasi baino zazpi edo zortzi ordu lehenago eta beranduago aritu ginen lanean, eta horrek malgutasun handia ematen du. Gogoan dut, kasualitatez, Maialen Chorrauten Rioko urrezko domina zuzenean kontatu ahal izan genuela, gaueko albistegian. Aurten, ordea, albistegien menpe egongo gara ia etengabe; exijentzia maila handia izango da, eta horrek estresa ere eragin dezake.

Zer da Olinpiar Jokoetako lanetik gehien gustatzen zaizuna?

Lorian eta porrotean, kirolarien bizitzako unerik esanguratsuenetako batzuetan egoteko aukera izaten dut. Azken bi Jokoetan, dominak lortu zituztenekin egoteaz gain, emaitza kaskarrekin burumakur eta norbaitekin hitz egin beharrean zeuden kirolariekin egotea egokitu izan zait. Aurten, behintzat, aukera handiagoa izango dute senideek eta lagunak inguruan izateko.

Eta zer gustatzen zaizu gutxien?

Lan egiteko kirol ekitaldi oso konplexua dela. Urteak daramatzat kirolari askorekin lanean, txapelketa desberdinak tarteko, eta, bat-batean, lan egiteko modu hori erabat aldatzen da. Olinpiar Jokoetan muga handiagoa ezartzen digute kazetarioi. Kirolari batzuekin hitz egitea ezinezkoa izaten da, eta, kasu horietan, sormen handia behar izaten da. Gu, gainera, selekziorik gabeko nazio bateko kirolarien berri ematen duen talde txiki bat gara. Lehen egunak oso zailak izaten dira; ezinezkoa izango dela iruditzen zaizu, baina, gero, pixkanaka, ostarteak zabaltzen hasten dira. Esperientziak ere asko laguntzen du egoera bakoitzera moldatzen eta frustrazioa kudeatzen. Arnasa oso luzeko lana da.

(ID_14087993) (/EZEZAGUNA) euskal_kirolari_olinpiarra
Basque Team fundazioak, Kontrol Z ekoizpen etxearekin elkarlanean, BAT to London 2012 telebista saioa sortu zuen 2012ko Olinpiar Jokoetarako. Euskal kirolari olinpiarrak eta paralinpiarrak izan ziren protagonista, eta Iñigo Asensiok haien berri eman zuen, 2011ko uztailetik hasita, Jokoak hasi baino urtebete lehenago. Irudian, Asensio, 2011ko uztailean, Londresen. BASQUE TEAM
Lana egiteaz gain, baduzue Paris bisitatzeko asmorik?

Berez, ez dugu hiriak bisitatzeko aukerarik izaten. Tokion, adibidez, Paralinpiar Jokoetarako beste berrogeialdi bat egin behar ez izateko, han bertan geratzea erabaki genuen, eta aukera aprobetxatu genuen. Aurten, Parisen izango direnez, egunero etxera itzuliko gara, distantziak direla-eta lo egiteko denbora gutxi izango baitugu. Dena den, kirol proba asko gune turistikoetatik gertu izango dira.

Olinpiar Jokoen bueltan, gatazka politiko eta sozialek indar handia hartzen dute. Nola aurreikusten dituzu Pariskoak?

Brasilen izan ginenean, oso handia zen gatazka. Eskuin muturraren lehen mugimenduak gertatzen ari ziren Bolsonarorekin, eta herrialdea erabat aztoratuta zegoen. Brasilgo egungo lehendakari Luiz Inacio da Silva kartzelan zegoen, haren aurkako eraso instituzionala gertatu berri zelako. Horrez gain, Rion favela ugari eraitsi zituzten kirol instalazioak egiteko, eta etxerik gabe utzi zituzten familia asko. Pyeongchangen ere bazen gatazka, eta lehen aldiz Ipar Koreako eta Hego Koreako ordezkari politikoak elkartu ziren bertan. Tokion ere, akaso, egongo zen, baina pandemiak dena estali zuen.

Parisen, berriz, gatazka asko elkartuko direla uste dut. Ez da egoera lasaian iritsi. Frantziako azken hauteskundeek geldiarazi egin dute eskuin muturraren gorakada, baina klase gatazka handia dago Parisen. Eraso terroristak direla eta, etengabeko alerta egoeran egongo da, eta Poliziaren presentzia ikaragarria izango da. Olinpiar Jokoetan zerbait larria gertatzeko arriskua, askotan, ekitaldiak berak eragindako segurtasun estresagatik sortzen da. Lanerako ere polizia tentsioa sentituko dugu, ezingo garelako edozein tokitan egon.

Sena ibaian izango da irekiera ekitaldia, gaur. Azken asteetan Senako kutsadura hizpide izan da.

Osasun publikoaren ikuspegitik, badirudi igeri egiteko ez dela egokia. Kutsatuta egon arren, ziurrenik interes handia egongo da ibai horretan ekitaldiak egiteko.

«Lorian eta porrotean, kirolarien bizitzako unerik esanguratsuenetako batzuetan egoteko aukera izaten dut»

2021ean zera esan zenuen: «Ziur oso frantsesak izango direla Parisko Olinpiar Jokoak». Irudipen hori duzu orain ere?

Bai, baina edozein herrialdetan gertatzen da hori. Berriro Europan ospatuko diren Jokoak izango direnez, harrotasun handia dagoela sumatzen dut. Asko izango dute xobinimostik eta kolonialismotik. Surfa egin zitekeen Hossegorren, baina Teahupo’on egingo dute, erakusteko lur hori konkistatu egin zutela eta munduko olaturik onenetako bat eurena dela. Eta botere erakustaldi hori, Frantziaren DNAaren parte da, herrialde konkistatzaile bat delako. 

Kirol modalitateetan aldaketak izaten dira. Zer iritzi duzu?

Ezin uka daiteke olinpiar izpirituak ez duela gizartearen joera kapitalistaren alde egiten. Azken urteetan, eraldaketa bat izan da. Burgesiaren kirol izan ziren haiek, gaur egun espazio urbanoetan kokatu dituzte, eta, ondorioz, Olinpiar Jokoetan aritzea irisgarriagoa da klase sozial baxuko kirolarientzat, nahiz eta hori guztia joera kapitalistari esker gertatu den. Olinpiar Jokoak negozio bat dira, eta aldaketa horiek erakargarritasunari eta telebista kuotei begira egiten dira, batez ere, ikusleak gaztetzeko helburuarekin. Horren adibide da, esaterako, skate modalitatean Naia Laso euskal kirolaren historiako parte hartzailerik gazteena izango dela, 14 urterekin.

Surfa Tokion sartu zuten kirol olinpiko gisa, eta aurten lau euskal kirolarik parte hartuko dute.

Bai, eta laurak oso onak dira. Nadia Erostarbe, esaterako, maila oso onean helduko da.

Basque Teameko zenbat kirolari izango dira Parisen, eta zer helburu izango dituzte?

41 kirolari izango dira. Maila oneko kirolari asko ditugu, baina dominen borrokan aritzeko aukera gutxi dituztela iruditzen zait. Akaso, aukerarik handiena Maialen Chorrautek izango du. Bestetik, Jon Rahm, Naia Laso, Salma Solaun edo Nadia Erostarbe aipa daitezke. Ez da erraza euskal kirolari baten urrezko dominarekin amestea. Telebistaz ikusten dugunean, ez gara konturatzen nolako maila dagoen kiroletan.

MOTZEAN

  • Olinpiar Jokoetako zein kirol praktikatuko zenuke? Eslalomeko kayak.

  • Nork txunditu zaitu gehien? Richard Oribek eta Rakel Mateok hunkitu ninduten gehien, eta Maialen Chorrautekin ikaragarri gozatu izan dut.

  • Zer kirol kenduko zenuke, eta zein sartu? Ez daukat garbi historiak eta tradizioak edo interes ekonomikoak agindu behar duen.

  • Baduzu Parisen probaren bat ikusteko gogoa? Ez naiz batere mitomanoa. Ez daukat 100 metroko finala ikusteko inolako beharrik.

  • Noren urrezko dominaren berri eman nahiko zenuke? Inork espero ez duen euskal kirolari batena.

  • Eta noren dokumentala egitea gustatuko litzaizuke? Imanol Rojo eskiatzaile tolosarrarena edo John Cabang atleta irurarrarena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.