Sei urte dira Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua astelehenero mobilizatzen hasi zenetik. «Pentsio duinak» galdegiten dituzte. «Bizitzak erdigunean jar daitezela eskatzen dugu», dio Maite Aristegi mugimenduko kideak. «Espainiako Gobernuari eta talde politikoei eskatzen diegu Kongresuko tramitazioa aprobetxa dezatela, 2023an ezkontidea ardurapean ez duen pentsiodunaren gutxieneko pentsioa hilean 1.080 eurotan ezartzeko, hamalau ordainsaritan». Mugimenduaren arabera, erreformaren ondorioz, gutxienez 743 euroko pentsioa jasoko du aurten baldintza horiek betetzen dituen pentsiodun batek, eta, urte hasieran martxan jarri zen erreformaren bitartez, 873 eurora igoko da 2027rako. Mugimenduak esan du igoera badagoela, baina «1.080 eurotik urrun» geratzen dela.
Aristegiren esanetan, «asko eta asko» ez dira iristen oinarrizko pentsioa kobratzera: «Kontuan izan behar da 200.000 pertsona baino gehiago direla, eta, gehienak, emakumeak, 1.080 euro baino gutxiago kobratzen dutenak». Argi du, beraz, «lehenbailehen» aldatu beharreko kontua dela. «Gaur egun, handiagoa izan beharko litzateke oinarrizko pentsioa, baina ezin bada hori baino gehiago lortu, hemengo administrazioek 1.080 euroko pentsioa ordaindu beharko lukete, gutxienez».
Erretiroa, 65 urterekin
Eskaera nagusi hortaz gain, Aristegik azaldu du beste arrazoi batzuk ere badituzte astelehenero kaleak hartzeko. Horien artean dago azken erreformek ekarritako «murrizketak» indargabetzea; horien artean, erretiroaren adina 65 urtera itzultzea eta ez 67 urtera heltzea 2027an.
Gainera, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak nahi du pentsioa kalkulatzeko kontuan hartzen diren kotizazio urteak berriro hamabost izatea, 2011n zen bezala. Gaur egun, 25 urte dira, baina erreformarekin bi aukera izango dira hurrengo urteetan: 25 urteei eustea edo azken 29 urteetatik 27 onenak aukeratzea.
Horren alde borrokatzeko, mobilizatzeaz gain, hamaika ekintza egin dituzte orain dela sei urtetik. Abian jarri duten Bertsopentsiotan bertso jarrien lehiaketak ere horretarako balio dezala nahi dutela dio Aristegik: «Denok daukagu gai honen gainean zer esana, eta, oraingoan, bertsoa baliatu dugu horretarako».